Zuzendaritzaren egitasmoak berretsi ziren EIEko Batzar Orokorrean

2011ko balantzeak eta 2012rako proposamenak onarpen zabala jaso zuten

Euskal Idazleen Elkarteak 2012 urteari dagokion Batzar Orokorra egin zuen aurreko astean, martxoaren 24an larunbata, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan. 30 bazkide elkartu ziren eta, batzarraren ondoren, elkarrekin bazkaldu zuten Donostiako Alde Zaharreko jatetxe batean. 2011 urteak eman zuena laburbildu ondoren, 2012 urterako egitasmoen berri eman zuten zuzendaritzako kideek. Hala nola, iazko balantze ekonomikoa eta aurtengorako aurrekontua bozkatzeko aukera izan zen eta lau puntuek batzarrean bildutakoen onespena jaso zuten. Bide batez, zuzendaritza batzordea berritzeko baliatu zen Batzar Orokorra.


EIEko lehendakari den Ander Iturriotzen agurrarekin hasi zen Batzar Orokorra. Aurreko urteko akta onartu ondoren, 2011ko jardueraren zein balantze ekonomikoaren berri eman zuten zuzendaritza batzordeko kideek. Bozketa garaian, bi puntu horiek Donostiako batzarrean bertaratu ziren bazkideen adostasuna jaso zuten.

Galeusca, aurten, Donostian
Segidan, 2012rako egitasmoen berri eman zen. “Idazleak ikastetxeetan” programa da EIEren zutabe nagusietakoa. Eta 2012an ere, hala jarraituko du izaten. Literatura jarduera ezberdinek (Donostiako Poesia Egunak, kasu), `Irakurrieran´ irratsaioak edota Hegats aldizkariak jarraipena izango dute 2012an. Galeusca topaketak aurten Donostian egingo dira eta arreta berezia jasoko du ekimen honek, EIEri egokitu zaiolako antolaketa-lana.
Horretaz gain, idazleak.org eta uberan.eus web orriei ere, jarraipena emango zaie 2012an.
Hauek eta egitasmo gehiago bideratzeko, 2012rako aurrekontuaren berri eman zen. Eta bi proposamenak, egitasmoak zein aurrekontuak, aurrera atera ziren bazkideen aldeko iritziarekin.

Bost kide berri EIEko zuzendaritzan
Zuzendaritza batzordea berritzeko ere baliatu zen Batzar Orokorra. Aurten bost kide hauek sartu dira EIEko zuzendaritzan: Joxemari Carrere, Jasone Osoro, Kristina Lasa, Pako Aristi eta Juankar Lopez Mugartza.
Amaitzeko, glosa modukoa egin zitzaien 2011n hil ziren bazkideei. Carmen Valoisek Joxe Antonio Aranaren (Gernika-Lumo, 1931-2011) ibilbidearen berri eman zuen. Laura Mintegik Xabier Gereñoren ekarpena azpimarratu nahi izan zuen (Bilbo, 1924-2011) eta Fito Rodriguezek Bittor Kapanagaren (Otxandio, 1925-2011) lana goraipatu zuen. Azkenik, Ander Iturriotzek, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazlearen (1929-2011) obra laudatu ondoren, ibilbide pertsonalean nahiz artistikoan Txillardegi “koherentziaren eredu” izan zela adierazi zuen.

EIEko Batzar Orokorrean elkartu ziren gehienak daude argazki honetan.
This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>