Leonardo Padura eta Najat el Hachmi, Literaktum topaketetako protagonista

Literaktum jaialdiaren eskutik, egitasmo berri bat abiatu da Donostian: Literaktum topaketak. Leonardo Padura eta Najat El Hachmi idazleak izango dira bertako gonbidatuak, maiatzaren 20an eta 27an, hurrenez hurren.

najat-el-hachmi-acn

Literaktum topaketak izeneko egitasmo berria abiatu dutela jakinarazi du Donostia Kulturak. Izenak berak dakarrenez, Literaktum jaialdiaren baitan kokatzen da proiektu hau, eta, antolatzaileen esanetan, «urte osoan zehar ibilbide ezaguneko eta gaurkotasuneko literatur sortzaileen bisitak» jasotzea da helburua, «euren lanak eta proiektuak irakurleekin parteka ditzaten».

2021ean, bi idazleren etorrera iragarri duten. Lehenik, maiatzaren 20an, eta topaketei hasiera emateko, Leonardo Padura idazle kubatarra Donostiako Antzoki Zaharrean izango da: bere ibilbide literarioaz eta idatzi duen azken eleberriaz hitz egingo du Karmele Jaiorekin. Ekitaldia 19etan izango da, dohainik, baina gonbidapena jaso behar da aldez aurretik. Solasaldiaren bezperatik egongo dira eskuragai gonbidapenak, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta pertsona bakoitzak bi gonbidapen har ditzake gehienez.

Maiatzaren 27an, berriz, Najat El Hachmi idazle katalanaren txanda izango da. Txani Rodriguezekin mintzatuko da bere ibilbide literarioaz eta bere azken nobelaz, Okendo kultur etxean, 19etatik aurrera. Gonbidapenak maiatzaren 26tik aurrera, hau da, ekitaldiaren egunaren bezperatik aurrera, eskuratu ahal izango dira Okendo Kultur Etxean bertan. Gehienez bi har daitezke pertsona bakoitzeko.

Paduraren lanik ez daukagu euskaraz; El Hachmirena, ordea, bai: Azken patriarka eleberria itzuli zuen Jexuxmari Zalakainek, eta Txalapartaren eskutik kaleratu, 2016an.

Literaktum jaialdia, bestalde, azaroaren 8tik 21era bitarte egingo dute aurten. Informazio gehiago, hemen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.