Eako Poesia Egunen egitaraua aurkeztu dute

Uztailaren 13, 14 eta 15ean izango dira

Aurkeztu dute aurtengo Eako Poesia Egunen egitaraua.’Poesia hutsa edo azukreagaz?’ leloa ibiliko dute aurten. Ohiko moduan ikuskizunek, errezitaldiek, kontzertuek eta hitzaldiek egin dute bat egitarauan, eta kasu askotan poesia eta kantagintza izango dira ardatza.

Ea Poesia 2012 PROMO from Berde Produkzioak on Vimeo.

Hauxe adierazi dute antolatzaileek aurkezpenean:

”Poesiak purua ala gizarteko arazoetan lohitua izan behar zuen eztabaidatzen zen garai batean. Arestik erakutsi zigun lohi horrek humanoago eta, beraz, ederrago baizik ez zuela egiten poesia. Guk ez daukagu errezetarik nolakoa izan behar duen gaurko eta biharko poesiak, baina ahalik eta modu gehienetan eskaini nahi dizugu: hutsik, musikaz jantzirik, antzerkiaz lagundurik, hitzaldi bihurturik… azukre apur bategaz”.

Eta honakoa da aurtengo egitaraua, ekitaldi guztiei buruzko informazioarekin:

Uztailaren 13a (barikua)

Hitzaldia eta errezitaldia: Arestiren koplak ahoan
Xabier Amuriza
19:30ean
Beletxen

Arestik kopla eta bertso sorta ugari eta luzeak ondu zituen. Euretako batzuk kantatuko ditu Xabier Amurizak, Arestiren estiloaz, ideiez eta teknikaz iruzkin zenbait egiteko aukera emanez. Paraleloki, bere kopla, bertso eta letra batzuk ere kantatuko ditu, bere irizpideen edo bilatzen dituen balioen azalpen bat emanez eta elkarrizketa zabalduz.

Kontzertua: Poemak rapeatzen
Norte Apache
22:30ean
Eskolapen

Bilboko Ezkerraldea denbora askoan izan zen punkaren euskal gotorlekuetako bat. Egun, badirudi egiak kantatzerakoan, hitz politikoak eta aldarrikapenak kaleratzerakoan, rapak beretzat hartu duela punkien behar hori eta, beraz, gauzatzen doala duela urte gutxi ezinezkoa zirudiena: euskara eta rapa uztartzea. Norte apache Aitor (DJ) santurtziarrak, Ibon (MC) sestaoarrak eta Rayco (MC) bilbotarrak osatzen dute, eta 2007az geroztik ari dira kontzertuak eskaintzen. Kantetan gazteen arazoak eta gaztetxeak, errepresioa eta inposatutako azpiegitura erraldoiak dituzte hizpide, baita herri indigenak ere.

Uztailaren 14a (zapatua)

Hitzaldia:  Lp bat poema
Mikel Elortza
10:30ean
Beletxen

Poesiaren elementu baitako bat da musika, erritmoa, doinua; horretaz gain, ordea, musika, kantuak zehazki, poesiaren etxea askori ireki digun giltza izan da. Belarrietatik iritsi zaizkigu hainbat poema, gerora begietaratu ditugunak. Autore klasikoetatik XXI. mendekoetara, gure hainbat kantarik poesiaren iturrira jo du, eta haiekin gu, ur horien edatera. Ikus dezagun, edo entzun, bizitza bateko lp bat.

Poema errezitaldia: Idazleak irakurle
Yolanda Castaño, Jon Gerediaga, Ione Gorostarzu eta Iñigo Astiz.
Musikariak: The Soul Stompers
13:00etan
Talaian

Yolanda Castaño (Santiago, 1977) poeta da, filologoa, bideo-sortzailea, zutabegilea eta eragile aktiboa Galiziako kultur bizitzan. Sari ugari irabazi ditu, helduentzako bost poema-liburu argitaratu ditu bakarka —azken hirurak galiziera-gaztelania edizio elebidunak—, eta haurrentzako poesiazko hiru liburu. Urtetan lan egin izan du telebistan, eta poesia beste arte-mota batzuekin batzeko esperimentuak landu izan ditu: plastika, musika, performancea, dantza zein ikus-entzunezkoak, bakarka nahiz beste artista batzuekin.

