«Epizentroa», Nerea Loiolaren estreinako ipuin-liburua helduentzat

Epizentroa (Erein, 2021) kaleratu du Nerea Loiolak, bere estreinako ipuin-liburua helduentzat. Zazpi narrazio independentek osatzen dute liburua, baina harremanen eta erabakien gaiak zeharkatzen ditu denak.

 

autor709

portada1504

Ingeniaritza mekanikoa ikasi zuen Nerea Loiolak, eta matematikako irakasle dihardu gaur egun, bigarren hezkuntzan; literaturareko joera ere badu, alabaina, eta duela urte batzuk ekin zion ipuinak idazteari. Hasieran, haur eta gazteei zuzendutako istorioak idatzi zituen; horien emaitza izan ziren bere lehen bi liburuak: Harri bat poltsikoan (2018) eta Azken lanhütarra (2019), Ereinen eskutik argitaratuak biak ere.

Ondoren, bestelako gai eta kontu batzuk jorratzeari ekin zion, eta hala iritsi da helduentzako lehen lana plazaratzera: Epizentroa (Erein, 2021). Asteazkenak Komandoak egin du azala (Jon Aranguren eta Maddi Zumalabe).


Erabakien arrakalan

«Hasiera berri batek, benetan berria denean, krisia sortzen du. Benetako edozein aldaketak beldurra sortzen du. Beldurrik ez baduzu, ez da benetako aldaketa».

Hala dio liburuko aipu batek. Eta, hain zuzen ere, «gure buruan errotzen doazen erabakien eta erabaki horiek benetan gauzatzearen artean dagoen amildegian kokatzen dira sarri ipuin hauetako pertsonaiak», argitaletxeak jakinarazi duenez, «erabakitakoa adierazi, ekin edo norbere burua aldatzearen borondatearen eta borondate hori gauzatzeak dakarren bertigoaren ataka zailean».

Zazpi narrazioz osatuta dago lana, eta elkarren artean autonomoak izan arren –ez baitago denak lotzen dituen azpi-haririk–, zenbait gairen bueltan ardazten dira guztiak: maitasuna, desioa, sexua, gurasotasuna, zoriontasunaren eraikuntza, nahiak eta ezinak… Autoreak aipatu duenez, bestalde, «erabakien aferaz» gainera, «harremanen» gaia lantzen da  ipuin guztietan.

Horren haritik, «xehetasunari eta keinuari» erreparatzeko Loiolak duen gaitasuna azpimarratu dute Erein etxekoek.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.