Ipuinak eta eleberri motzak idazteko 5 diru-laguntza emango ditu Eusko Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzak iragarri du 8.000 euroko 5 diru-laguntza emango dituela ipuinak eta eleberri motzak sortzeko. Proiektuak aurkezteko azken eguna: apirilak 6. Jarraian bildu ditugu deialdiari buruzko xehetasunak.

 

writing

Eusko Jaurlaritzak, aurreko urteetan abiatutako bideari jarraituz, 8.000 euroko 5 diru-laguntza emango dituela ipuinak eta eleberri motzak sortzeko (euskaraz). Deialdiak zehazten duenez, diru-laguntzek «gutxienez 100.000 karaktereko euskarazko literatura-testuen –ipuin nahiz nobela motzak– sorkuntza sustatzeko» helburua dute.

Eskabidea

Eskabidearen tramitazioa modu elektronikoan zein aurrez aurre egin daiteke, orrialde honetan azaltzen denez. Eskabidearekin batera bi motako dokumentuak aurkeztu behar dira:

a) Ondorengo agiri hauen ale bat:

- Idazlearen ibilbidea.

- Proposamenaren laburpen-fitxa, euskadi.eus webgunean ezarritako ereduaren arabera.

b) Ale anonimo bat, a) apartatuko dokumentuez gain, proiektuaren izenburua baino adierazten ez duena. Horren edukian ez da jaso behar idazlearen inolako erreferentziarik. Erreferentziarik badago, deialditik kanpo geldituko da proiektua. Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

- Idatzi beharreko testuaren lagina, gutxienez 5.000 karakterekoa.

- Azalpen-memoria. Argumentuaren sinopsia, testuaren egitura, proiektuaren interesa eta horri eman nahi zaion izaera zehaztu beharko dira. Gehienez ere, 5 orri, esaldien artean tarte bikoitza utzita.

- Bukaerako testua sustatzeko plana, argitaratzeari begira: itzulpena, hedapena, booktrailerra eta beste ekintza batzuk.

Laguntzen zenbatekoak eta mugak

Esan bezala, 8.000 euroko bost diru-laguntza emango dira; nolanahi ere, diruz lagunduko diren proiektuetatik behintzat bik 30 urtetik beherako pertsonek idatzitakoak izan beharko dute, eta behintzat bik emakumeek idatzitakoak. Adinaren baldintza frogatzeko kontuan izan beharreko data eskabideak aurkezteko epearen azken eguna izango da.

Esleipenari dagozkion irizpideak

Diru-laguntzak esleitzeko garaian, Balorazio Batzordeak irizpide hauek aplikatuko ditu –bi balorazio-fase egongo dira–:

1.– Lehenengo balorazio-fasea: proiektuaren balorazioa.

a) Aurkeztutako testuaren idazketa-kalitatea. Guztizko puntuazioaren % 40.

b) Aurkeztutako proiektuaren interesa; proposatutako gaiaren interesa eta gaia tratatzeko modua baloratuko dira nagusiki. Guztizko puntuazioaren % 20.

c) Proiektuak argitaratutako liburu bilakatzeko dituen aukerak, bai proiektuaren ezaugarriak direla eta, bai populazioaren artean sor dezakeen interesa dela eta; baita testua nola sustatuko den ere. Guztizko puntuazioaren % 15.

d) Genero-ikuspegiaren txertaketa. Guztizko puntuazioaren % 10.

2.– Bigarren balorazio-fasea:

– Idazlearen ibilbidea. Guztizko puntuazioaren % 15.

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.