Kalean da «Eskuan beti zerbait», Maialen Berasategiren estreinako poema-liburua

Estreinako poema-liburua argitaratu du Maialen Berasategik, Eskuan beti zerbait, Balea Zuria argitaletxearen eskutik. DK poesia sariaren 4. edizioa irabazi du lan honi esker Berasategik –Donostia Kulturak eta Balea Zuriak antolatzen dute–.

Captura de pantalla 2021-05-31 a las 21.05.29

Sari bat irabazita kaleratu du bere opera prima Maialen Berasategik: Eskuan beti zerbait poema-liburua. Laugarren edizioa izan du aurten sariketa horrek, eta Donostia Kulturako zein Balea Zuria argitaletxeko ordezkariek poza adierazi dute, ez baita beti erraza halako egitasmoak «mantentzea». Saria hau, ordea, arian-arian erreferente bihurtzen ari dela iruditzen zaie. Aurreko urteetan, Esti Martinez Diaz de Ceriok, Gorka Salcesek eta Lizar Begoñak eskuratu dute.


Poemen sua, mimoz landua

Berasategiren lana, gainera, «aho batez» nagusitu zen epaimahaiaren iritzian. Aritz Gorrotxategik –Balea Zuriako editoreetako batek– hainbat ezaugarri nabarmendu ditu: haren esanetan, poema-liburua «oso ondo idatzia» dago, euskara ederki ezagutzen duen baten eskutik. Gainera, «kexua» adieraztea lortzen du, baina poesiaren baitan betiere, «lirismoari eutsiz». Poema-liburuaren orekaz mintzatu da orobat argitaletxeko kidea: ondo neurtuta eta ondo pentsatuta daude Berasategiren aleak; ondo landu du «poemen sua».


Ezinegonari

Berasategiren hitzetan, ezinegona izan da liburuaren «pizgarri» nagusietako bat. Abiaburu klasikoa bezain garaikidea da ezinegona, pandemia garaiaren aurretik sentitzen dugun «su bare bezainbat odoltsua». Berasategik adierazi duenez, bestalde, konpartituak dira larridura horiek: «ezinegon kolektibo» bat. Besteak beste, «Ezin egon» poema da horren adibide:

Haurra ere artega dago, ohartzen da / galdetu dizu zer den ezinegon hori / baina bere hitzez, hots / zer den titietatik behera eta zilborretik gora / kro-kro traban daukan bola / eta erantzun diozu apo txiki bat dela, pilpiraka / ixteko begiak, egiteko maitte-maitte eta / isilduko dela / eta errezatu duzu hatzak gurutze izarapean / balio dezan gezurrak gaurkoz / bihar besteren bat bururatu bitartean. 


Bizitzaren laugarren hamarkadan ulertzen (eta/edo onartzen) direnak

Beste gai batzuk ere landu ditu poetak. Bizitzako laugarren hamarkadara iristeak dakartzan gorabeherak: sorpresak, ezinak eta ahalmenak, esaterako. «Kexua» aipatu du Gorrotxategik, eta autoreak berak adierazi du «errebelazio txiki bat», gabetuen «protesta literario bat» egin nahi izan duela liburuan, «non eta nola gauzkaten gogorarazteko saialdi bat».

Berasategirentzat jolas bat izan da poemok idazteko lantegia: jolasa «oso serio» hartu du, halere. Hizkuntzarekin aritze horretan, zenbait helburu ezarri dizkio bere buruari: «trinko idaztea», «ahal bezain sinple eta behar bezain sakon» idaztea, eta umore printza batzuk gehitzea betiere, «desdramatizatzeko».


Poeta ez ezik, itzultzaile

Ikasketaz, eta ogibidez, itzultzailea da Berasategi, eta Berriako euskara taldean dihardu gaur egun. Zenbait literatur lan eta saiakera euskaratu ditu: Adrienne Rich-en eta Rebecca West-en obrak, besteak beste. Hona hemen gure atarian egin dizkiogun elkarrizketak, eta Kattalin Miner kolaboratzaileak testu feministen itzulpenari buruz idatzitako erreportajea:

«Amatasunaren gaineko sinplifikazioa desinplifikatzearen aldeko liburu bat da hau, oso-osorik»

«Poesiazale gehienek aurkitu ahalko dute bere egiteko zerbait Adrienne Richen aleen artean»

«Munduko feminismoa, euskarari emana»

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.