Joxe Luix Agirretxeren poesia liburua aurkeztu du Maiatzek

Joxe Luix Agirretxek Heriori ebatsitako poemak poesia liburua aurkeztu berri du Maiatz argitaletxearen eskutik. Heriotza ardatz duten poemetan, bizitzari egindako kantu bat topatuko du irakurleak.

luzienjoxeluix

150 liburu inguru eta 72 aldizkari. 40 urte beteko ditu aurten Maiatz proiektuak, ohi bezala lanean murgilduta. Lucien Etxezaharretak aurkeztu zuen pasa den larunbatean Lezon, haien liburu bildumako alerik berriena: Joxe Luix Agirretxeren Heriori ebatsitako poemak.

Lucien Etxezaharreta editoreak argitu zuen, ezer baino lehen, Covid mendea baino lehenago idatzia dela, “Heriotzari ebatsitako poemak ez dira Covid garaikoak. Biziaren apustua ikusi diot liburuari”.

Urtzi Urkizuk idatzi du liburuaren hitzaurrea, eta berak ere argi ikusten du heriotza ardatz duen liburuaren argia “Sentimendu andana bat transmitituko dizkio idazleak olerki hauetan sentitzeko prest dagoen hartzaileari. Aldi berean sentituko da olerkiaria tarteka balantzaka zutik doanean, baina errepide galduan doan bitartean beti izango du heldulekuren bat, beti ageri-agerian ez badago ere. Iluntasunean zentzuduna da liburua”.

azalajoxeluix

Iluntasunetik argira

Jose Luix Agirretxe Mitxelena (Lezo, 1969) euskarari loturiko hamaika proiektu eta herri mugimenduetan egin duen lanagatik da ezaguna. Azkenaldian, memoria historikoari loturiko lanak ere idatzi izan ditu, poesia argitaratu aurretik.

Egilek berak azaldutakoaren arabera, “1989 inguruan idatzitako ale batzuk badaude liburuan, baina gehienak 1999tik 2019ra bitarte sortutakoak dira, izurrite hau iritsi aurreko aldikoak. Ez dira bloke batean sortutakoak, beraz, bizitza zati bati loturikoak baizik”.

Irakurleak poemategi honetan topatuko duen gai nagusia heriotza da, “Herioren pertsonifikazioa; heriok sortzen duen ezinegona, hor dagoen errealitatea. Lehenengo irakurraldian, poemak banaka-banaka hartuta, ilunak dira eta badute etsipen puntu bat, baina horrekin lotuta argitu behar dut oso gutxi idazten dudala: nik terapia moduan idazten dut, lepo gainean daramagun ganbara ez lehertzeko, presio heltzeari eskape balbula emateko. Niretzat hori da idaztea”.

Desesperazioa eta etsipena bereizten ditu, hala ere, Agirretxek “Ezintasunak oraindik ere borrokatzera bultzatzen zaitu, baina etsitzen duzunean heriotzari paso ematen diozu, bukaera onartzen duzu”. Bi tentsio horien artean idatzia da liburua, “baina ideia nagusi batekin geratzea nahi nuke: gizakiok dugun ulertzeko ahalmen txikian, ez gara iristen infinitoaren ideia edo ezerezaren ideia neurtzera edo ulertzera. Adierazi nahi dudana da bizia bera salbuespena dela, infinituaren aurrean salbuespena garela, eta ospatu behar dugula, gure miseria eta zama guztiekin ere pribilejiatuak garelako”. Unibertsoa iluna da, eta gizakoi ezinezkoa zaigu infinitoa eta heriotza zer diren ulertzea “Dena kentzen diogu heriori: garaipen eta lorpen txiki bakoitza, gozagarri zaigun momentu bakoitza maite dugun jendearekin. Momentu guztiak heriori lapurtutako momentuak dira, ezerezari lapurtutako momentuak. Irribarre bat heriotzaren antitesia da, argitasun puntu izugarri bat”.

Liburuan badira bestelako gaiak ere, “Batetik, maitasuna, maitasun ez korresponditua gehienetan, eta horrek sortzen dituen bihozminak”. Beste bloke batean euskara gai duten poemak egongo lirateke, “horiek minetik eta benetako ezintasun batetik idatziak dira. Nolabait euskararen aldarrikapen desesperatu bat”. Zehaztu ere egin du egileak bere ezinegonaren ardatza “Euskaldun txarrek eragiten didaten erresumina. Euskaldun txarra niretzat da euskaraz jakin, euskalduna dela aldarrikatu, abertzale dela eta abar, eta gero ez dena euskaraz bizi eta ez duena sinesten Euskal Herri euskalduna lortzeko kapaz garela. Talamalez, milaka ezagutzen ditugu”. Euskararekiko zabarkeriak ere izugarrizko mina ematen dio “Inork ez du euskara zainduko, euskaldunok izan behar dugu euskararen zaintzaileak. Ari naiz zuzentasunaz, egokitasunaz, jatortasunaz. Gaur egun oso zabar jokatzen da, medioetan adibidez, erdarakadekin. Horrek adierazten du zein neurritan dagoen herri hau asimilazio fase aurreratu batean; eta horrek hizkuntzan erabateko eragina du, erdal egiturak sartzen direlako gure hizkuntzan, eta horiekin hitz egiten dugulako”.

Azkenik, gaien artean bada jostagarriagoa den beste bat “Globalizazioaren auziaren bueltakoak: bizimodu aldaketa, gizakion arteko harremantze moduen aldaketa…”.

Egilearen barruko kezkak, minak eta eguneroko laneko islak topatuko ditugu, beraz, Heriori ebatsitako poemak liburuan. Lander Zurutuzak sortu ditu libururako ilustrazioak, eta Iñaki Labakak musikatu ditu hiru poema.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.