Martxoaren 22tik 26ra, Poesialdia egingo dute Donostian

Martxoaren 21ean ospatzen da Poesiaren Nazioarteko Eguna: efemeridea aprobetxatuta, Poesialdia antolatu du Donostia Kultura, eta hainbat ekitaldi egingo dituzte martxoaren 22tik 26ra bitartean.

 

0_poesialdia_baner-1

Martxoaren 21ean, udaberriaren etorrera ez ezik, Poesiaren Eguna ospatzen da nazioartean. Hori dela-eta, Poesialdia antolatu du Donostia Kulturak, eta literatur genero horrekin loturiko hainbat ekitaldi egingo dira hirian. Albiste honetan euskarazko ekitaldien berri emango dugu.


 

Martxoak 22. Itxaro Borda: Hitzen abaroan

Solasaldi honetan, Itxaro Borda bere ibilbide, obra eta poetikaren gako nagusien inguruan arituko daIratxe Retolazaren eskutik. Ekitaldia amaitzeko, zenbait poema irakurriko ditu.

Ekitaldira joan nahi duenak gonbidapena eskatu behar du: izena eman behar da, aldez aurretik, amarakulturetxea@donostia.eus e-postara idatziz. Martxoaren 15etik aurrera eman daiteke izena.

Saioa Ernest Lluch kultur etxean izango da, 19etan.


 

Martxoak 23. Ulu, ala, ele, Abere ba

Palindromoen simetria grafikoa eta hotsezkoarekin jolastu eta hitzen topaketa zorizkotik esanahiaren gailentzea zalantzan jarriko duen saioa. Musika, hitza eta irudia, aurreraka eta atzeraka. Ulu ala ele.

Eszenatokian: Bigara, Amorante eta Okene Abrego egongo dira.

Martxoaren 23ko aforoa beteta dago eta bigarren emanaldi bat egingo da hilaren 26an, ostiralarekin.

Martxoaren 26ko ekitaldirako sarrera gonbidapen bitartez da; lortzeko aldez aurretik eman behar da izena donostiakoliburutegiak@donostia.eus e-postara idatziz.

Bi saioak Viktoria Eugenia Klubean izango dira, 19etan.

Hemen irakur dezakezue Bigarakoei abere ba liburuaren harira egin genien elkarrizketa: «Hizkuntzarekin libreki jolastu nahi genuen, muga asko jarri gabe».


Martxoak 25. IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren sari banaketa

Poesia lehiaketa hau Donostia Kulturaketa Balea Zuria argitaletxeak antolatzen dute elkarlanean, euskarazko poesia zabaldu eta 35 urte bete gabe dituzten idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz.

Poesia lehiaketa honen sari ekonomikoa 1000 € dira; horretaz gain Imanol Larrinagaren margolan bat oparituko zaio irabazleari, eta Balea Zuria argitaletxeak saritutako idazlana argitaratuko dio. Azkenik, irabazleak bere poemak errezitatzeko aukera izango du ekainean, Poesia eta Pentsamendua jaialdian.

Ekitaldirako sarrera gonbidapen bitartez da; lortzeko aldez aurretik eman behar da izena donostiakoliburutegiak@donostia.eus e-postaren bidez. Laguntzailea: Balea Zuria argitaletxea.

Sari-banaketa Donostia Liburutegi Nagusian izango da, goizeko 11tan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.