Jon Gerediaga (Bilbo, 1975). Hainbat urtez, FTI-Antzerkiola imajinarioak taularatutako antzezlanen gidoian hartu zuen parte. Poesiari dagokionez, hiru liburu argitaratu ditu, Pamiela etxearekin: Fitola balba, karpuki tui (2004), Jainkoa harrapatzeko tranpa (2007) eta Zentauro-hankak (2012).

Ione Gorostarzu (Berastegi, 1984). Idazle Eskolako graduondoa egin zuen, eta aurten argitaratu du bere lehen poema liburua: Des egiten (Elkar, 2012). Mungiako Lauaxeta saria ere irabazi zuen 2011n.

Iñigo Astiz (Iraizotz 1985). Kazetaria, musikaria, itzultzailea… hamaika gauza batera dela esan daiteke, baita idazlea ere. Bere lehen poema liburua argitaratu du aurten Susa argitaletxearekin: Baita hondakinak ere.

The Soul Stompers soul eta R&B-aren jatorriak lantzen dituen talde bizkaitarra da. New Orleanseko soul-funketik hasita, The meters-en ondan, Atlantic-eko soinurik klasikoenetaraino mugitzen da. 60ko hamarkadako musika afroamerikarreko banda instrumental handien erritmo gozoak oinarritzat hartuz, The Soul Stompers taldeko kideek beren ukitu berezia eransten diete.

Herri-bazkaria
15:00etan
Bedaroan

Solasaldi musikatua: Mikel Lasa gure artean
Edorta Jimenez
Musikariak: Garazi Izagirre eta eta Itziar Etxegia
16:30ean
Bedaroan

Gabriel Arestik Harri eta herri idatzi zuen garaitsuan ari zen bere poesia ontzen Mikel Lasa; biek miresten zuten elkar, nahiz bide desberdinak erabili: Lasaren poesiak ordura arte euskaraz erabili gabeko gaiak, moldeak eta tonua zekartzan: sentsuala, laxoa, malenkoniatsua, Europako abangoardien eta batez ere poeta sinbolista frantziarren eragina zuena. Lasaren geroztiko isiltasunak areagotu baizik ez du egin harenganako mirespena. Gure artean izango dugu aurten Mikel, eta berari laguntzeko Edorta Jimenez.

Antzerkia: Munduan beste
Labea laborategia
Testua: Iñigo Aranbarri
19:00etan
Apikalen

Munduan beste ikuskizunean, Eguzki-Jaia etxearen historiatik abiatuta, identitatearen inguruko gogoeta kritikoa egin nahi izan dute egileek. Zer dio horrelako etxe batek gutaz? Nortzuk gara “gu”? Euskal identitatearen inguruko gogoeta kritiko eta autokritikoa ikusi ahal izango da beraz, besteak beste “etorkin” izaeraren kontraesanak azaleratuz, musika eta literaturaren hainbat erreferentziaren haritik. Iñigo Aranbarrik berariaz idatzitako testuan oinarritu da Labea laborategia, hainbat arte mota eszenan uztartuz: antzerkia, dantza garaikidea, zirkua, pintura, errezitaldia eta musika, dena zuzenean.

Kale-antzezlana: Sarritsasoa
Koreografoa: Josu Mujika
Musika: Javier Muguruza, Ken Zazpi, Kortatu, Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta Deabruak teilatuetan.
Dantzariak: Dantzaz Konpainia eta Biraka dantza taldea, Eako umeen laguntzarekin.
Jantziak: Benedetta Orsoli
Dantzaz konpainia: Zuzendari nagusia, Fernando Sáenz de Ugarte eta Zuzendari artistikoa, Adriana Pous.
22:30ean
Barruko moilan

Zorigaiztoko naufragio batetik bizirik irtendakoak berriro elkartu dira azkenean. Galdu zituzten lagunen oroitzapenak, haien emozioak —sarritan ezkutuan gordeak—, berriro elkartu izanak eman dien poza sortu dira bat-batean, zoriona, tristura, amorrazioa, harrotasuna eta itxaropena piztuz. Joseba Sarrionandiaren poesia hunkigarriaren bitartez, euskal autoreek egindako musikak lagunduta, Dantzaz konpainiako dantzariek eta Biraka dantza taldeak geure sentimenduez jabetzen lagunduko digute, iniziazio bidaia batean, itsasora begira, espazio infinitura, gure irudimenari mugarik jarri gabe.

