ENE IRATXOEKIN SOLASEAN – BIXENTE SERRANO IZKO

serrano izko


Hona hemen Pamiela Argitaletxeak eskaintzen digun beste harribitxi bat, geurea bezalako euskarazko argitaratze esparru berez murriztu batean hiru jenero nagusiak, nobela, poesia eta saiakera ez diren gainerako guztiak eskertzeko moduko harribitxiak baitira ezinbestez. Areago, ondo zehaztu gabeko literatura jenero batez ari garelarik, Bixente Serrano Izkoren liburu honek egutegi baten itxura zein egitura izanda, liburuko pasarteak urteka (liburuaren azpititulua “Atzera begirako egutegia 1990-1998” da) antolatzen baitira, ez da espero genezakeen ohiko egutegia non egileak bere egunean eguneko bizitzaren berri ematen digun. Izan ere, gutxi dira, oso, Bixente Serrano irakasle, politikari ohi eta batik bat pentsalari txit finak bere eguneroko gauzei buruz eskaintzen dizkigun zertzeladak, besteak beste berak behin baino gehiagotan politikari edo pentsalari famatuen memoriak batere atsegin ez zaizkiola argi eta garbi adierazi baitzuen, gezurrak barra-barra botatzeko estakuru hutsa zirelakoan. Bixenterena irakurle baten egutegia da ezer baino lehen. Badaude, bai, zenbait zertzelada egilea bizi den gizartearen egunerokotasunaren gainean, batez ere unean uneko Nafarroako politikari zein euskal gatazkari dagozkienak. Pasarte banaka hauek badira, gainera, egunerokotasun politikoa idazpidera ateratzen duenean Bixenteren ironia fin-fina agertzeko unerik aproposenak.

-Gehienez azkeneko ekintza pare bat eskatuko niokek ETAri: 1) Barnean ei duen PPko txertatua atxilotu eta epaitu, barkazioa emateko segidan; eta 2) ETAk berak jaso armak uzteko zigorra, horren itsu ibili izanagatik. (192 Orr.)

Hala ere, ez dezagun gure burua nahastu, egutegi hau, gorago esan bezala, irakurle batena baita, hortaz, Ene Iratxoekin solasean liburuan topatuko duguna Bixente Serrano Izkok 1990-1998 urteetan irakurritakoaren berri emango digu, hau da, irakurketa horiek iradokitako gogoetak edo liburuen egileekin izandako alegiazko solasak. Bada, beraz, liburuak maite ditugunondako propio idatzitako liburu bat, eta hori Bixentek pasarte hauek noizbait argitaratzeko asmoa edo izatekotan, txitean-pitean begitantzen baitzait berarentzat propio idatzitako ohartxo soilak direla, hau da, egunez eguneko irakurketen harira egindakoak, baina gehien jota bere ondokoei erakustearren.

Edonola ere, berriro diot, Bixentek irakurle egutegi honetan egindako gogoetak zein beste idazle batzuekiko alegiazko solasak ikaragarri interesgarriak, goxo-goxoak, izaten dira batik bat literatura, historia eta filosofia maite ditugunondako. Ez da harritzekoa Bixentek, Historia irakaslea zen aldetik, Historia iruzkingai nagusia izatea, horra hor Menéndez Pidalen lanari buruzko ohartxoak, eta bereziki Euskal Herriko zein Nafarroako Erresumako Historia jorratzen dituzten liburuak hizpidera ekarrita; esaterako, Tomas Urzainki eta Juan Mari Olaizolaren La Navarra Marítima edo Josetxo Beriainen La Identidad de los vascos y navarros. Hala ere, guztiz mamitsuagoak omen dira Jon Juaristiren El Bucle Melancólico saiakeraren kontura idatzitako pasarteak, batez ere euskal nazionalismoaren nondik norakoez ari denean. Bixentek euskal abertzaletzat hartzen zuen bere burua; baina, batez ere abertzale heterodoxotzat, berak behin baino gehiagotan aitortu bezala. Hortaz, oso interesgarriak dira Juarestiren liburu arrakastatsuaren harira Bixentek egindako gogoetak euskal nazionalismoa hizpide, betiere euskal abertzale baten heterodoxiatik, alegia.

“Antinazionalistek, berriz, zientifismoko behar horrekin ere sinetsita, tai gabe ekinen diote beraien proiektu desberdinei horrelako oinarri zientifikoak emateari ez ezik, nazionalismoei –gehienetan bakar bati- oinarri horiek kentzeari ere. (209 orr.)

Edonola bere, baldin badira autore baten lanaren inguruan gogoeta benetan mardulak horiek dira egutegiko urte horietan Nietzscheren lanak banan-banan irakurri ahala egindakoak. Izan ere, Nietzscheren lanari eskaintzen dion esparrua nahikotxo luzea da, hainbat aldiz agertzen baitira liburuan zehar alemaniar filosofoaren liburuei buruzko pasartetxoak edota beste egile batzuen lanei egindako iruzkinetan tartekatukako aipuak edo. Ageri zaio, oso, Bixenteri urte horietan Nietzscheren irakurketak eragin zizkion zirrara zein astindu intelektualak, baita alemanaren zenbait pasarte euskararatuz dexente gozatu egin zuela ere.

