ITZULTZEKO ETORRI NAIZ – FELIPE JUARISTI

itzultzekoetorrinaiz

“BAINA idazlearen mundua, gehixeago ala gutxixeago, irudiminezko mundua denez, irudimenezko askatasuna beharrezkoa du idazleak, idazteko eta idazten segitzeko. Idazlearen bizitza toki guztietan eta gizaldi gehienetan ez da eroso eta guria izan, ordea.”

 

Honatx literaturzale porrakatuendako propio argitaratutako liburu bat, hau da, literatura irakurtzeaz gain literaturaz ere irakurtzea biziro gogoko dugun lau katuondako, ia-ia pekatu aitorrezina, holako harribitxiak liburudendetako mahai zein apaletan topatzea gero eta zailagoa omen delakoan bainago gaur egungo argitarapen gehienen artean. Eta zer esanik ez, gainera euskaraz, euskaraz goza dezakegulako literatura unibertsaleko izen handiak hizpidera ekarrita oso bakanetan bezala. Hau guztiau da Felipe Juaristiren liburu hau egiazko zein egundoko harribitxi bat bikalatzen duena, alafede.

 

Edonola ere, Itzultzeko etorri naiz bada ere, edo ezer baino lehen, aukera paregabekoa euskarazko literaturan punta-puntakoa den idazle baten ibilbide literario intimoaren berri izateko zein, ibilbide honen aitzakiaz, Felipe Juaristik liburuan barrena nabarmendu zein iruzkindutako hainbat eta hainbat idazle handiren izenak zein lanak gogora zein hizpidera ekartzeko. Idazleon zerrendan zenbait literaturagileren izen handiak topa ditzakegu, Isaiah Berlin, Kafka, R.L. Stevenson, Borian Vian, alegia. Halere, Juaristiri ageri zaio oso filosofia maite eta batik bat iradokitze iturri oparoa duena, ezin baitugu ahaztu azken urteotan poesia eta pentsamendua halabeharrez uztartu nahi dituen euskaldun poeta talde baten partaidea denik Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi idazleekin batera, euren poema batzuk eta Muga izeneko liburuan (2016) bildu zituztenak adibide gisa. Ezta, beraz, harritzekoa Itzultzeko etorri naizen aipatzen diren izen-abizinen zerrendan filosofoak parrastaka egotea: Friedrich Nietzsche, Theodor W. Adorno, Walter Benjamin, Heidegger, Isaiah Berlin, Spinoza, Pascal, Andrea Lou Salome edota presokratikoak beraiek.

“SPINOZA datorkit oroimenera: “Gizon askeak ez du ezertaz ere heriotzaz pentsatzen, eta jakituria ez da heriotzari buruz gogoeta egitea, baizik eta bizitzari buruz.”

Hala eta guztiz ere, Felipe zerbait arlotan benetan, maisuki, ezin dotoreagorik, gailendu baldin bada hori izan da, jakina, poesian. Horrenbestez, liburuan benetan luzea den zerrenda poetena da, mende guztietako poetak, Dante, Lukrezio, eta batez ere XX. mendea ulertzeko funtsezkoak direnak, hala nola Osip Mandelstam, Jon Mirande, Rainer Maria Rilke, Anna Akhmatova, Aresti, Blas de Otero, Paul Celan, Franz Kafka, Marina Tsvetayeva, Maria Zambrano eta Lizardi, Jose Hierro, Dylan Thoman, Sylvia Plath, Verlaine, Ingeborg Bachmann, F. Hölderlin. Eta horrexegatik ere liburuan poesiari buruzko gogoetak xamurrenetarikoak dira duda izpirik gabe. Hona hemen, besteak beste:

“POESIA ez da sinesmen kontua, ezta izuak eragindako fede huts itsua ere, Poesia itzulbidea da: izatearen etxerainoko etorrera luzea, jatorrizko egoerara daraman odisea nekea.”

POETA batek “nire hizkuntza nire aberria da” esaten duenean, ulertu behar da poesiaz, poesiaren bideaz eta poesiaren hitzez ari dela, poesiak hitzaren mugak, gainditzeko eta haratago bultzatzeko duen ahalmenaz.”

Izen pila, noski, baina denak primeran plazaratuta F. Juaristik aukeratutako sistema alfabetikoaren bidez, hau da, A letratik Z letrara, gehienetan banan-banan eta pasarte motzetan, nire ustetan irakurketa arina bezain zorrotza egiten duena. Hala eta guztiz ere, pasarteok dira denak idazle baten izenaz hasten, hauetariko askok Felipek jorratu nahi duen gaia aurkezten digute gogoetari eutsi baino lehen: Azala, Dolua, Egunak, Errealitatea, Edertasuna, Erbestea, Mendekua, Oroimena…

 

“(OROIMENA) Alemanian, nazismoa eta gero, ez zen oroimena berreskuratu 1968.era arte. Orduraino asko ziren alemanek bi aukera baino ez zutela ustekoak: ahazmenaren baitan bizi eta oroimenean gaixotu.”

Beste zerrenda eder luze bat, gainerakoekin batera pentsamendurako mokadu ezin samurragoak, bizitzaren nondik norako asko eta asko azaleratzearren euskal literaturari aparteko ikutu fin eta eruditu bat ekarri dion idazle baten ikusmira zoli eta zintzotik.

 

“Erdialdean dago Paul de Manen iritzia: “Ez da zilegi idazle batzuk goraipatzea edo kondenatzea beraiek hil eta geroxeago geratu ziren ekintza batzuen kariaz. Ez da zilegi Rousseau goraipatzea Iraultza Frantsesaren kariaz eta, era berean, Nietzscheri leporatzea Hitlerren errua”.

 

Txema Arinas

Uvieun, 2021/04/08

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.