Poesia, antropologiaren tresnekin

Ni eta gu: Zazpigarren uhina poesia-liburua argitaratu du Pako Aristik, Erein argitaletxearen eskutik: bere ibilbideko zazpigarrena; pasa den astean aurkeztu zuen Donostian, Inazio Mujika editorearekin batera. Liburuan, poemez gainera, zenbait argazki biltzen dira, autoreak berak modu «espontaneoan» eginak. (Irudia: Erein).

Captura de pantalla 2021-04-29 a las 16.16.40

Ni eta gu. Zazpigarren uhina poesia-liburua argitaratu du Pako Aristik, Erein argitaletxearen eskutik. Inazio Mujika editorearekin batera aurkeztu zuen pasa den astean. Mujikak, hain zuzen ere, Aristiren «jakin-mina» azpimarratu du, kazetari edo narratzaileari berezkoa zaiona, poema-liburu honetan «itsasora» eta bertako jendearengana eramaten gaituela esanez. Bestetik, Aristik gauzei eta pertsonei begiratzeko duen modua nabarmendu du: «Oso humanoa da Pakoren poesia».

Aristik, hasteko, aitortu du «zaila» izaten dela norberak bere liburuaz hitz egitea, baina zenbait gako aipatu ditu. Lehenik eta behin, «abiapuntu» gisa balio izan dion liburua ekarri du hizpidera: Spoon River Anthology. Edgar Lee Masters-ek idatzi zuen liburu hori, 1915ean: «[Spoon River] herri horretan bizi izan ziren pertsonei buruzko biografia txikien sorta bat» da. Aristik esan duenez, asko gustatu izan zaio beti herrietan ezagutzen dituen pertsonen atzean zer dagoen deskubritzea eta irudikatzea.

Hain zuzen ere, hiru leku geografikotako, hiru herritako inguruak eta pertsonak agertzen dira liburuan: Zestoa, Getaria eta Oriokoak. Lehenari dagokionez, «bizitzera joan naizen herria» da, eta ohitura eta ilusio berriak ekarri ote dizkion susmoa du Aristik; bigarrena eta hirugarrena aspalditik ezagutzen ditu, eta bertako jendearekin harremana izan du, arrantzaleekin eta arraunlariekin, besteak beste.

Alde horretatik, Aristik adierazi du «antropologiak» pisu handia duela liburu honetan. «Beste diziplinetako tresnak» erabili ohi ditu bere poesiarako, eta, honako lan honetan, antropologiari hartu dizkio maileguan; eragin hori nabarmena da lexikoan eta arrantzaleen inguruko trametan batez ere.

Hitz egin dugu itsasoaz, liburuan toki handia duen elementuaz, baina, izenburuari erreparatuz gero, bada oraindik aletu beharreko beste gai bat. Nitasunaren eta gutasunaren arteko tentsioa. Hona Aristiren hausnarketa, gaiaren harira: «Ni izaten jaiotzen gara, eta berehala gu bihurtzen gaituzte; gu izateko moduak aurkezten zaizkigu: familia, eskola, erlijioa, kuadrilla, gero bikotea ere bai… […] Bada, niri interesatzen zait gu izateko modu horiek gainditzen saiatzen den pertsona […]. Bizitzan egiten ditugun bidaia emozional eta geografikoez aparte, nire ustez bidaia interesgarriena horixe da, gutasuna gainditzen saiatzea».


Albiste honen uberan

Hona aurkezpenaren bideoa, osorik, Erein argitaletxearen eskutik:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.