Milaka urte daramatzagu mundua aztertzen asmo morak, estetiko, erlijiosoekin, joera itsuarekin, pasio edo beldurrarekin, pentsamolde logikoaren ozarkeriez mozkortuta. (153 orr.)

Izan ere, oso nabarmena omen da Bixentek irakurtzen zituen liburuetako aipuak erderetatik euskarara itzultzeko hartzen zuen lana, noizbait ere benetan xelebrea.

-Lotsa eman beharko lidake Koldo Izagirreren erdarazko testuak euskarara ekartzeak, hurrengo aipuetan eginen dudana, bere liburu iradokitzaile eta zorrotzetik, ironiaz eta batzuetan sarkasmoz ere beterik dagoen horretatik ekarriak, Incursión en territorio enemigo izenburuko horretatik. (255 orr.)

Egia esanda, hunkigarria eta guzti egin zait Miguel Sanchez-Ostizen No existe tal lugar liburu saritutik hartu eta euskararatu pasartetxo hau, txikitako ikaskideak ziren Miguel idazleari bihotz-bihotzez egindako gorazarre ederra deritzot eta.

“Txertatu egin zidan, ordea, naturaz gozatzeko gustua, horren artifiziala, jakina, sakon ezagutu eta konprenitzearekin batera, pasaiari buruzko pepelerdokerietatik puntu bat harantzago joatearekin batera hain erraz datorkigun gustu hori. “

Ez dago horrelako tokirik (214 orr.)

Niri, noski, literaturari buruzko gogoetak edota aipuak suertatu zaizkit gogokoenak, goxoenak agian. Halere, Nire iratxoekin solasean egutegian agertzen diren idazle eta euren liburuen zerrenda hain luzea da, ezen banaka batzuk baino ez baititut apaituko Bixenteren irakurzaletasun suharraren erakusgarri gisa: Vicente Alexandre, Jon Alonso, Pablo Antoñana, Bernardo Atxaga, Alessandro Baricco, Juan Benet, Thomas Bernhard, Jorge Luis Borges, Italo Calvino, Joseph Conrad, Willian Faulkner, Carlos Fuentes, Gabriel García Márquez, Luis Goytisolo, Miguel Hernández, Joxemari Iturralde, Milan Kundera, José Lizama Lima, Pello Lizarralde, Claudio Magris, Eduardo Mendoza, Juan Carlos Onetti, Orhan Pamuk, Ernesto Sábato, Jose Luis Sampedro, Jose Saramago, Joseba Sarrionaindia, Lev Tolstoi, Ramón Valle-Inclán, Mario Vargas Llosa, Manuel Vázquez Montalbán, Walt Whitman, Oscar Wilde, Juan Luis Zabala, Maria Zambrano. Eta bai, aipatzen duen emakumezko bakarra Maria Zambrano da, Bixenteri nabarmentzeko aukera izanez gero zinez harritu eta batez ere lotsagorrituko zukeena duda izpirik gabe; baina, tamalez bada garai edo belaunaldi oso baten paisaia kulturalaren irudia edo islada ere bai.

Labur bilduz, Ene iratxoekin solasean bada edozein historia-filosofia-politika-literaturazalek gogara, abondo, goza dezan irakurketa benetan mamitsu bat, baita Bixente Serrano Izko idazle txit azkar eta gizon ikaragarri atseginaren dotorezia intelektuala zein ironikoa ezagut dezan ere.

Txema Arinas

Uvieun, 2021/09/03

Txema Arinas

About Txema Arinas

Txema Arinas (Gasteiz, 1969) Oviedon bizi da itzultzaile lanetan. Euskal Herriko Unibertsitatean Historia lizentziatua. Azken urteotan bidaia-agente, import-export arloan eta irakasle ihardun du. Hamar nobela argitaratuak ditu: Gaitajolea (2007), Los años infames (2007), Euskara Galdatan (2008) Anochecer en Lisboa (2008), Maldan Behera Doa Aguro Nire Gorputz Biluzia (2009), Zoko Berri (2009) El Sitio (2009) Azoka (2011), Borreroak baditu hamaika aurpegi (2011) eta Muerte entre las Viñas (2012), Como los Asnos Bajo la Carga (2013), En el País de los Listos (2015), Testamento de un impostor (2017) . Halaber, "Sabino Arana o la Identidad Pervertida· (2008) eta "EL Imposible Perdido, Pasado y presente del euskera en Álava, entre la imposición y la reivindicación" izeneko entseguak. Badu ere http://quejicakexontzia.blogspot.com/ izeneko bloga.
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.