DENDAOSTEKOAK – UXUE ALBERDI

Nabokov

“Gure denda troteroa da, ez da fina, hemen gauzak mugitu egiten dira, funtzionala da, ez da dotorea, ordena bat dago mugimenduan, ez da denda espezializatua, zerbitzu zabala ematen dugu, badakigu zer saltzen dugun, badago oreka suerte bat. Ez gara liburuzale erudituak, hain gutxi melómano aditual. Alaiak gara ia beti.”

 

Dendaostekoak – Uxue Alberdi

  

Benetan interesgarria Uxue Alberdik Dendaostekoak eleberrian proposatzen digun errealitateari eusteko ikuspuntua, baita literaturan bertan dexente jorratua ere. Esan dezagun Fernando Pessoak ezin politoagorik nabarmendu zuen abiapuntua bere egin duela Alberdik: “Da minha aldeia vejo quanto da terra se poder do Universo/por esso a minha aldeia é tâo grande como outra terra qualquer/porque eu sou do tamanho do que vejo/nâo do tamanho da minha altura…” Edo bestela esanda, Pitxintxuko dendaostetik Elgoibarrera -EHko edozein beste herritarakoa bezala, hain zuzen-, Elgoibarretik Euskal Herrira eta bertatik, noski, mundura. Anartean bi emakumezkoen, Marijo eta Izazkunen, elkarrizkerta euren iraganera begira, hau da, dendatik bizi edo ezagutu zituzten hainbat eta hainbat gauzatara;  mota askotako grebak, etengabeko manifestazioak, ETAk euren herriko Jaime Arrese eta Patxi Zabaleta garbitu zituenekoa, ikastolen inguruko hika-mikak publikoak bihurtzeko egitasmoaren kontura, presoen aldeko diru-bilketak, drogaren eragin zitala herriko zenbait gazterengan…, eta honekin batera, jakina, beste hainbat kontu Elgoibarreko bizitzarekin oso elkarlotuak, hau da, izen-abizenekin edo, behinik behin, bertakoek erraz, arin, zehatz ezagutu zein goragoratzekoak; esaterako, bere buruaz beste egin zuen HBko militantearena Supremora deklaratzera joan baino egun bat lehenago. Hau guztiau alde batetik, hau da, gure bi protagonisten inguruan, dendaostetik at, bizi zen egoera sozio-historikopolitikoaren berri edo islada kronologikoki behar bezala kokatze aldera.

 

Oso gogorra izan zen: ingurukoen mina, amorrua, isiltasuna… Hilketa haien ondoren jarraitu zuten mobilizazioek, ETAren aldekoek zein kontrakoek. Gure semak “gora, behera, izarra¡” abesten zuen manifestariak imitatuz. Greba orokorrak zeudenean erabakiak hartu behar ziren, denda itxi ala ez itxi, guk bagenekien itxiz gero nork hartuko zuen min, itxi ezean nor haserretuko zen, zer eginez gero nola sailkatuko gintuzten…

Bestetik, aldiz, bi emazkumezkoon egunerokoa, eta batik bat dendak nola edo hala eskaintzen dien libertatearen nondik norakoak, dela nolabaiteko independentzia ekonomikoa euren garaiko gainerako emakumezko gehienen aldean, dela dendan beste hainbat gauzerekin batera salgai dauden diska zein liburukoen ingurukoekikoa, hau da, kulturarekiko grina zein eragina Elgoibar bezalako herri batean, hots, euren inguruko zein belaunaldiko ohitura, aurreiritzi, konplexu edota bestelako kate gehienei aurre egiteko aukera paregabakoa. Marijo eta Izaskunen oroitzapenetatik bereiz jartzea merezien duena, txit adierazgarria delako orduko eta menturaz gaurko ere emakumezkoen beharrizan eskasez etxean zein kalean, bi emakumezko hauen etengabeko zein ia ustekabeko ahalduntze ezinbestekoa garaiko giro politiko-kulturala zein dendaren kudeaketaren nondik norakoen ondorioz.

“Horrek esan nahi du etxean bezala norbait umeen kargu egiteko prest. Dendarien elkartek ordura arteko familia logika alboraty eta herri logikan antolatzea zekarren. Pentsa zapatategiko Milarengan, adibidez: dendan jaio zen, familiako negozioan bertan sortu zen mondura, eta han igaro du bizitza osoa. Haren ama Paulik hil artean egin zuen lan dendan. Aintzane Garate ere berdin: haren amona-aitonek ireki zuten jostundegia, sastreak ziren, Genaro Garate eta Antonia Goiartzun; gero aitak jarratiu zuen, Niceto Garatek; dena egiten zuten dendan, baita arrosarioa errezatu ere arratsaldeko 19:00etan, oso elizkoiak ziren. Haren bi alabek jarraitzen dute orain jostundegia jantzi denda bihurtuta, Aintzanek eta Miriamek- Familia negozioaren logikak indar handia izan du eta eraiki ditu bizibideak, portaerak, kateak.

