Abian da Denbora Muga Barik egitasmoa

Denbora Muga Barik izeneko egitasmoa antolatu du Euskal Idazleen Elkarteak, Bizkaiko Foru Diputazioaren laguntzaz, idazle bizkaitarren lanak ezagutzera emateko asmoz. Testuok metroan irakurgai egongo dira, bai eta liburuxka-formatuan ere; horretaz gainera, ostiralean bertso-saioa antolatu dute Basaurin. Irudiak: Euskal Idazleen Elkartea.

denbora muga bari

Joan den urtean «Irakurri, mesedez» kanpaina abiatu zuen Euskal Idazleen Elkarteak, Bizkaiko Foru Diputazioaren bultzadaz, Bizkaiko idazle garaikideen literatura herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

Aurten gauza bera egin nahi izan dute, baina Bizkaiko idazle klasikoen testu esanguratsu batzuk gaurkotuz, «Denbora Muga Barik» lelopean. Testuak Bilboko metroko hiru geltokitan egongo dira irakurgai abendura bitarte: Moyuan, San Nikolasen eta Basaurin. Liburuxka bat ere osatu dute, eta gaurtik aurrera dohainik eskuratu ahal izango da Bilbon – elkar iparragirre, Camera, ANTI, Louise Michel liburu-dendetan eta Foru Aldundiko zein Bidebarrietako liburutegietan– zein Basaurin –Irarkai eta Novel liburu-dendak eta Ibaigane liburutegia–.

Bestalde, abenduaren 3an, Euskararen Egunarekin bat eginez, bertso-saio bat antolatu da, Basauriko Udalaren laguntzarekin. 18:30n izango da, Solobarrian karpan. Enare Muniategi, Josune Aramendi Jone Larrinaga eta Ibai Amillategi jardungo dira bertsotan, eta Unai Foruriak jarriko ditu gaiak. Bertso-saioari sarrera emateko, Juanra Madariagak aurkeztuko du Denbora Muga Barik egitasmoa.

Besteak beste, Sorne Unzuetaren eta Felipe Beitiaren testuak bildu dituzte. Joan den mendeko Bizkaiko idazleen testuetan gai erlijiosoak agertzen ziren barra-barra, eta baten bat bere horretan ekarri utzi badute ere, bestelako anekdotak, koplak, baladak, kontakizunak, sineskeriak edo ipuinak plazaratu nahi izan dira. Besteak beste, aipatu behar da Euskal Herria eta euskara bera testu askoren ardatza direla. Gaur bezala, garai haietan ere, kezkagaiak baitziren.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.