Nerea Baldaren apalategian: Euskal literaturako mugarri zenbait

Apalategian atalean, beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazleei hilean behin. Gaurkoan, Nerea Balda.

20190404_225916

Nerea Balda irakaslea da lanbidez, eta 2019an argitaratu zuen bere estreinako eleberria, Atzerrian, Pamielaren eskutik, Ramiro Pinilla saria irabazi ostean. Hona hemen bere liburu-zerrenda.

Mesanotxean daukazun liburua: Slavenka Drakulićek idatzi eta Amaia Apalauzak euskarara itzulitako Han ez banengo bezala, batetik, eta Arkanbele kantak, Mikel tabernaren azken poema liburua, bestetik.

Zure bizitza aldatu zuen liburua: Ez dakit harrokeria den hau esatea, baina  bizitza benetan aldatu,  nire liburuak aldatu zidan. Pentsa, 44 urterekin argitaratu nuen, eta orduan bilakatu nintzen “ofizialki” idazle. Aurretik izan ez nituen aukerak zabaldu zizkidan horrek: literatur solasaldietan parte hartzea, irratian kolaborazioak egitea, literatur lehiaketako epaimahaikide izatea… “Ene kantak” taldearekin bideoklipa grabatu nuen eta guzti!

Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua: Hamaika pauso. Saizarbitoriazalea naiz, berez, beste guztiak irakurriak dizkiot, baina honi behin baino gehiagotan ekin diot, eta aparkatuta bukatu du beti. Dena den,  ez dut baztertzen beste saiakeraren bat egitea.

Gogotik oparitzen duzun liburua: Ez da bakarra, normalean saiatzen naiz gustuko izan ditudanetatik beste pertsonarentzat egokiena dena aukeratzen. Beste batzuetan, liburua ezagutu ez, baina ikusi eta pentsatzen dut: hau halakorentzat!

Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna: Istorio amaigabea, oso ume nintzela irakurri nuen eta liluratu ninduen. Bestela, etxean ahizpek bazuten Los Hollister eta Puck-en bilduma zabala eta oso gogoko nituen, denak irentsi nituen.

Zuk zeuk idatzi nahi izango zenukeen liburua: Irakurtzen ari naizenean askotan izaten dut sentsazio hori, “hau nola ez zait niri bururatu” edo “horrela kontatu nahiko nuke hau”… Baina bat aukeratzekotan, Irati Jimenezen Nora ez dakizun hori esango dizut, istorioagatik, kontamoldeagatik, estiloagatik…

Negar eginarazi dizun azken liburua: Asko hunkitu ninduen Amets Arzalluz eta Ibrahima Balderen Miñanek, adibidez. Hunkitzen naute jaio naizen tokian jaio izanagatik zein pribilejiatua naizen gogorarazten didaten istorioek.

Barre eginarazi dizun azken liburua: Erabili goldea hilen hezurren gainetik liburuko pertsonaia nagusiak irribarrea behin baino gehiagotan eragin zidan, emakume xelebre xamarra da, eta liburuak badu halako ironia eta umore berezia.

Inoiz irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua: Idazle handitzat hartzen direnen asko, seguraski; baina horien artean Virginia Wolf irakurri ez izanak lotsatzen nau gehien.

Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua: Sarriren Hnuy illa nyha majah yahoo poesia liburua. Poema batzuetara behin eta berriz itzul ninteke.


Elkarrizketa honen uberan

«Krisialdi baten kontakizuna egin nahi nuen» (Nerea Baldari elkarrizketa, Atzerrian eleberriaren harira)

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.