Anderson, Pasolini, Tsvetaieva eta Wharton: Literatura Unibertsala lehiaketako protagonista

EIZIE elkarteak Literatura Unibertsala lehiaketaren deialdia abiatu du, munduko literatur lanak euskarara ekartzeko asmoarekin. Aurten Edith Wharton, Pier Paolo Pasolini, Marina Tsvetaieva eta Sherwood Anderson idazleen obra banaren itzulpena esleituko dute. Albiste honetan bildu ditugu lehiaketari buruzko xehetasunak.

 

8946f691-de5c-4b44-871b-5702e0794768

EIZIE elkarteak 30 urte pasatxo darama Literatura Unibertsala bilduma hauspotzen. Proiektuak hainbat fase izan ditu, eta hari esker iritsi dira euskarara, besteak beste, Mary Shelley eta Milan Kunderaren lanak (hona hemen Literatura Unibertsalean argitaratu diren lan guztien zerrenda).

Aurtengoan, lau itzulgai proposatu dituzte; hiru eleberri: Edith Whartonen Ethan Frome, Pier Paolo Pasoliniren Ragazzi di vita eta Marina Tsvetaievaren Mon frère féminin: Lettre à l’amazon; eta ipuin liburu-bat: Sherwood Andersonen Winesburg, Ohio. Lau autore horien artean, biren aleak dauzkagu dagoeneko euskaraz: Pier Paolo Pasoliniren poema eta testu solte batzuk –Armiarman eskuragarri–, eta Gauza baten ametsa eleberria (Josu Zabaleta itzultzaile; Alberdania, 1998); eta Tsvetaievaren poema bat, Josu Landak itzulia.

Jarraian, lehiaketari buruzko xehetasunak bildu ditugu. Informazio gehiago eta laginak eskuratzeko, jo orrialde honetara.


Lehiatzaileak

Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile.

Aurkeztu beharrekoak

Lehiatzaileen eskura jarritako testuaren itzulpena (lau kopiatan), ezizen batekin.

Horrekin batera, gutun-azal itxi baten barruan, itzultzailearen datuak adieraziko dira, eta ezizen bera errepikatu gutun-azalean. Hauek dira adierazi beharreko datuak: itzultzailearen izen-deiturak, helbidea, telefonoa, helbide elektronikoa, izenpea. Nortasun agiriaren fotokopia ere sartu behar da gutun-azal horretan.

Obra baterako baino gehiagorako laginak aurkeztekotan, bakoitzari bere ezizen eta gutun-azal itxia erantsi behar zaio.

Proiektuak aurkezteko lekua eta epea

Epea 2021eko ekainaren 9an amaituko da, eguerdiko 12:00etan.

EIZIE elkartearen egoitzan aurkeztu behar dira itzulpen-proiektuak. Helbidea: Zemoria 25, behea – 20013 Donostia. Postaz edo mezulariz bidaliz gero, «Literatura Unibertsala» lehiaketarako dela adierazi gutun-azalean.

Epaimahaia

Hiru lagunek osatuko dute epaimahaia, jasotako itzulpenak aztertu eta esleipena egiteko. Itzulpengintzaren munduan aitorturiko gaitasuna eta prestigioa duen pertsona bana izendatuko dute Eusko Jaurlaritzak, itzulpenok argitaratuko dituzten argitaletxeek, eta EIZIE elkarteak. EIZIEk idazkari bat ere izendatuko du, hizpiderik eta botorik gabe arituko dena. Epaimahaiaren erabakia atzeraezina izango da.

Esleipenaren jakinarazpena

EIZIE elkartearen webguneko albistegiaren bidez jakinaraziko da epaimahaiaren erabakiaren berri. Esleituak izan diren proiektuen itzultzaileei zuzenean jakinaraziko zaie.

Esleipenaren osteko kontratazioa

Esleipenaren ondoren, obra osoaren itzulpena egiteko kontratua sinatuko dute EIZIEk eta itzultzaileak, eta obra hori hirugarren batek argitaratzeko baimena emango dio itzultzaileak Elkarteari (Erein eta Igela argitaletxeek argitaratuko dituzte paperezko liburu eta e-book forman, bilduma honetarako bat eginik).

Ordainsaria

Ethan Frome: 2.808 euro | Ragazzi di vita: 8.181 euro | Mon frère féminin: 883,5 euro | Winesburg, Ohio: 5.616 euro

Bildumarako finkaturiko ordainsariak erabili dira, sorburu-testuaren eta hizkuntzaren arabera. Gaztelania: 24 euro orriko. Frantsesa, ingelesa, katalana, galegoa, portugesa, italiera: 27 euro orriko. Gainerakoak: 30 euro orriko.

Obrak itzultzeko epea

Liburuak itzultzeko epea orri kopuruaren araberakoa izango da, esleipena jakinarazten denetik hasita: 125 orri – 6 hilabete. Proportzio horren arabera kalkulatuko dira epeak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.