Kalean daude Karlos Linazasororen eta Irati Goikoetxearen liburu berriak

Elkar argitaletxea hasia da udaberriko berritasunak aurkezten: Karlos Linazasororen Esaten dugun argia eta Irati Goikoetxearen Herriak ez du barkatuko argitaratu zituzten pasa den astean.

 

Udaberriko lehen printzekin batera iritsi dira lehen nobedadeak. Besteak beste, Elkar argitaletxeak, zenbait liburu ekarri ditu azken asteotan: Joxean Agirreren Distira eta alderantzia, hemen aipatu genizuena, eta Karlos Linazasororen eta Irati Goikoetxearen lan berriak. Azken bi horiek apur bat xeheago aipatzeko tartea hartuko dugu jarraian.


Bizitzaren aldarria

Karlos Linazasoro (Tolosa, 1962), autore emankorra dugu, lan mordoxka bat argitaratu baitu hainbat generotan: aforismoak, poesia, ipuin laburrak… Hain zuzen ere, motzean eroso dagoela erakusten du bere obrak, eta oraingoan poema-liburu bat ondu du, Esaten dugun argia, hainbat poesia-molde baliatuz, besteak beste, haikuak eta sonetoak.

Argitalpenaren harira, Elkarreko editore Xabier Mendigurenek esan du ezen «Dr Jeckyll eta Mr Hyde moduko bat» dela Linazasororen literatura: «Oraingoan alderdi argitsua nagusituko da». Izan ere, argitaletxeko oharraren arabera, poema liburu honek «bizitzaren ospakuntza» bat dakar, «maitasunez eta argitasunez» betea.

Amu gisa, behean entzun dezakezue Linazasororen poemetako bat, autorearen ahotsean:


Minaz hitz egiteko ahalegina eta proposamena

Bestalde, orain bi urte Igartza saria eskuratu zuen Irati Goikoetxeak (Beasain, 1984), eta bere lehenengo eleberria kaleratu du horri esker: Herriak ez du barkatuko. Egileak azaldu duenez, «terrorismoak, indarkeriak eta giza eskubideen urraketak» sorturiko mina ikusgarri egiteko «ahalegin bat» eta hartaz hitz egiteko «proposamen bat» da liburua.

Eleberriaren abiapuntua eta ardatza, hain zuzen ere, hauxe da: «ETAk aita hil zion Oihanari duela hogeita bi urte, berak hemeretzi zeuzkala. Zauria bizirik du oraindik, baina ez du horretaz inorekin hitz egiten; bere seme-alabei ere ez die ezer argirik kontatu, nahiz eta barruan sumatu on egingo liekeela denei. Ezustean, biktima ezberdinen lekukotasunak jasotzen dabilen antropologo baten deia jasoko du, ea berarekin bildu nahi duen».

Goikoetxearen hitzetan, abiapuntu horren hari-solteei tiraka egiten du aurrera narrazioak: «abandonua», «indiferentzia», «beldurra», «memoria», protagonistaren lanketa izango baita hari horiek lantzea, ez daitezen korapilatu.

Goikoetxeak, aurretik, narrazio-bilduma bat kaleratu zuen, Andraizea (Erein, 2014). Hemen irakur dezakezue garaian egin genion elkarrizketa.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.