Xabier Lizardiren «Bihotz-begietan» berrargitaratu du Susak

Jatorrizko testuaren ortografia eguneratu, Anjel Lertxundiren hitzaurrea gehitu, eta azal berriarekin kaleratu du Susa argitaletxeak Xabier Lizardiren Bihotz-begietan, Zarauzko Udalaren ekinbidez.

bihotz-begietan

1932an kaleratu zuen Xabier Lizardik Bihotz-begietan poema-liburua. Ia 100 urte beranduago, eta idazlearen jaiotzaren 125. urteurrenarekin bat eginez, edizio berritua kaleratu du Susak, Zarauzko Udalaren ekinbidez. Jatorrizko testuaren ortografia eguneratzeaz gainera, Anjel Lertxundik hitzaurrea egin dio edizioari, eta Zuhar Iruretagoiena artista arduratu da, berriz, liburua azalberritzeaz. Eranskin gisa, jatorrizko edizioa txertatu dute.

Lizardik, bizi zela, Bihotz-begietan liburua besterik ez zuen plazaratu; edonola ere, argitaletxeak bere oharrean nabarmendu duenez, liburu horren bitartez poetak «aski izan zuen […] mintzaira poetiko berri bat asmatu eta euskal lirikaren gorenera iristeko. Gerraurreko giro hertsiari leiho berriak ireki zizkion, irudi dirdiratsuz eta sinbologia oparoz». Bestalde, oharrean adierazten dutenez, «Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz» garatu dute argitalpen hau.

Ildo berean, liburua eskuratu ezina salatu eta edizio hau bultzatzeko arrazoiak azaltzen ditu Lertxundik bere hitzaurrean: «Gaurko irakurleek ez dute Lizardiren Bihotz-begietan irakurtzeko aukerarik; ez dute izan edizio berritu, egokitu, zaindurik. Euskara batuan. Literatura argitaratzeaz arduratzen den bilduma eta katalogo batean. Gaurko poema liburu eta narrazioen konpainia noblean. Egungo irakurlego konbentzionala gogoan izango duen edizio popular eskuragarri batean».

Izan ere, Lertxundiren iritziz, liburu hau da, euskarak emandako poema-libururik ederrenen artean, «eragin handiena izan duen obra euskal poesian». Are, «mirari» gisa hartzen du Bihotz-begietan sortu izana sortu zen garaian: «modernoa da, ausarta da, desberdina da, berria da, eta, gainera, kalitate handikoa da ordu arteko poesiarekin alderatuta».

Hemezortzi poemak osatzen dute poemarioa. Era askotako gaiak agertzen dira dozena eta erdi ale horietan: euskara, aberria, munduari buruzko ikuspegi zabala, heriotza, natura…

Lehen poema («Jaun errukiorra») 1919an idatzia da; azkena («Gure mintzo»), 1931n. Urtebete beranduago kaleratu zen lana, eta bi urte beranduago hil zen Lizardi. Bolada luze batez idatzi izanaren ondorioz, librua «ezin aproposagoa da bere poetikaren eboluzioa ezagutzeko», betiere Lertxundiren arabera: «primeran ikusten da nola ari den egiten maila bat gorago eta koska bat estuago poesia batetik bestera, irudien distira eta sinboloen sakonera bilatuz, gutxirekin asko esateko inteligentzia erakutsiz, gero eta destilazio-prozesu zorrotzago bati ekinez».

Halaxe, bada, kitatu da zorra. Irakurlearen esku dago orain, bai paperean bai online, poeta zarauztarraren liburu ospetsua. Lertxundiren itxaropenarekin bat dagigu: honen segidan «etorriko ahal da hainbat liburu eder ahantziren argitalpen gaurkoturik».

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.