Gaur abiatuko da Hizkibridoak zikloa

Literatura mutanteei buruzko Hizkibridoak zikloa antolatu du, beste behin ere, Bilboko Euskararen Etxeak; gaur ekingo diote egitarauari: oMOrruMU baMAt ikuskizuna eskainiko dute Enrike Hurtado eta Ibon RG musikariek.

Captura de pantalla 2021-09-16 a las 8.11.51

Irailetik abendura, lau ostegunez, literatura mutanteen lagin bat erakutsiko dute Bilboko Euskararen Etxean. Gaur bertan, oMOrruMU baMAt ikuskizuna eskainiko dute Enrike Hurtadok eta Ibon RG musikariek. Joxan Artzeren ondaretik abiatzen da emankizuna, hari omenaldia egiteko asmoz. 19:30etan hasiko da.

Urriaren 7an, berriz, Dendaostekoak (Susa, 2020) liburuan oinarrituriko bertso-saioa eskainiko dute. Liburuaren egileak, Uxue Alberdik, gaiak jarriko dizkie Onintza Enbeitari eta Oihana Iguarani, eta Aitor Nova saxofonista izango dute bidelagun.

Urriaren 29an, «Frankenstein bat» deritzon musika-emanaldia eskainiko dute hainbaten artean. Jon Miranderen olerkietatik abiatutako egitasmoa da, eta bertan parte hartuko dute Elena Setienek (ahotsa), Xabier Erkiziak (elektronika) eta Grande Days musika-taldeak.

Azaroaren 11n zientzia-fikziozko bertso-saioaren txanda izango da. Bertsotan, Miren Artetxe, Eli Pagola eta Jone Uria arituko dira, eta gaiak jartzen, berriz, Danele Sarriugarte eta Arrate Hidalgo.

Azkenik, abenduaren 17an, Anariren «Habiak» diskoan oinarritutako erakusketa kolektiboaren harira, disko horretako zenbait kantu joko ditu Anarik berak.

Saio guztiak dohainik dira, baina aldez aurretik eskuratu behar dira sarrerak, emanaldiaren eguna baino hamar egun lehenagotik hasita. Sarrerak eskuratzeko, deitu telefono honetara: 94 402 80 81, edo hurbildu zuzenean Euskararen Etxera (Agoitz plaza, 1).


 

Albiste honen uberan

Dendaostean, gauzak perfektu egitea baino garrantzitsuagoa da gauzak egitea (Elkarrizketa Uxue Alberdirekin)

«Baztertutako identitateek betidanik idatzi dute zientzia fikzioa» (Elkarrizketa Arrate Hidalgorekin)

 

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.