«Le Guinen eta Thoreauren lanek balio handia dute pentsamendu kritikoa aktibatzeko»

Antonio Casado da Rocha elkarrizketatu dugu, EHUren Gipuzkoako campusean datorren hilean abiatuko diren irakurketa-taldeei buruz gehiago jakiteko. Ursula K Le Guinen Oihan hitzean mundua (Igela, 2021) –Amaia Apalauza itzultzaile– eta Henry D. Thoreauren Walden –aurki kaleratuko du Katakrakek, Danele Sarriugarteren itzulpenarekin– irakurriko dituzte. Zabalik dago izena emateko epea. Irudia: Oihan hitzean mundua liburuaren azala, Leire Urbeltz.

 

image

Urritik aurrera, bi irakurle-talde abiatuko dituzte EHUren Gipuzkoako Campusean (Donostia). Izen-ematea zabalik dago irailaren 30era arte.

Hilero, hilaren bigarren asteazkenean, Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua (Igela, 2021) –Amaia Apalauza itzultzaile– eleberria irakurriko dute. Urriak 13, azaroak 10, abenduak 9, otsailak 9 eta martxoak 9 izango dira talde horren datak. Azaroan hasiko da bigarren irakurle-taldearen martxa: hilaren laugarren asteazkenean, alegia, azaroaren 24an, abenduaren 22an, otsailaren 23an, martxoaren 23an eta apirilaren 27an, Henry D. Thoreauren Walden saiakerari helduko diote –aurki kaleratuko du Katakrakek, Danele Sarriugarteren itzulpenarekin–. Atalka irakurriko dituzte bi liburuak.

Taldearen funtzionamenduari eta liburuei buruzko xehetasunak azaldu dizkigu Antonio Casado da Rochak.

Nondik sortu da egitasmoa?

Azken 4 urteotan izan naiz Gipuzkoako campuseko kultura zuzendaria eta diagnosia argi genuen: elkarguneak behar ditugu, gelatik edo laborategitik kanpo ere harremanetan sartzeko, unibertsitatearen kultur jarduera campuseko komunitatearen emaitza izan dadin. Pandemiak behar hori areagotu baino ez du egin, noski. Orain kargua utzi dut, denbora gehiago izango dut literaturarekiko grina asetzeko, eta Beronika Azpillagari (oraingo zuzendari berria) proposatu nion ideia. Aurrekontua oso mugatua izango dugu baina, finean, jendeak egiten du taldea, eta azpiegitura oso sinplea da: hamabostean behin elkartzeko toki bat, liburu interesgarriak, eta irakurle gogotsuak. Campusak badu hori guztia, eta osagaiak elkartzea da kontua.

Zer dela-eta aukeratu dituzue Le Guinen eta Thoreauren lanak?

Bi klasiko dira, biak ederki euskaratu berriak, eta bizi dugun garaietarako oso egokiak. Le Guin-en liburuari buruz Arrate Hidalgok idatzi duena Waldeni ere aplika dakioke: bi liburuek badaukate «zer esana ekosistema jakin bateko izakien elkarrenganako mendetasun horren harira, eta bereziki ekosistema baten gainean logika patriarkal, kolonial eta estraktibistak praktikan jartzeak dakartzan ondorioen inguruan». Nahi genuen fikzioa eta ez-fikzioa orekatzea, eta pentsamendu kritikoaren aktibaziorako bi testu horiek balio handia dute.

Zein izango da, gutxi gorabehera, saioen funtzionamendua?

Inportanteena: ez da beharrezkoa talde bietan izena ematea! Aukeratu nahi duzuna, izena eman eta saio batean agertu. Irekiak dira saioak, ez da beharrezkoa unibertsitateko kidea izatea, baina bai ordea dagozkion kapituluak irakurrita edukitzea! Webgunean argitaratu dugu zein kapitulu noizko irakurri behar diren. Oihan hitzean mundua irakurterraza da oso; Waldenekin, berriz, laguntzeko, tranpa txiki bat egingo dugu: 1. kapitulua ez dugu hasieran irakurriko, baizik eta ikasturtean zehar; hasiko gara 2. kapituluan zuzenean.

Metodologiari dagokionez, saiatuko gara ahalik eta horizontalena izatea: taldean ez dago ikaslerik ez irakaslerik, denak irakurleak gara. Ohiko prebentzio neurriak mantenduz, zirkulu batean partekatuko ditugu aurkikuntzak, ezustekoak eta zailtasunak, irakurketan elkarri laguntzeko asmoz.


Albiste honen uberan

Ongi etorri Ursula K. Le Guinen literatur oihanetara

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.