Kontzertua: Oroimenaren mapa
Ruper Ordorika eta Jon Piris
23:30ean
Eskolapen

Oroimenean eta larruan itsatsiko zaizkigun kantu biluzi eta balsamikoen bilduma bat. Artifiziorik gabe. Ruper Ordorika eta Jon Piris. Gitarra, ahotsa eta kontrabaxua. Naturala. Bata bestearen atzetik uneak, tokiak, maitasunak, galderak, minak agertuko zaizkigu. Kantuak musika eta hitza izaten du. Musikak Ruper Ordorikak sortuak dira eta hitzak, guztiak, Joseba Sarrionandiak.

Uztailaren 15a (domeka)

Hitzaldia: Poetika eta poemak: landa-sakontasunezko ikuspegia
Yolanda Castaño
11:30ean
Beletxen

Yolanda Castaño galiziar poetak bere esperientziari eta poetikari buruzko azalpena emango du, berarentzat esanguratsuak diren zenbait aztergai jorratuz: genero-ikuspegia, beste sormen-lengoaia batzuekiko elkarrizketa, poesia zabaltzeko bideen berrikuntza… Hitzaldian zehar bere testuak txertatuta, Yolandak ezinbestekotzat jotzen dituen balioak aipatuko ditu: zintzotasuna eta exijentzia, hitzarekiko konpromisoa, besteak beste. Halaber, 18 urteko ibilbidean galizieraz argitaratu izanak sortu dizkion galderei erantzuten saiatuko da: zelan uztartu gutxiengo batentzat idaztea eta zabalkundea? Nola, bokazioa eta profesionaltasuna? Nola josi norberaren nortasuna eta jendaurreko irudia?

Poema errezitaldia: Scanner
Leire Bilbao
Musikaria: Domentx Uzin
13:00etan
Moilan

Eskanerrak irudi bat hartu eta gorde egiten du, edo barrenera begiratu eta ikusitakoa agerian jarri. Idaztean ez al dugu gauza bera egiten? Bilbaok ere introspekzio ariketa bat egin du, ingurura begira ere jarri da eta sei atal idatzi ditu, bakoitza gai bati buruz. Halere, bada hari bat denak lotzen dituena, identitatea.

Leire Bilbao (Ondarroa, 1978) 2006an plazaratu zen literaturara Ezkatak poema liburuarekin. Geroztik zortzi liburu argitaratu ditu haur literaturan. 2011n argitaratu zuen bere bigarren poema liburua, Scanner deritzona.

Domentx Uzin (Soraluze, 1976). Musika ikasketak Bergara eta Gasteizen egin zituen eta ondoren Salamancan lizentziatu zen Musikaren Historia eta Zientzietan. Arrasate Musikaleko maisua izan da, Hezkuntza Berezian. Baita Biolin eta Biolako maisua ere. Bergarako Orkestra Sinfonikoko kide izan zen, eta Arrasate Musikaleko Orkestako kidea da.

Herri-bazkaria
15:00etan
Natxituko bolatokian

Ezohiko poema errezitaldia: Ez dok/n armairu
Mikel Ayerbe, Ibon Egaña, Angel Erro, Kattalin Miner, Juanjo Olasagarre…
17:15ean
Natxituko bolatokian

Ez Dok Armairu. Eta ez don armairu. Ezta hamahiru ere. Hamaika emanaldiren ostean, hamabigarren honekin bukatutzat ematen delako Desira desordenatuak liburuaren aurkezpenaren aitzakia gisa sortutako errezitaldi bitxi edo queer hau, lumak joan lumak etorri, Euskal Herri osoa korritu duen errezitaldia. Poesia zein sermoiak: pulpitutik, belauniko edo lau hankatan. Armairutik zein tonutik kanpo, hitzak irudiekin nahastuz, poema bat edo beste musikatuz. Ez dok armairu. Ez Don Armairu.

Kartelaren egilea: Erramun Landa.

This entry was posted in Albisteak and tagged . Bookmark the permalink.

Comments are closed.