Etzi hasiko da Durangoko Azoka

Iaz, birtuala izan zen Durangoko Azoka; aurten, ordea, ohiko moldeari eutsiko dio, abenduaren 4tik 8ra. Dena den, txanda hartuko beharko da, aldez aurretik, kontzertuak ikusteko eta Azokan barna ibiltzeko. Gainera, denda digitala martxan egongo da abenduaren 3tik 7ra bitarte. Kartelaren egilea: Leire Urbeltz.

da56_bada_kartela_sm

Etzi, abenduaren 4an, hasiko da Durangoko Azoka, eta abenduaren 8ra bitarte izango ditu zabalik ateak. Azokaz beraz gainera, solasaldiak, ikuskizunak eta emanaldiak eskainiko dira Landako gunean eta Durangoko beste hainbat lekutan.


Izen-ematea eta azoka digitala

Osasun-egoeraren ondorioz, zenbait ezaugarri berezi izango ditu aurtengo edizioak. Azokan barna ibiltzeko izena eman beharko da aldez aurretik: hemen egin dezakezue. Bestalde, aurten, iaz bezala, denda digitala ere izango du Azokak: abenduaren 3tik 7ra bitarte, Azokako produktuak eskuratzeko aukera izango da Azokaren webgunean bertan.


Ia 1.000 nobedade

Aurtengo Durangoko Azokan 990 nobedade bilduko dira, 219 erakusmahaitan banaturik: 733 liburu, 143 disko, 37 aldizkari eta bestelako 77 produktu izango dira. Horien guztien katalogoa jarri dute eskura, hemen kontsulta dezakezue.


Emanaldiak eta aurkezpenak

Erosketa-guneaz gainera, egitarau zabala dakar Durangoko Azokak. Szenatokia gunean arte eszenikoekin lotutako ikuskizun bat eskainiko da egunero, San Agustin kulturgunean. Sarrera doakoa izango da, eta ikuskizun hauek eskainiko dira abenduaren 4tik 8ra bitarte, hurrenez hurren: Jon Ander Urrestiren «Tribiz baserri galdua», Formol Laborategiaren «Album» antzezlana, Galder Perezek zuzendutako «Lurrun minez» lana, Bagara konpainiaren «Interakzioa» eta Iñigo Astiz eta Mikel Ayerberen «Högeitavat» poesia-emanaldia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen plazan, 35 film egongo dira ikusgai, Zugaza zinemetan denak ere: 12 film labur, 11 dokumental, hiru film luze, bi aurkezpen, lau estreinaldi eta hiru film haur eta gazteentzat. Bañolet websaila ere Irudienean aurkeztuko da –iazko sormen-beka eskuratu zuen–, abenduaren 5ean.

Ahotseneak bi arlo uztartuko ditu: musika eta literatura. Plateruenan, musika-talde berri zein ibilbide luzekoen kontzertuak eskainiko dira. Ezinbestekoa izango da aldez aurretik izena ematea. Literaturari dagokionez, bi espaziotan antolatuko dira solasaldiak: Areto Nagusian eta Musika Eskolan. Eleberriak, poesia-liburuak, antzerki-bildumak, komikiak, itzulpenak… aurkeztuko dira, hainbat sortzaileren eskutik.

Ekitaldi guztien data eta ordua hemen kontsulta ditzakezue. Azoka on!


This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.