«Gurea bezalako literatura batek erdian jarri behar ditu gatazkak eta zapalkuntzak, ez zokoan»

Joseba Gabilondorekin hitz egin dugu, Babel aurretik: Euskal literaturen historia bat (Txalaparta, 2020) liburuaren harira. Ohi bezain zirikatzaile eta umoretsu erantzun digu, ozeanoaren beste aldetik.

joseba-bi

2016an argitaratu zenuen Before Babel, ingelesez, eta iaz euskarara ekarri zuen Babel aurretik Amaia Apalauzak, Txalapartaren eskutik. Nola sentitzen zara argitalpen honekiko? Pozik zaude?

Bai, pozik nago. Uste dut lehen edizioa ia osorik saldu dutela eta beste edizio bat egin nahi dutela neure gomendio beldurtien aurka («ez atera beste edizio bat, dagoeneko erosi behar zuten guztiek erosiko zuten, gure merkatua oso txikia da, ez arriskatu!»). Alde horretatik sorpresa handia izan da. Hasieran gazteleraz atera nahi zuten baina neuk konbentzitu nituen euskaraz ateratzeko. Amaiak oso ondo itzuli du eta arazo batzuk ere konpondu, beraz euskarazko edizioa hobea da. Badakizu, 1.000 urte kubritzen dituzunean, espezialista ez zaren garaietan sartzen zara eta Nafarroako gorteko printzesa bat okerreko Gaztelako errege batekin ezkontzen duzu kar-kar. Amaiak dena berrikusi du eta liburuaren kalitatearen kreditua berari zor diot!

Pozik nago, baita ere, liburu hori «kanpokoentzat» idatzita zegoelako, alegia publiko intelektual-akademiko global batentzat, eta doan dago sarean (eta amazonen oso prezio popularrean). Indonesiatik hasi, Turkian eta Suedian segi, eta Ameriketatik zehar Japoniaraino ere iritsi da liburua (jaitsi dute doako pdfa). Ez nuen uste hemen horrelako harrerarik izango zuenik (badakizu etxean inoiz ez zaituzte serioski hartzen, botere instituzionalen sarean sartuta ez bazaude behintzat) eta beraz ez neukan inoiz euskarazko bertsio bat argitaratzeko asmorik. Alde horretatik, Txapalartan (Garazi Arrula, Jon Jimenez) neuk baino ikusmen edo instintu editorial hobea izan dute.

Liburuaren helburua, berez, beste bat zen. Ingelesez Renoko unibertsitateak atera zuen euskal literarurAren historia bat (nirea euskal literaturEn historia bat da, ikusi hurrengo galdera-erantzuna). Baina ez dago ingelesez jatorriz idatzita, euskaratik itzulita baizik, eta horko betiko planteamentu filologiko-soziologiko zaharren arabera idatzia. Kalitatezkoa da, baina ikuspegi filologiko-soziologiko hori munduan ia inori ez zaio interesatzen eta liburua eguneratzea zail denez laster zahartuko da. Onerako edo txarrerako, 34 urte daramatzat atzerrian, AEBn, eta badakit publiko intelektual edo akademiko global batek zer nahi duen, nolako historia irakurri nahi duen. Gainera, Renokoa garestia da, eta neurea doan. Are, urte gutxiren buruan, hedatu, eguneratu eta berriz doan zintzilikatzeko asmoa dut, indarra gal ez dezan. Beraz hutsune hori betetzeko idatzi nuen.

Azkenik, eta broma badirudi ere, «euskal filologo» errespetatua izateko, euskal literaturaren historia bat idatzi behar duzu (edo behintzat sasoi batean idatzi behar zenuen). Beraz, orain badakizu, «errespetagarria» naiz, kar-kar.

Literaturaren teoria postnazional bat egitea proposatzen duzu; azalduko zeniguke hori zertan datzan, eta zer desberdintasun eta antzekotasun dituen, (euskal) literaturaren historiografia tradizionalekin alderatuta? Gainera, Euskal literaturen historia bat du azpi-izenburua liburuak. Zeintzuk lirateke euskal literaturak?

