Itxaro Bordaren apalategian: Paisaia urrun zein hurbiletara bidaian

Apalategian atalean, beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazleei hilean behin. Gaurkoan, Itxaro Borda.

A Baiona le 29-11-2011.L'auteure Itxaro Borda sur les bords de l'Adour.

Hautsak harrotu zituen Itxaro Bordaren lehen eleberriak duela ia berrogei urte: 1984an argitaratu zuen, hain zuzen ere, Basilika (Susa) bai eta Bizitza nola badoan (Maiatz) poema-liburua ere. Orduz geroztik, lan mordoxka bat argitaratu du, bai prosan bai poesian. Azkenak, Abaro poesia-bilduma (Balea Zuria, 2020) eta Susmaezinak eleberria (Alberdania, 2019).

Mesanotxean daukazun liburua: Momentuan irakurtzen eta berrirakurtzen ari naiz Josephine Bacon (1947) inua poetaren Un thé dans la Toundra/Nipishapui nete mushuat/Tea bat tundran izeneko olerki bilduma, bi hizkuntzetan da, frantsesez eta inuez.

Zure bizitza aldatu zuen liburua: Albert Camusen L’étranger edo Arrotza, ene sakelako diruarekin erosi nuen lehen liburua, oraindik ere gogoratzen dut azken orrialdeetako labanaren distira. Idazteari ekiteko gogoa piztu zidan.

Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua: normalean liburuak bururaino eramaten ditut, gaur ez bada bihar, hala nola hogei urteetan irakurtzen saiatu Doctor Jivago, konfinamendu garaian lortu nuen, gozatuz gainera.

Gogotik oparitzen duzun liburua: Leire Bilbaoren Etxeko urak. Amatasunaren ikusteko modua deseraikitzen du, ametatik ametara.

Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna: Walter Scotten Ivanhoe, Oragarreko herriko eskolako liburutegian mailegatu eta nora nahi eramaten nuen nirekin, errientsak itzuli behar nuela erraten zidan arte.

Zuk zeuk idatzi nahi izango zenukeen liburua: Adrienne Richen Tonight no poetry will serve ingelesez leitu dudana, forma bat edo beste hartu dizkiot Abaro bildumako zenbait poemen osatzeko.

Negar eginarazi dizun azken liburua: Christophe Dejoursen Souffrance en France, laneko bullying edo zirika fisiko-psikologikoez. Latza. Baina, gure etxean, zazpi haurretako gehienak ez du negarrik egiten.

Barre eginarazi dizun azken liburua: Alexandro Soljenitsinen Gulagaren Artxipelagoa, muga-egoeretan, zulotik ateratzeko esperantzarik ez denean, idazleak egoera komikoki, irri egin arazteko eta ironiaz blai kontatzen du. Hau ere lehen konfinamendu garaian irentsi nuen. Ikusten, prest nago Sputnik txertoa hartzeko!

Inoiz irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua: Jean Geneten obra errebeldea, agian ez naizelako hain errebelde ere.

Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua: Axularren Gero, euskaragatik, beti badudalako zer ikas eta doinuarengatik, ironia larria nabaritzen zaio, eta segur aski plazer bat zen Sarako prediku aulkitik oihuka hasten zenean!

 

This entry was posted in Albisteak, ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.