Annie Ernaux eta Jean Echenoz euskaraz

Udaberriko nobedadeen artean, bi itzulpen iritsi berri zaizkigu esku artera: Annie Ernauxen Emakume bat (Txalaparta), eta Jean Echenozen Tximistak (Meettok).

Pixkanaka ari dira iristen udaberriko nobedadeak. Orain arte euskaraz sortutako tituluen berri eman dizuegu batik bat, hona hemen euskarari ekarritako bi liburu berri ere:
EMAKUME BAT


Annie Ernauxen Emakume bat eleberria kaleratu du Txalaparta argitaletxeak, Itziar de Blas Fernandez de Gamarraren lanari esker irakurri dezakegu euskaraz.
Edukiari buruz
Gorputza eta memoria apurka-apurka hustu dizkion gaixotasun luze baten ostean, Annie Ernauxen ama zahar-etxe batean hil da. Herio hurrenean, idazleak amaren bizitzaren ispilu hautsiaren puskak batzen eta osatzen saiatuko da, eta ariketa literario horrek amarekiko anbibalentzia sentimenduak sortuko dizkio: maitasuna, gorrotoa, errukia, tristezia, ulertu ezina… Hala, bada, alabaren kontakizun gordinean, bi emakumeen historia pertsonalek talka egiten dute eta, aldi berean, gainjartzen dira.
Egileari buruz
Annie Ernaux (Lillebonne, 1940) frantziar idazle ezaguna da. Normandian jaio eta hazi zen eta, geroago, letra modernoetan lizentziatu zen. Idazle gisa, fikzioa baztertu eta autobiografiari ekin zion: haren familiaren gizarte igoera kontatu zuen (La place, La honte), gaztaroa (Ce qu’ ils disent ou rien), ezkontza (La femme gelée), abortua (L’ événement), amaren alzheimerra (Je ne suis pas sortie de ma nuit), bere heriotza (Unne femme), eta abar. Ibilbide literario oparo eta bitxi honek 1984an Renaudot saria ekarri zion eta, halaber, nazioarteko ospea eta ezagutza.
Euskaraz hiru lan irakurri ahal izan dizkiogu lehenago Igelak argitaraturik: Pasio hutsa (2002), Lekua (2003) eta Gertakizuna (2003), hiruak Joseba Urteagaren eskutik.

Informazio gehiago:
Euskarari ekarriak
Wikipedia

Tximistak

Jean Echenoz-en Tximistak nobela kaleratu du Meettok argitaletxeak, Gerardo Markuletak euskaraturik. Lan honetan Echenozek Nikola Tesla-ren bizitza hartu du oinarri nobela osatzeko, Lasterkan Emil Zatopek eta Ravelen Maurice Ravel oinarri hartu zituen bezala. Markuletak berak euskaratu du trilogia osoa.

Edukiari buruz
Geroko mendeetan baliagarri izango den guztia asmatu du Gregorrek. Zoritxarrez, ez da hain abila bere negozioak zaintzerakoan: zientziak axola gehiago dio etekinak baino. Beste batzuek, izaera-bereizgarri horri onura atereaz, dena lapurtu nahi diote. Atsegin hartzeko eta lanerako, ez zaizkio geratuko tximisten laguntza eta txorien antzerkia baino.
Eskrupulu biografikorik gabeko fikzioa izanik ere, eleberri honek Nikola Tesla (1856-1943) ingeniariaren patua erabiltzen du, bai eta haren gainean idatzitako kontakizunak ere.
Egileari buruz
Jean Echenoz 1947an jaio zen, Frantziako Orange (Vaucluse) hirian. Sendagile baten seme, Soziologia ikasi zuen Aix-en-Provence-n. Zazpi urte zituela, Alfred Jarryren Ubu errege irakurri zuen eta, askoren ustez, handik datorkio isekarako joera.
Lehen eleberria, Le meridien de Grenwich, 32 urterekin argitaratu zuen. 60ko hamarkadaren amaiera zen, eta gainbehera zetorren esperimentalismoa. Echenoz -Raymond Roussel eta Gustave Flauberten irakurle- bere estiloa zehaztuz eta bere mundua eraikiz joan da, garaiko eleberrian nagusi ziren hainbat konbentzio bazter utzirik.
1983an “Médicis” saria jaso zuen Cherokee eleberriagatik. 1988an, Parisko Liburu Aretoan, “Gutenberg” saria eman zioten, Frantziako letren promesa nagusitzat joaz. Lac nobela “European Literary Prize” izan zen 1999an. Je m’en vais lanarekin, 1999ko “Goncourt saria” eskuratu, eta milioi eta erdi irakurle izan zituen urte betean. Azken aldian, “bizitza alegiazkoen” trilogia bat osatu du: Ravel (2006), Lasterka (2008) eta Tximistak (2010) hauxe.

Informazio gehiago
Gerardo Markuletari elkarrizketa ‘Lasterka’ren harira

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>