Bai, orain arteko literatur historiak (eta hor Europako gehienak sartzen ditut, ez bakarrik Euskal Herrikoak) paradigma filologiko naizonalista inkontziente batekin idatzi dira: hizkuntza bat, literatura bat, nazio bat. Eta jakina estatu bat baduzu, eta polizia, eta eskolako plan guztiak, eredu horrek funtzionatzen du, izan ere paradigma horretan, literatura nazionalak hasiera zailak eta ilunak ditu (gaztelerazkoak, adibidez, bertso arabiar batzuen amaierako esaera motz batzuk, alegia, jartxak), gero loratu egiten da (zorioneko berpizkundeak), urrezko aroren bat izan dezake, eta beti oraina zabalik uzten dute historiek, baina argi azaldurik oraina oso osasuntsua eta ekoizlea dela eta literatura nazionala hobetuz eta hedatuz doala. Paradigma horrek ez digu euskaldunei laguntzen, izan ere guardia zibila, delegatu probintzialak edo dena delakoak eta abarrak Madrilek jartzen ditu, literatur sari garrantzitsuenak ere, euskal idazle/instituzio/publikoek serioski hartzen dituztenak (adurra sorrarazten dietenak) Madrilek eta Parisek ematen dituzte, eta idazle askok, Atxagak edo Uribek kasu, «indoeuroparrez» idazten dute, hots, edozein hizkuntza indoeuroparretara itzul daitekeen euskaraz idazten dute, helburua ez baita publiko «nazionala» baizik eta Madrilgoa, eta Madrilgo ateak zabaltzen direnean, mundukoa. Hots, gure literatura (kultura) zanpatu edo menderatu bat da. Eta beraz paradigma nazionalak ezin du gatazka horien berri eman gatazka horiek beti zokoratu egiten dira gure euskal literatura nazionalak, mundu ideal batean bailegoen, «aurrera egin behar baitu, hedatuz, hobetuz, eta abar»). Hots, gurea bezalako literatura batek gatazka eta zapalkuntza horiek erdian jarri behar ditu, ez zokoan.

Are gehiago, zapalkuntza hori bertakoen konplizitatearekin egiten bada (gaur eguneko EJ/EAJen axolagabekeria euskararekiko ez da kointzidentzia, XVI. mendetik dator eta logika politiko berari erantzuten dio, eta logika hori gorte gaztelau (eta frantsesean) eratzen da, ez EHn). Hots, estatu inperialisten hizkuntzetan bertakoek era konplizean egin duten zapalkuntza azaldu behar du literaturaren historia batek. Eta beraz, euskaldunek erabili dituzten hizkuntza desberdinak hartu behar dira abiapuntu eta foko bezala, eta, ondorioz, paradigma nazionala abandonatu egin behar da, gatazka horiek guztiak hobe azaltzeko. Hori da postnazionalitatea. Baten batek esango dit, baina hori ez da literatura: non dago hor estetika, non artea? Hori ere paradigma zahar nazionalistaren azken dogmetakoa da. Dogma horri heltzen badiogu, gehienaz ere, euskal literaturA Xabier Lizardirekin edo hasiko litzateke. Ez legoke ezer aurretik (Oihenart salbuespen). Eta gainera dogma horren beste aldarrikapena ateratzen badugu (kalitatea! kalitatea!) 20 bat liburu salbatuko nituzke (agian!) eta beraz ez legoke euskal literaturarik. Kalitatea ere kontzeptu politiko bat da, nazionalista, eta ezin dugu erabili modu horretan edo literatura gabe geratzen gara.

Azkenik, literatura judua, arabierazkoa edo ingelesezkoa ere idatzi dute euskaldunek. Zergatik oparitu literatura horiek inguratzen gaituzten estatuei? Gureak dira, beti izan gara anitzak, eta horrek definitzen gaitu, guzti hori euskararen eta euskaldunen zapalkuntzaren testuinguru batean ulertzen bada (hots multikulturalismo merkean erori gabe). Sionismo gogorraren lehen testua euskal judu batek idatzi zuela pentsatzeko datu asko ditugu. Zergatik ez hori euskal literaturaren parte egin? Edo mendebaldean Txinari buruzko albisteak, Marco Polo baino lehen, ematen dituen idazlea tuterar judua bada, zergatik ez hori ere gure tradizio bihurtu? Katalina Erausoren autobiografia ez da euskal literatura gazteleraz idatzi zuelako? Please!

Ibai Atutxak eta Ibon Egañak iruzkin bana idatzi dute liburuaz, haren ekarpena goraipatuz bi-biek. Atutxak, adibidez, Materia Vasconia kontzeptua bereziki interesgarria eta erabilgarria dela dio. Azalduko zenuke, laburki, zertan den hori?

