Beauvoir eta Steinbeck, azalberrituta

Simone de Beauvoirren Besteen odola (itzultzailea: Oier Alonso) eta John Steinbecken Zeruko belardiak (itzultzailea: Asun Garikano) eleberriak berrargitaratu dituzte Urrezko Biblioteka bildumaren barruan, biak ere Elkar argitaletxearen eskutik.

Captura de pantalla 2021-03-30 a las 16.07.35

Hamaika urte bete ditu Urrezko Biblioteka deritzon bildumak. 2010ean, EIZIE elkarteak, «ikusirik Literatura Unibertsala bildumako lehen 100 izenburuak eskuraezinak direla», liburu horiek paperean berreskuratzeko egitasmoa abiatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin hitzarmena eginez. Orain baino lehen, Harrotasuna eta aurrejuzguak (Jane Austen; itzultzailea: Ana I. Morales) eta Madame Bovary (Gustave Flaubert; itzultzailea: Patxi Apalategi) argitaratu dira, besteak beste.

2021eko udaberriarekin batera, beste bi izenburu ekarri dituzte: John Steinbecken Zeruko belardiak (itzultzailea: Asun Garikano) eta Simone de Beauvoirren Besteen odola (itzultzailea: Oier Alonso).


Jende xehearen bizimoldeaz

John Steinbeckek sarri idatzi zuen jende xehearen bizimodu gordinaz; besteak beste, The Grapes of Wrath bere eleberri ezagunenean, zeinak Oklahomako nekazarien exodoa kontatzen baitu. Bada, Zeruko belardiak honetan, bere lehen obretako batean, antzera egiten du. Honela dio liburuaren sinopsiak:

Zeruko Belardiak deitu zioten parajeari hura deskubritu zuten konkistatzaile espainiarrek, halako oparotasuna eta edertasuna zerizkion muino arteko haran hari.

Alabaina, aingeruak ez baizik laborariak bizi dira bertako etxaldeetan, kezka oso lurtarrak dituztenak: lana eta jana, jolasa zein solasa, lurra nahiz larrua…

Steinbeckek beste zenbait obra irakur daitezke euskaraz, besteak beste, Arthur erregearen egintzak, zeina bi zatitan argitaratu baitzen (Igela, 1996 eta 1997; itzultzailea Joseba Urteaga) eta Saguak eta gizonak (Alberdania, 2012; itzultzailea: Iñigo Errasti).


Erresistentziari buruzko gogoeta

Steinbeckek lanaz gainera, Simone de Beauvoirren eleberri bat ere berrargitaratu dute Urrezko Bibliotekan: Besteen odola du izena, eta Oier Alonsok euskaratu du. Beauvoirrek, frantses existentzialismoaren eta feminismoaren ikurretako bat izaki, hainbat liburu argitaratu zituen: eleberriak, saiakerak, memoriak…

Besteen odola nobela izan zen euskaraz irakurri ahal izan genion lehenengoa. 1945eko abuztuan argitaratu zen, II. Mundu Gerra bukatu baino egun batzuk lehenago, eta, hain zuzen ere, gerraurreko giroa eta Frantziako erresistentzia aipatzen ditu batez ere. Oier Alonso itzultzaileak hitzaurrean dioenez, kritika onak jaso zituen nobelak bere garaian, nahiz eta gaur egun gehiago gogoratzen diren Beauvoirren beste fikzio-lan batzuk, hala nola L’Invitée eta Les Mandarins.

Orain bi urte eskas iritsi zen euskarara, bestalde, Beauvoirren lan ospetsuena: Bigarren sexua. Irene Arraratsek itzuli zuen, eta Eskafandra bildumaren barruan argitaratu (Elkar, 2019).


Albiste honen uberan

Elkarrizketa Asun Garikano itzultzaileari (egilea: Isabel Etxeberria)

Munduko feminismoa, euskarari emana (egilea: Kattalin Miner)

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.