Patioa

 

Lehenengo hitza idatzi eta woooooow kolektibo bat entzun da nire eraikineko patioan. Bigarren hitza idatzi eta txalo zaparrada bat. Hirugarrena idaztera noa, baina blokeatuta nago. Beste bat! Beste bat! Entzun dut patioan. Korridoretik bueltak ematen hasi naiz, hirugarrenaren bila. Hirugarrena nahi dute. Ezin dut. Hitz bat zor diet. Baina zein? Ez dut sinplea izan nahi, originala izan nahi dut. Aho zabalik utzi nahi dut patioko publikoa.

Beste bat! Beste bat! Hitz eder bat merezi du multzoak. Rokoko estiloko hitz hanpatu bat, igual. Pentsatu dut zuzenean ikusi beharko nukeela fête galante horietako bat, nire inspirazioari on egingo lioke. Patioan dagoen bat baino gehiago dezepzionatuko nuke jakingo balu Londresen egonda nagoela behin baino gehiagotan, baina ez dudala inoiz Londreseko Wallace Collection bisitatu.

Patioko jendeak hor jarraitzen du eta nik, Fragonarden kolunpioan, hanka erotismoz luzatzen diet. Nire hitz ederrenaren zain daude gozamen linguistikoaren zaleak, plazera sentitu nahi dute denek. Nik daukat, antza, hirugarren hitza erditzeko boterea. Hitz baten etorkizuneko ama ote naiz? Hitz batek ama izan dezake?

Txistuka hasi dira. Orain bai, ez badut hitz bat idazten, beste idazleren baten lehio azpian jarriko dira testu eske. Eta betiko ahaztuko naute sexy planta hauek egiten kolunpio honen gainean. Begi guztiak kontrako noranzkoan zuzenduta daudenean ere, sexyarena egiten jarraituko dut neurriz kanpo eta hitzik gabe.

Patioa hustu da, plastikozko poltsa bat bezala. Bakarrik nago nire objektu hilen artean. Bakarrik geratu naiz ezer lehengo hitzak idazten nituenean bezala. Ez dut irakurlerik. Horrela idazten dudan dena erditu eta hil egiten da. Baina isilik geratu da dena, isilegi. Eta, horrela, bat-batean, gonbidatu ez dudan kanpotar bat bezala heldu da hirugarren hitza. Lehenengo bien ondoan kokatu dut: idatzi.

 

sitsek.com

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.