Punk mugimenduak euskal literaturan izan duen eraginaz

Literatura eskolan aritu da Juan Luis Zabala

Punk mugimenduak euskal literaturan izan duen eraginaz mintzatuko da Juan Luis Zabala larunbata honetan Literatura Eskolan. Plateruenak Durangon antolatzen duen Zilar Astearen egitarauaren barruan egingo da ekitaldia.




Apirilean Donostian Queer literaturaz hitz egin eta gero Durangon egingo da maiatzeko Literatura Eskola. Iaz Joseba Sarrionandia izan zen ‘Zilar astea’ren ardatza, aurten ’80. hamarkada Durangon’. Horren harira aztertuko du Juan Luis Zabalak ‘Punk mugimenduaren eragina euskal kulturan’.
Gogoa Literatura Eskolaren norabidean jartzeko, hauxe duzue Queer literaturaren inguruan egindako ekitaldiei buruzko kronika:
”Martxoaren 18an, ostiralez hasi ziren Literatura Eskolaren martxoko ekitaldiak Donostian, Josune Montonek antzeztutako King Kong neska bakarrizketarekin. Zortziak aldean igo zen tabernako eszenatokira, takoi handien gainean eta poltsan zeramatzan objektu askotarikoen konpainian (gurpildun dildoak, ezpainetakoak eta beste). Egiako Le Bukowski aretora bertaratutakoak ez zituen indiferente utzi Virginie Despentes-en testuaren moldaketak, hasierako barreak pixkanaka gutxitu eta izoztu ziren, tarteka atzera agertzeko. Emakume-tipologia askotarikoa disekzionatu zuen Monzonek, amorrutik, irreberentziatik eta umoretik. Laburra bezain indartsua, gehiagoren gogoz geratu ginen bertara hurbildutako asko.
Queer teoria eta praktiketan azken urteotan erreferente da Virginie Despentesen testua; eta erreferente nagusi horien errepasoarekin ekin genion Literatura Eskolako bigarren saioari, larunbat goizez Ernest Lluch kultur etxean. Hamabost bat lagun batu ginen, Ibon Egaña eta Iratxe Retolazaren eskutik literaturari queer kokaleku batetik begiratzeko asmoz. Queer teoria eta mugimenduaren sorreraz eta jatorriez mintzatu zen lehenik Ibon, mugimendu hori ekarri zuten krisiak aztertuz: HIESaren krisia, feminismoaren krisia edo birformulazioa eta gay mugimenduaren krisia, nagusiki. 1980 eta 1990eko hamarkadetan egindako planteamendu berri horien ondorioz gaurko ikuspegitik “queer” izenda dezakegun mugimendu eta teorizazio-sorta garatu zela azaldu zuen, baita teorialari nagusien ekarpenak laburtu ere.
Genero eta sexu-banaketa binarioari egindako kritika izan da queer mugimenduaren ekarpen garrantzitsuetako bat, eta hain zuzen, generoaz literatura-irakurleok hartzaile gisa ditugun aurrejuzku eta aurreiritziak azaleratu genituen, ondoren, hainbat ipuin laburren irakurketaren bidez, Iratxe Retolazak gidatuta. Genero-markarik gabeko testu horietan irakurleok txertatzen ditugun genero-irudikapenak azaleratuz, irakurle gisa egin ohi ditugun interpretazioak, bistaratu ziren hala. Ondoren, queer begirada esplizituki testuan errepresentatu duten hainbat egileren testuak izan genituen irakurgai, tematikoki ez ezik formalki ere lekune hori markatu izan duten lanak: Gloria Anzaldua, Pedro Lemebel, Monique Wittig edo Itxaro Bordarenak.
Euskal literaturara egin genuen jauzi ondoren, egile eta gai zenbait hizpidera ekarriz. Lehenik, queertasunaren eta naziotasunaren arteko harremanez jardun genuen, Itxaro Borda eta Juanjo Olasagarreren eleberriak hizpide hartuta. Komunek generoa erreafirmatzeko espazio gisa duten garrantziaz aritu ginen ondoren, Uxue Apaolaza eta Beatriz Preciado ondoz ondo jarrita. Amaitzeko, literaturatik dantzara egin genuen eta Kukai-Ttanttakak Hnuy illa ikuskizunean Sarrionandiaren poesiaz egindako irakurketaz aritu zen Iratxe, testuaren berrinterpretazioarekin batera proposatzen duten genero-berrirakurketan arreta jarrita.
Ordubietan, puntual baino puntualago, amaitu zen saioa”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>