Juan Kruz Igerabideren eta Iñaki Segurolaren eleberriak argitaratu ditu Alberdaniak

Doneaneko alaba eta Koiteretzia eleberriak aurkeztu ditu azken asteotan Alberdania argitaletxeak, Juan Kruz Igerabide eta Iñaki Segurola autoreek idatziak dira, hurrenez hurren.

Azala_Doneaneko alaba_INP

Iraganeko gertakariek orainean duten pisuari erreparatu dio Juan Kruz Igerabidek bere azken eleberrian: Doneaneko alaba; Iñaki Segurolak, aldiz, orain betea islatu du Koiteretzian: izenburuak adierazten duenez, Covid-19ak ekarritako egoera du ardatz. Alberdaniak plazaratu ditu bi-biak.


Iraganeko zaurien orbainak orainean 

Doneaneko alaba eleberriaren narratzaileak, mutil koskorra zela, gertaera traumatiko bat bizi izan zuen, bando nazionala bere herrian sartu zenean, Espainiako Gerra Zibilean: auzoko emakume bat bortxatu zuten soldaduek, mutila umiliatu, eta belaunean kolpe bat eman zioten, herren utziko zuena betirako. Arrasto psikologiko sakonak utzi zizkion orobat gertaera hark. Jorge Gimenez Bech editorearen esanetan, «eleberri sendo eta umotu» bat da Igerabideren hau, bere ibilbideko zortzigarrena. Halaber, Igerabidek bide opera egin du beste hainbat generotan, hala nola poesian, aforismoetan eta haur eta gazte literaturan.

Autoreak berak azaldu duenez «nobelan zehar […] bi zauri horien bilakaera kontatzen da. Narratzaileak jarrera zurrun eta zinikoa hartuko du bizirauteko, literatura-ikerkuntzan eta liburuen munduan gotortuko da, bere behar fisiko eta emozionalak modu mekaniko eta hotz samar batean bideratuko ditu, bizitza “ustez” sendo bat eraikiz, eta handik munduari destainaz eta ironiaz begiratuz».

Nolanahi ere, Doneaneko alabaren agerpenak (bortxatu zuten emakumearen alaba da, hain zuzen ere), errotik aldatuko du narratzailearen tonua: «narratzaileak eraikitako mundu sendo baina hila kolokan jartzen da, biziberritu egiten da, eta aldi berean zaurgarriago, ahulago bihurtzen da».

Libruaren estiloari dagokionez, aipagarria da Igerabidek mitologia baliatu duela narrazio osoan, zenbait pasarteri indarra emate aldera: «Gertakizun “historikoei” halako hedadura antropologiko bat eman nahi izan diet, giza kondizioaren zenbait korapilo agerian jarriz. Erreferentzia mitologiko eta literario horiekin, nobelako gertaerak eta pertsonaiak unibertsalizatu egiten dira nolabait».


Pandemiari buruzkoak, hiru ahotsen arteko solasean

Aurrez saiogile moduan ezagutu du euskal irakurleak Segurola; iaz, esaterako, Sed quia sua argitaratu zuen Ereinen eskutik euskarak «zer dioen antzemateko» saio bat. Oraingoan, ordea, narratibara jo du, pandemia-garaiari erreparatzeko. Gimenez Bechek aitortu du «aurreiritzi gaizto batez» ekin ziola lanaren irakurketari, baina berehala uxatu zituela susmo txarrak: «Koiteretzia eleberri peto-petoa da».

Eleberri dialogikoa, hain zuzen ere. Honela azaldu du Segurolak liburuaren egitura: «Platonen elkarrizketen tankeran osatu dut nobela, baina 350etik gora orrialdetan. Xelebrea, ezta? Platonez esan ohi dena zera da: zerbait ikaspen atera, zerbait irakatsi. Nerean, ordea, ez da ondorio garbirik ateratzen. Hasieran jarrera garbi-antzekoak ageri dira elkarrizketan ari diren hiru pertsonaien arteko jardunean, bai pandemiari buruz, bai honetaz eta hartaz, bai bitartean gertatzen direnei eta zaizkienei buruz, baina, bizitza eta mundu errealean ohi den moduan, iritziak eta jarrerak lausotu besterik ez dira egingo denborak eta gertaerek aurrera egin ahala»

Iritzi eta jarrera desberdin horiek gorpuzteko, hiru pertsonaia hautatu ditu: neska gazte bat, gizon heldu bat eta mutil gazte bat. «Haietako bi, “kritiko” dira (“negazionista” edo “konspiranoiko”, kaleko hizkeran) pandemiarekiko, eta bestea “ofizialista”. Hortik aurrera, gauzak gertatzen dira, eta, orrialde eta gertaeren joanean, lausotu egingo dira hasierako jarrera gotor horiek».

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.