Bai. Ni-a beti ere besteekiko sortzen da. Alegia norbanakoa ez da sortzen barnetik espontaneoki, baizik eta ingurunetik. Gure gurasoek, lagunek, maitaleek, eskolek, etsaiek, estatuek, telebistek, whatsappek eta abar diotenaren arabera sortzen dugu gure gizabanako nortasuna. Ni-a Besteek definitzen dute, edo Ni-a Besteek esaten/egiten dutenaren arabera definitzen da. Horregatik geuk ere gure inguruko denak (beste Ni-ak) definitzen ditugu. Hots, nortasuna ez da kartesiarra (pentsatzen dut, beraz, banaiz) baizik eta erlazionala (pentsatzen dut pentsatzen dutenaren arabera eta pentsatzen dute pentsatzen dudanaren arabera, erlazio konplexu, norantza-anitz, eta kiribilduan). Euskal kultura, literatura eta nortasuna ez dira diferenteak. Eta erlazio konplexu horri deitzen diot Materia Vasconica.

Euskarak, euskal literaturak (gehienbat ahozkoa), eta euskaldunek oso paper garrantzitsua jokatu dute Europako inperialismoaren eta arrazismoaren historian; Europaren nortasunean oso paper garrantzitsua izan dugu, nortasun horren «jatorria, hasiera» non zegoen finkatzerakoan. Gaztelarekin hasita, «espainiar» zaharrenak garela erabaki zen momentutik (nafar batek azaldu zuen teoria hau lehen aldiz XIII. mendean, Gaztelaren historia idazteko), Gaztelak, bere nortasuna definitzeko, euskaldunak behar izan ditu, euskal Bestea, kontrolatzea, definitzea eta barneratzea beharrezko baitzuen bere burua definitzeko. Hala Gaztelak euskaldunei buruzko diskurtso eta ideologia ugari sortu behar izan ditu. Euskaldunek bestalde, Gaztelak sortu dituen diskurtso horiek mailegatu eta beren kasa birdefinitu dituzte beren interesentzako, beren buruak definitzeko. Hor hasten da Ni-Besteak erlazio konplexua. Anton Abadiak ere lehen «euskal lore-jokoak» Etiopian topatu zituen (alegia bertako kulturan topatu zuen inspirazioa-eredua). Euskaldunena bezalako hizkuntza-literatura berezi batek diskurtso amaiezinak sortu ditu, Ni eta Besteak definitzeko, eta diskurtso horiek oso historia konplexu, bitxi, interesgarri eta kiribildua dute. Hori da euskal literaturaren materia oinarrizkoa, materia vasconica. Eta euskal literatura materia vasconica bezala definituz gainditu ditzakegu literaturaren paradigma filologiko-nazionalista zaharraren kontraesanak eta impasseak. (Baina kalitatea! Eta artea! Eta estetika? Non geratzen dira? Non dago gure kalitatezko literatura nazionala? Nire erantzuna: zzzzzzzzzzzzzzzzzz, edo literatura ingelesa irakurri).

Bertsolariak eta saiakera-egileak ere sartzen dituzu historia honetan…

Bai, eta ez liburuaren hasieran edo amaieran, geto moduan, idatzizko literatura eder eta artistikoari traba egiten dioten anaia-arreba txiro eta lotsagarrien antzera, historiaren ertzetara baztertu behar den animalia itsusi edo desatsegin bezala. Goian azaldu dudan historia horretan bertsolaritza, eta, oro har, ahozko tradizioa ZENTRALA da. Gauza bera saioarekin: azken urteotako produkturik garrantzitsuena da (eta hau jakina saiogile batek dio, beraz hartu cum mica salis). Are gehiago, eta probokazio bezala, esango nuke euskal literatura beti izan dela ahozkoa (mamotretoak idatzi direnean ere). Egun ahozko kultura batean bizi gara (Twitter, Whatsapp, Fabebook eta abar, ahozkoak dira, nahiz eta idatziz eman, Walter Ongek definitu zuen ´secondary orality»ren zentzuan) eta egun idazten diren liburu guztiak ahozko kultura horretatik irakurtzen eta pentsatzen dira (hots, liburuak Interneten arabera idazten dira, Interneten arrakasta izan dezaten, eta Interneten bidez heda daitezen, eta ez alderantziz). Eta hor doa beste probokazioa: ahozko literaturaren euskal literatur genero nagusia, ia existitzen den bakarra, indartsu eta iradokitzaile, Berriako zutabea da ;-). Euskaldunek irakurri, eztabaidatu, eta pasioz eztabaidatzen duten literatura forma nagusia Berriako (Argia/Deiakoa gutxiago) zutabea da. Angel Erro, Onintza Enbeita, edo Juanjo Olasagarre dira gure idazle arrakastatsuenak! (eta kalitatea, eta estetika, eta….? Zzzzzzzzz).

