Gerrako umeen lekukotasunak, Adriano de Mataren lehen eleberrian

Kalean da Sanrokeetarako etxean, Adriano de Mataren estreinako eleberria: Gerrako umeen esperientziak hartzen ditu gaitzat, eta Txalapartaren eskutik kaleratu du.

Sanrokeetarako-etxean

Sanrokeetarako etxean nobela kaleratu du Adriano de Matak. Bere lehen eleberria da, eta Txalapartaren eskutik kaleratu du. Bigarren Mundu Gerran erbestera bidalitako haurren istorioa du ardatz nobela honek, eta narrazioa eta pertsonaien arteko gutunak tartekatuz osatu du istorioa autoreak. 1937tik 1941era bitarteko gertakariak biltzen dira eleberrian, 1981ean giroturiko sarrera eta epilogo banarekin borobilduak.

Argitaletxeak azpimarratu duenez, «lekukotza historiko aberatsa» da De Mataren liburua, «nobelatua izanagatik» ere.

Hona hemen liburuaren sinopsia:

1937ko maiatza. Erresuma Batuak inoiz jasotako errefuxiatu-olderik handiena Southamptongo portuan lehorreratzear da, eta inork ez du halako gertakizun bat huts egin nahi. Santurtzitik atera den itsasontzian, Habana izenekoan, ia lau mila haur, eta horien artean Pirmin, Eusebio eta Aurea lekunberritar anai-arrebak. Sanrokeetarako etxean izanen direla, hala esan diete portuan agurtu berri dituzten gurasoek, negarrik ez egiteko, errepublikazaleek gerra laster irabaziko dutela eta berehala elkartuko direla berriz Debako amatxirenean, urtero bezala, jaiez gozatzeko. Anai-arreben ibileren bidez eta erbeste hartan aldez edo moldez parte hartu zuten beste hainbat ahotsen bidez iritsiko zaizkigu sanrokeak lekutan utzi zituen egonaldi hari buruzkoak. Gerratik ihesi, beste gerra batzuk ezagutu baitzituzten ume haietako askok.

Esan moduan, Adriano de Mataren lehen nobela da hau. Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi zuen, eta zenbait urtez itzultzaile-lanetan eta hizkuntza-irakasle aritu ostean, gaur egun postaria da Montrealen (Quebec). Argitaratu gabe dagoen arren, beste nobela bat du idatzia, katalanez.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.