Oihana Aranaren poema: «Bitxilorezko idunekoa»

Hona hemen Oihana Aranaren sortako bigarren poema: «Bitxilorezko idunekoa».

bitxilorea

Bitxilorezko idunekoa

 

Azala erauzi diezadaten nahi dut.

Ez da amets efimero bat,

ez da fantasia hutsa.

 

Azala erauzi diezadaten nahi dut.

Bizilagunari oparitzeko

geranioari aldaxkak erauzten zaizkion

gisan. Baina egizue bortitzago, odoltsuago,

Geranioek ez dute gorri kolorea merezi

ez nire haragiak bezainbeste.

 

Azala erauzi diezadaten nahi dut

eta geruzaz geruza

usain dezatela;

ustel mailak identifikatzeak

plazera sortzeko sudur zuloetan.

 

Eta espero dut egingo dutela disekzio

ahalik eta detailatuena

azalpean daramadan zoologia

guztia identifikatu arte.

 

Inurriak, katakumeak, okilak, bareak,

labezomorroak, akaroak, saguzaharrak,

euliak, amuarrainak.

 

Entziklopedia bat idatz dezaten nahi dut

aurkitzen duten guzti hori patxadaz irakur dezadan gero,

edo errurik gabe gorde dezadan

egongelako apalategian,

sekula berriz ez zabaltzeko

gordetako argazki albumen ondoan.

 

Azal eder-eder bat egin diezaioten nahi dut

eta nire azalez tapiza dezatela gero,

tapa gogor sendoekin bildutako

n tomo

ez bainaiz espezie guztiak ezagutzearekin konformatuko

espero dut izaki bakoitza identifikatuko dutela

eta lotuko diotela bitxilore bat lepoaren inguruan.

 

Zoologia uniformatu bat nahi dut

nire zelaietako bitxiloreak

bazkatzera makurtzen direnean

elkarren lepoak jango dituzten

izakitxoak haz daitezen

nire azal berriaren azpian.


Oihana Aranaren aurreko sormen-lanak

«DIPLOTAXIS TENUIFOLIA»

 

 

This entry was posted in si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.