Oihana Aranaren poema: «DIPLOTAXIS TENUIFOLIA»

Abendura bitarte, gure kolaboratzaileek sormen-lanak eskainiko dizkigute astero; gaurkoan, Oihana Aranaren sortako lehena. Apirilean argitaratu zuen Aranak bere estreinako poema-liburua: Lazunak azkazaletan (Susa, 2021).

Diplotaxis_tenuifolia_(Perennial_wall-rocket)_-_Family_Brassicaceae

DIPLOTAXIS TENUIFOLIA

 

«Quiero ser en este cuerpo un árbol»

-Ingrid Bringas

 

Nik ere zuhaitz izan nahi dinat

gorputz honetan;

edo are, zuhaitz izan nahi dinat

hire gorputzean.

Sarkin desesperatuak nola: sudurluze, arrotz.

 

Nola egiten den asmatu bitartean,

hemen natzan, hire landaretasunari so.

 

Lore horiak belarri atzeetan;

baxera ederrez sinbolizatutako

etorkizun deszifraezina esku ahurretan

belaunburuetan jaiotako iratxoak

loreak jan guran,

hanketatik belarrirako

lasterketa amaiezinean:

loreak usna ditzakete;

baina ikusi ez

batek dakin zein den oinaze handiagoa

ezin ikustea edo

ezin usaintzea;

loreen kasuan beti egiten dinat usainaren alde.

 

Halatsu gertatzen zaidan hirekin ere.

Maiteago dinat hire perfumea

haren falta igarri ezin dezakedanean.

Plastiko zati aseptiko bati dariona baino

gehiago maite dinat hire azalaren

berezko aroma, baita hire azal perfumetuarena ere.

 

Maiteago ditinat hildako landareak

bizirik daudenak baino.

 

Propio zelaiari ostutakoak

 

lurretik erauzi berritan politak

lehortzen utzi eta gero ederrak.

 

Ez diten ezer behar; urik ere ez

eta ez hakit asalda

ez ezan ura

zaintzaren metafora gisa har

eta ez iezadan

ez den ezer esan.

 

Maiteago ditinat hildako landareak

haiek isurtzen dutelako ura

komeni zaizenean

komeni zaien lekutik.

This entry was posted in Albisteak, si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.