Liburu batean bildu dituzte iazko Gutun Zuria jaialdiko ekarpenak

El ensayo empieza aquí liburua argitaratu du Caniche argitaletxeak, Bilboko Alhondigaren laguntzarekin: iazko Gutun Zuria jaialdiko ekarpenak bildu dituzte, hainbat euskal idazlerenak tartean.

gutunzuria

2020ko martxoan, abiatzeko prest zegoen Gutun Zuria, baina bertan behera utzi behar izan zuten pandemiaren eraginez. Fernando Perez Alhondigako zuzendariak azaltzen duenez, une hartan erabaki zuten jaialdia modu telematikoan ez eskaintzea, eta, aitzitik, urte hartako ekarpenak liburu batean biltzea. Erabaki horren fruitua da El ensayo empieza aquí antologia, 15 artikulu biltzen dituena guztira. Hiru zatitan banatuta dago, eta hainbat euskal idazleren ekarpenak daude tartean.

Bestalde, Perezek liburuaren hitzaurrean adierazi duenez, liburuaren argitalpena «ohitura» bihurtu nahi lukete.


Fikzioa edo saiakera?

Esan bezala, saiakera izan zen iazko jaialdiaren ardatzetako bat. Katixa Agirrek, hain zuzen ere, saiakeraren eta fikzioren arteko loturak eta korapiloak aztertu ditu «Amek ez dute eta amek badute» artikuluan. Amek ez dute eleberriaren idazketa-prozesua eta artikulu akademikoen nolakotasuna aipatzen ditu, besteak beste.


Saiakeren literariotasuna eta itzulpenen ekarpena 

Anjel Lertxundiren eta Aingeru Epaltzaren artikuluak elkarri lotuta daude. Lehenak, «Saiakera literarioa esaten dugu» testuan, saiakeren idazmoldea aztertzen du, kritika eginez akademiaren barruan azkenaldian nagusitu den estilo «neutro»ari. Aingeru Epaltzak, hain zuzen ere, Lertxundiren saiakera bati erreparatzen dio, Itzuliz usu begiak (Alberdania, 2019), horren tonua goraipatuz.


Ixiar Rozas eta Mari Luz Esteban lau eskutara

Rozasek eta Estebanek elkarrekin hitz egin behar zuten beren idazketaz 2020ko Gutun Zuria jaialdian, eta, antologia honetan, bakoitzak artikulu bat idatzi ordez, lau eskutara gogoetatu dute, elkarrizketa gisara. «Idazketaz, erotizazioaz eta irudimenaz lau eskutara» deitzen da beren artikulua, eta izenburuan bildutako gaiez dihardute biek ala biek, txandaka, beren idazlanak eta prozesuak deskribatuz.


Eleberriak eta tesiak

Azkenik, Beñat Sarasolaren gogoetak ere biltzen ditu liburuak. Sarasola, idazlea izateaz gainera, jaialdiko aholkulari gisa aritu da azken urteotan. Lertxundiren ildotik, saiakeren idazmoldeari erreparatu dio, eta giza zientzietan metodo enpirikoa ez baizik literaturaren tresnak baliatu beharko liratekeela aldarrikatu, «Esatearen eta isiltzearen artea» testuan.


Albiste honen uberan

Katixa Agirre: «Zerbait oso latza gertatu denean, zer egingo dugu: alfonbra pean gorde, edo hara joan eta arakatu?»

Unisonoa: hitza ez da esanahia (Elkarrizketa Ixiar Rozasi)

Mari Luz Esteban: «Zahartzaroa beti negatibotzat hartzea gauzak sinplifikatzea da»

Beñat Sarasolaren lehenengo nobela: Deklaratzekorik ez

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.