Lizar Begoñaren sormen-lana: «Bonsaien ura»

Hona hemen Lizar Begoña kolaboratzailearen sortako bigarren sormen-lana: «Bonsaien ura». Irudia: Takakane Takashina.

what-is-bonsai-02

BONSAIEN URA

Txinatarretik frantsesera ekarri zuen Marguerite Yourcenarrek zera: «gouverner un grand empire est la même chose que faire frire un petit poisson». Gauza bera direla inperio handi bat gobernatzea eta arrain txiki bat frijitzea, gauza bera liburu bat idaztea eta barazki gisatua sukaldatzea; zatikatua zein bakarra, denetan eman behar dela arreta osoa.

Norbere tamaina baino txikiagoak diren habitat batzuetan, gorputzak, perimetroaz beste hazten dira. Masek gainezka egiten dute, oin (-a / biak / laurak) ahazturik, osatzen zaie forma era basatian. Eta kontzientzia zehatzik gabe eratzen dira talkek eragindako kurbadurak, hezur-konkorrak, ubeldurak, ebakidurak, orbainak. Erantzun ezinezko mundu-estimuluak, bizio segidak, negar eta barreak. Arreta kanporantz esporatzen da.

Sasia hedatzen da, inperio ertain-itzelak zaintzen diren legez, salmoia frijitzen den eran, eta hitz hautatuak tamaina txikiko testuetan bezala.

Habitateko azalera barruan hazten diren gorputzak ere badaude. Kontu eta arreta handiz itxuratzen zaie masa, oin(-singularr)aren edo oin(-plural)en gainean. Gorpuztunak bere baitan jartzen ditu begiak, haztekoa zen bolumena ere bere baitan luzatuaz uzkurtzen da. Eta perimetro itxi murritzean zimurtzen da, sortzen zaizkio tolesdura kiribilak. Barrurantz ematen ditu esporak, barrurantz atentzioa.

Bonsaia murrizten da, inperio ertain-itzelak zaintzen diren legez, salmoia frijitzen den eran, eta hitz hautatuak tamaina txikiko testuetan bezala.

2021eko urriak 14


Lizar Begoñaren aurreko sormen-lanak

«Palmondoak atzerrian»

This entry was posted in si-Sormen lanak, Sinadurak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.