Garazi Ugalderen poema: «Erortzeko moduak»

Abendura bitarte, gure kolaboratzaileek sormen-lanak eskainiko dizkigute astero; gaurkoan, Garazi Ugalderen lehena, Izaskun Gracia Quintanaren poema bati erantzunez: «Erortzeko moduak».

erortzeko moduak

ERORTZEKO MODUAK

 

«keak ereindako bide honetan

gidatzen gaitu nahigabeak

barruko itsaslabarretatik

erortzen gara

gero eta beherago

horren aurka borrokatu gabe

konturatu bagina bezala

hori dela

geu garena».

Izaskun Gracia Quintana

Ohe hutsetan, 2018, Balea Zuria

 

I

 

Hauskorrak ginela orrokatzen zigun

labarrak, baina gu ez geunden

halakoak aditzeko tenorean.

Guk bizitza xurgatu nahi genuen,

bizitza betea. Gainerakoa

―hautsa, distortsioa, nekea―

soberan zegoen.

Oraindik ez genekien

han geundenetako nork

abandonatuko zuen

lehenengo

bere burua.

 

II

 

Erorketa amaigabe batean

goaz, irla hegalari bati

gogor helduta.

Itsaslabarraren oihartzuna

leun aditzen da han nonbait

geure buruaz beste bat

egitera goazen honetan:

labain egiteko beldurra eta

hegaldiaren tentazioa

bi-biak batera

oihuztatzen dizkigu

oraindik

urrunean.

 

III

 

Labarretako hegaztiak datozkigu

bisitan lehorrera

denboraren (h)egiak desafiatuz.

Zelai batean aurkitu gaituzte

oinak lur

haur helduen olgetan.

Betondoko zimurretatik

moko-sastadaka

amildu gaituzte

barrurantz

labarretan behera

izan ginen

hartara.

 

 

This entry was posted in si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.