“Hitzez eta ahotsez” irakurraldia Durangon

“Hitzez eta ahotsez” herri ekimena antolatu dute zortzigarren aldiz Durangon. Aurten “maitasuna” izaten ari da ekitaldien ardatza. Maiatzaren 7an (ostirala) “jendaurreko irakurraldi girotua” antolatu dute, San Agustin kultur gunean.

maitasuna

Pandemiatik eratorritako zailtasunak zailtasun, Durangon aurten eutsi egin diote “Hitzez eta ahotsez” ekimenaren antolakuntzari. Hala ere, egoera dela eta zenbait berezitasun izango ditu deialdiak. Hasteko eta behin, irakurraldia egiteko lekua aldatu dute (lehen Plateruenan izaten zen), eta San Agustin antzokian egingo dute. Bi saio egingo dira maiatzaren 7an, 18:00etan eta 19:30ean. Aforoa 60 pertsonakoa izango da pase bakoitzean eta, hori dela eta, ikus-entzule gisa parte hartzeko erreserbak Arte eta Historia Museoan bertan, edota 946030020 telefonoan.

Aurrekariak

Ez da ostiralekoa, hala ere, “Maitasuna” gai gisa hartuta azkenaldian antolatu duten saio bakarra: martxoan Lorea Agirreren “Maitasuna maiteminetik harago” hitzaldiarekin eman zioten hasiera aurtengo edizioari, Arte eta Historia Museoan.  Apirilean berriz, Mireia Delgado eta Uribarri Atxotegi durangarrek “Maitasunaren material (ak)” ikuskizuna eskaini zuten San Agustin Kultur gunean.

Hurrengo hitzordua IRAKURRALDI GIROTUA izango da, beraz, maiatzaren 7an.

Parte hartzaileak

Aurreko urteetan lez, aurten ere zenbait lagunek eurek sortutako testuak irakurriko dituzte. Irakurraldian izango dira: Paddy Rekalde, Josu Unzueta, Jose Julian Bakedano, Leire Bilbao, Peru Magdalena, Andoni Barrena, Leire Narbaiza, Ane Arbeo, Markel Sanchez, Bilguneko zenbait partaide edota Toni Atutxa. Gainerakoek ondorengo idazleen testuak irakurriko dituzte: Yolanda Arrieta, Josean Artze, Joseba Sarrionandia, Leire Bilbao, Mari Luz Esteban, Joxean Artze, Arantza Urretabizkaia, Goizalde Landabaso, Joxe Azurmendi, Eva Perez-Pons, Lizar Bengoa…

Antzerkiak ere izango du lekua: Karrikako antzezleak ari dira prestaketa lanetan, Ander Ertzilla musikariak Elena Olaberen poema musikatuak eskainiko ditu, Gorka Valdesek trikiti soinuan alaituko du saioa. Bertsolariek ere ez dute hitzordura hutsik egingo: Erika Lagoma, Eneko Abasolo, Kristina Mardaras, Justo Alberdi, Unai Iturriaga eta Igor Elortza. Urteroko bidaia izaten Luhartz taldea ere batuko da maitasun girora.

Ekimenaren helburuak

Antolatzaileen esanetan, “helburu nagusia irakurleak Euskal Literaturara hurbiltzea da. Euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea, izotza urtzea, apurtzea. Zelanbait esatearren, euskaraz irakurtzeko zaletasuna gehitzea. Bide hori hauspotzeko Euskal Literaturen inguruan disziplina ezberdinetako eragileak biltzea egokitzat jotzen dugu”. Parte hartze aktiboa bilatzen dute ekimenarekin “parte hartze aktiboa oso garrantzitsua da guretzat. Gaur egun kontsumo gizarte honek kultura arloan ere kontsumora bultzatzen gaitu. Kultura era pasiboan kontsumitzera. Guk beste bide bat jorratu nahi dugu. Aktibatzearen aldeko apostua egin nahi dugu. Mikroaren aurrean lehen aldiz jartzea gogorra da zenbaitentzat, baina ahalduntze modu bat ere bada gure ustez. Bestalde, konturatu gara, jendaurrean testua irakurtzen duten askok “euskalduntasun titulua” lortzen dutela herritarren aurrean, batez ere euskara ikasten ari direnen kasuan”.

Maitasuna Irakurraldia

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.