Honaino helduta ageri da denda txiki zein dendariei egindako omenaldi moduko kontakizun baten aurrean gaudela. Honaino helduta ere ni naizen irakurlea hunkitu beharrean dago nobelan kaleko komertzioaren kontura kontatzen den gehienarekin, ni neu ere antzerako negozio xume baten jabeak ziren gurasoen semea naizelako, familiako negozioan bertan hazi eta hein batean ere hezitakoa gure etxearen zati handi bat zen aldetik, eta koskortutakoan ere halako zereginetan, etxean zein kanpoan, jardutakoa. Horrenbestez, Dendaostekoaken kontatzen den asko eta asko ezagunegia, gertukoegia, egiten zait, batez ere Marijo eta Izaskunen dendaren kudeaketaren gorabeherek gure familiarenak ere akordura ekarri dizkidatelako behingoan, baita garaiko egoera soziopolitiko bihurrikoarekin elkarlotutako zenbait pasadizo edo kezka ere. Hortaz, nobelan topatu dudana xamurregia begitantzen zait, hau da, nirea ezta irakurketa neutroa, epela. Berriro diot: irakurri ahala zenbait pasartetan hunkintzen naiz oso gertukoa begitantzen zaidalako Uxuek bertan kontatzen didana negozio baten kudeaketaren harira. Gauzak horrela, nire buruari galdetu behar izan diot Marijo eta Izaskunek euren negozioaren egunerokoari buruz kontatzen dutena gainerako irakurleei ere niri bezainbeste hunkigarria edo gutxienez interesgarria suerta dakiekeen, hau da, irakurketa errazagoa, atseginagoa, politagoa egiteko laguntzen dion istorioari, ala beharbada guztiz kontrakoa, hau da, dendaren kudeaketaren demasako nondik norakoak astunegia egin daitezkeen. Nire ustez ez dago inolako eragozpenik liburuaren aurreneko erdian, dendaren eguneroko kudeaketarekikoa zein Marijo eta Izaskunek akordura ekartzen dituzten bestelako oroitzapenak ezin hobeto tartekaturik baitaude. Dena dela, bigarren erdian susmoa dut dendaren inguruko aipamenak areagotzen direla, eguneeko kudeaketaren inguruko detaile zein datuak apur-apurka nagusitzen direla narrazio hutsaren gainetik; liburu zein diskei buruzko xehetasunak, zerrendak, zenbakiak, zertzelada asko eta asko, auskalo noraino gehiegizkoak ere. Bestela esanda, Georges Perec frantses idazlearen arima edo eragina atzematen dut liburuaren amaiera alderantz noala, hau da, azken traka gisara edo. Bada, jakina, aukera guztiz zilegi, asko eta askoren gustukoa, batez ere Uxue Alberdik Perecek bezain ondo jorratzen baitu, liburu osoan erakutsi duen idazkera benetan jasoa baita, eta sarritan xaloa ere bai liburuan barrena ahozko hizkeratik oso ez aldentzen saiatzen den aldetik kontakizuna bi emakumezko xehe baina neurri batean ere ikasi edo leituren balizko elkarrizketan datzala ez ahaztearren. Aukerak aukera, eta gustuak gustu, eta betiere aintzat hartuta irakurketa guztia subjetibotasun ariketa bat dela, nik ez dut oso atsegin George Perecen literatura “inbentariala”, sano aspertzen nau egia esanda. Izan ere, gauzak zerrendatzearen letaniaren bidez oso dotorea edo xumea izan nahi duen baliabide literario baten neurrigabekeria begitantzen zait. Uxue Alberdiren kasuan ez dut uste hainbesterainokoa denik, berak denda txiki zein dendariei egin nahi dien omemaldi oparoaren ondorioa baizik, nik neuk, berriro esango dut, atsegin dudana oso, nolabait ere hunkitzen nauena; baina, halako kontuak gogoan ez dituzten irakurleei, zertzelada bakan edo bakun batzuekin nahikoa ote dutenei, ez dakit nik astunegiak egingo zaizkien, hau da, Marijo eta Izaskunen hezur eta haragizko istorioa bat-batean moteldu edo zeharo ostendu balitz bezala.

 

Txema Arinas

Uvieun, 2021/03/12

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.