Antxiñe Mendizabalen literatur gomendioak udarako

Ikasturte honetan idazleen apalategietan kuxkuxeatu dugu; uztailean, berriz, haien uda-gomendioak eskainiko dizkizuegu. Nobedade, klasiko eta liburu kuttun bana aipatzeko eskatu diegu. Gaurkoan, Antxiñe Mendizabal.

antxiñe1

Antxiñe Mendizabal (Zumaraga, 1968) ediziogintzari lotuta ezagutu dugu luzez. Azken urteetan, ordea, sorkuntzari loturiko beste alderdi batzuk ere plazaratu ditu, liburu zein eszena formatuan: Emakume burugabea poesia liburu ilustratua argitaratu zue Iraia Okinarekin batera, eta liburuan oinarritutako izen bereko performancea taularatu zuen Nerea Gartziarekin. Iaz publikatu zuen bere lehen nobela, Odolekoak, Elkar argitaletxearen eskutik.

KLASIKO BAT

Miedo. Stefan Zweig. Jatorrizko izenburua: Angst.

Miresten dut Vienan 1881 urtean jaio zen idazleak eleberri motz honetan erakusten duen narraziorako talentua. Idazkera neurritsua, arina eta gardena du, irakurlerik nagiena ere bereganatzeko modukoa, horregatik izan ziren, hain justu, bere garaian hain arrakasta handikoak Zweigen argitalpen guztiak. Ezkontzaz kanpoko harreman batean nahastu dela argitara ekartzeak Irene Wagner protagonistari eragiten dion beldurraren kontaketa zehatza, doia eta erreala egiten du idazleak, irakurlearengan beldur eta larritasun berberak eraginez. Idazleak protagonista amildegiaren ertzera eraman ahala, irakurleak gero eta jakin-min handiagoaz egingo du istorioan aurrera, azken ustekabeko batek harrapatzen duen arte.

NOBEDADE BAT

Egun gorrietan. Elena Martinez Rubio.

Gogoetarako liburua deitu diot saiakera eta dibulgazio liburuetatik zertxobait bereizi, eta irakurle bat baino gehiago erakarriko dudalakoan. Nire antzera, ibilian pentsatzeko ohitura duen idazle naturazalea delako aukeratu dut, lehenengo eta behin. Bigarren, behatzaile fina izateaz gain, begirada zorrotza eta gardena antzeman diodalako. Hirugarren, gizartea astintzen duten gaiekiko interesak bultzatu duelako idaztera. Laugarren, bere jakintza-gaiak ugariak izanik, errealitatean arakatzeko ikuspegi askotarikoak aurreikusi dizkiodalako. Liburua irakurrita berretsi ditut aurrez pentsatutako guztiak. Asko jakin, ondo begiratu eta berezko irizpideak izan behar dira gogoeta saio hau egiteko. Historia, euskara, modernitatea, filosofia, zientzia eta teknologia, turismoa…, egungo eta betiko gaiak izan ditu hizpide liburuan gustu handiz idatzi eta apailatutako testuetan. Ezjakintasuna nagusi den garaiotan, gogoeta egin eta ikasten laguntzen duten testuak osatzen dute Egun gorrietan.

LIBURU KUTTUN BAT

La conjura de los necios. John Kennedy Toole. Jatorrizko izenburua: A Confederacy of Dunces.

Gutxitan gertatzen zait zer irakurri ez jakitea; baina tarteka suertatzen zait esku artean ibili ohi ditudan gaiek eragindako nekeagatik, edota berritasunen bat topatu nahi dudalako. Eleberri hau, berrirakurrita ere, beti berria eta harrigarria zait. Ignatius Reilly protagonistaren ibilerak aldi berean dira barregarriak, tragikoak, xelebreak, zentzuzkoak, epikoak, hunkigarriak, patetikoak…, labur esanda, pertsonaia ikaragarria da. Bestalde, egileari argitaratu ezinak eragindako depresioak eta bere buruaz beste egiteak beti hunkitu nau, erakusten dutelako testuarekiko egilearen egiazkotasunaren eta konpromisoaren neurria. Amak lortu zuen semearen lanak argia ikus zezan eta geroztik bihurtu da literaturaren historian gehien saldu den eleberrietako bat da.

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.