«Itzultzeko etorri naiz» saio literarioa aurkeztu du Felipe Juaristik

Azken 30 urteotan irakurritakoei buruzko gogoeta fragmentarioak bildu ditu Felipe Juaristik, Itzultzeko etorri naiz saiakera literarioan. Balea Zuria argitaletxearen eskutik eman du, eta pasa den astean aurkeztu zuen Donostian.

 

155833176_1176337746132739_8414777730553201044_o

Duela lau urte sortu zen Balea Zuria argitaletxea, poesiari eta pentsamenduari tokia egin nahian. Hainbat liburu argitaratu dituzte orduz geroztik, poesiaren arloan batez ere, eta iragan abenduan abiatu zuten, azkenean, saiakera saila. Sail horretako bigarren dugu Felipe Juaristiren Itzultzeko etorri naiz. Aurrez Urrats urratuak: Xabier Lete gogoan lan kolektiboa eman zuten, baina, argitaletxeko kide Juan Ramon Makusoren hitzetan, Juaristiren saio literarioak hobeki islatzen du sail horren bidez landu nahi duten «ildoa». Liburuaren azala Imanol Larrinagak egin du, eta Juaristik eskerrak eman dizkio, bete-betean harrapatu baitu liburuaren funtsa.


 

«Ibilbide biografiko-literarioa»

Makusoren arabera, egileak bere ibilbide biografiko-literarioa bildu du liburu honetan. Irakurtzen hasiz geroztik lagun izan dituen liburuen gaineko gogoetak bildu ditu Juaristik, hain zuzen ere. Alfabetoaren forma eman dio egileak lanari: irakurleak letraz letra antolaturik aurkituko ditu hain filosofo eta poetari buruzko aipamenak.

Hogeita hamar urteotan, hainbat idazleri eta pentsalari irakurritakoek hausnartzeko gogoa piztu diote Juaristiri, eta hala joan da, pasarteak eta txatalak bilduz-bilduz. Liburu honetarako, horiek denak hartu eta eguneratu ditu.

Nolanahi ere, Juaristiren esanetan, liburu honetan bildu duena «gehiago da ez dakidana, dakidana baino». Dioenez, zalantzak gehiago ditu ziurtasunak baino, baina, oroz gain, idazlearen askatasuna aldarrikatu nahi izan du, eta, egia absoluturik ez dagoenez, baita «zintzotasuna» ere.


 

Galtzaileen ikuspegitik

Saiakera fragmentario honetan jorratzen diren gaietako batzuk dira poesiaren eta egiaren arteko harremana –azkenean zintzotasunaren alde eginez–, idazlearen eta boterearen arteko lotura –idazle batzuk «makurtu» egiten dira boterera, beste batzuk «suntsitu» egiten ditu botereak–, eta literaturaren eta bizitzaren arteko harremana –non dago idazlearen obraren eta bizitzaren arteko muga?–.

Izen asko aipatu ditu Juaristik aurkezpenean: Pascal, Spinoza, Nietzsche, Benjamin, Celan, Akhmatova… Bada, ordea, denak batzen dituen zerbait: historiako «galtzaileak» dira. Haien ikuspegitik jardun nahi izan duela argitu du autoreak, Benjaminen aipu ezagunari tira eginez: historia idaztekotan, galtzaileen ikuspegitik idatzi behar da.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.