Bai Atutxa bai Egañak abiapuntu gisa hartzen dute zure lana, eztabaidak sustatuko dituelakoan. Zer iruditzen zaizu? Xede horrekin identifikatuta sentitzen zara? Lekukoa beste batzuek hartu dutela uste duzu? Berdin zaizu?

Ez, ez ditu eztabaidak sortuko. Egun euskal literaturaren instituzioetan daudenek ez dute inongo interesik nirea bezalako liburu bat eztabaidatzeko, izan ere beren ikuspegi guztiak hankaz gora jartzen ditu eta jakina denez «horiek amerikarkeriak» dira, ez dira «serioak», eta euskal literaturaren oso perspektiba «distortsionatu» eta «politiko» (ez-literario) bat ematen dute. Jainkoari eskerrak jende gazteagoa badator, oso ondo prestatuta daude, eta idatzi dudana ulertzen dute, interesatzen zaie, eta urte gutxitan atzean utziko dute, lan askoz interesgarriagoak sortuz. Hor bai, polemika sortuko da zentzu onean, egurra emango baitidate, eta arrazoiz. Egun jada ezin diot euskal literaturari gertutik segi, beste kontu batzuetan nabil. Hurrengo belaunaldiarena da, dudarik gabe.

Globalizazioak eta Erdi Aro berria: diferentzien itzuleraz (Erein, 2016) eta Populismoaz: subiranotasun globala eta euskal independentzia (Txalaparta, 2017) kaleratu dituzu halaber, eta, oker ez banaiz, trilogia horren hirugarren izenburuarekin zabiltza orain, zeinean pandemiari buruzkoak ere landuko baitituzu. Azaldu pixka bat trilogia horren bidea eta orain egiten ari zarena…

Bai, beti izan dut joera intelektual zabalago bat, jakin-min unibertsal eta orojale bat (gure etxean ez zegoen libururik, Manual del hogar, eta Tratado de ebanistería batetik aparte, etxe proleta zen), eta belaunaldi gazteak literatur historia eta kritika neuk baino hobeto aztertzen dituela ikusita, berriro heldu natzaio jakin-min zabalago horri (kontuan hartu adibidez, 1992an defendatu nuen doktoradutza tesia Hollywoodeko blockbusterrei eta orduan sortzen ari zen Interneti buruz idatzi nuela, kasuko). Egun eskuinak bere baliabide ia agortezinak erabili ditu ezkerraren diskurtsoa neutralizatu eta berari neoliberalismoaren ideologia gainezartzeko. Ideia, formula eta planteamendu berrien beharrean gaude, feminismoak, dekolonizazioak, marxismoak, eta abarrek egin dituzten ekarpenak eta kritikak barneratu eta politika eraginkorrak martxan jartzeko (egun, historiaren subjektu iraultzailea ez da proletalgoa, ez-sujetu bat baizik: prekariatua/precariat). Neure bi liburu horiek «globalizazioaren trilogia» bat osatzen dute. Lehenengoan, eta ezkerrak berak sinisten duen ideia baten aurka, kapitalismotik kanpora badela espazioa eta politika egiteko modu bat azaldu nahi nuen, modernitatearen kontzeptua eta ideologia hankaz gora jarriz. Bigarrenean, Euskal Herrian horrek zer eragin izan dezakeen eta nola desplegatu daitekeen azaltzen saiatu nintzen. Orain nabil hirugarrena idazten: «Apokalipsirantz: geroaren arkeologia politiko bat» egun jasaten ari garen krisiei buruz, eta datorkigun krisi ekologiko ekidin ezinari buruz. Hots, apokalipsian bizitzeko eskuliburua izan nahi du nire trilogiaren azken liburuak.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.