Lina Ben Mhenni-ren ‘Tunisian girl’ euskaraz

Lina Ben Mhenniren testu batzuk jasotzen dituen Tunisian girl: udaberri arabiarraren aldeko blogaria izeneko liburua irakurri dezakegu euskaraz Denonartean-en eskutik. Itziar Diez de Ultzurrunek egin du itzulpena, Xabier Olarrak idatzi du liburuaren sarrera.

Lina Ben Mhenniren hitzak dira hauek, liburuaren hasieran:

‘Blogaria naiz eta blogaria izango naiz beti. Ziur dakit hori orain, liburu honetara ekarri nahi ditudan gertakariak jazo zirenetik hilabete gutxi batzuk baino pasatu ez diren honetan.

Ikusten dut zer gertatzen ari den Tunisian 2011ko urtarrilaren 14an geroztik, gainetik kendu genuenetik gure zama hura, ZABAren amesgaiztoa, hala esaten genion-eta ezizenez Al-Albidin Ben Ali-ri, 1987ko azaroaren 7az geroztik Tunisiako lehendakari diktadorea izandako horri. Ben Ali joan egin zen, baina gauza, jende eta ohitura asko utzi zituen atzean, indarkeria asko’.

Kaleko ekintzarekin lotzen du egileak Interneten egin daitekeen lana, eta horren isla dira liburuan jasotako testuak. Blogak, Facebook, Twitter… egun tresna ezinbestekoak izan daitezke iraultza eta errebolta egoera batean. Agian ez beti tresna erabakigarriak, baina bai kaleetan eman daitekeen mugimenduen akuilari eta makulu ezinbestekoak. Interneteko lana bada baliabide batzuen erabilera baino gehiago ere, Ben Mhennik adierazten duenez: politika eta ekintza bizitzeko beste era bat islatzen du lan honek, ohiko egitura eta alderdien moteltasuna eta haien baitako botere harremanetatik kanpo ematen den bidea, ekiteko modu horizontalago baten isla. Blogek hedabide pertsonal eta kolektibo alternatiboak bilakatzen direnean egin dezakete eztanda, sare sozialek berehalako erantzunak sortzeko eta saretzeko informazio jarioak berma ditzakete, zentsura saiakera oro gainditzea lortuz gero.

Honako hitz hauek ere topatzen ahal dira liburuan:

‘Gaur egungo gazte askok bezala, amets bat daukat: mundua aldatzea nahi dut. Baina ezer ere ez da aldatuko, informazioa zabaltzen ez bada, egia hedatzen ez bada, konektatzen ez bagara. Munduko diktadore guztiak sarearen, Interneten beldur dira. Informazioa kontrolatu, horixe egiten dute beti lehena, hain zuzen ere. Guk, dena den, egungo gazteok, ezin hobeto ezagutzen ditugu teknologia berriak, informaziora zuzenean iristeko eta, gero, hura zabaldu, partekatu, erkatu eta egiaztatzeko aukera ematen diguten sare sozial berriak. Ziberekintzaile peto bat ez da konformatzen pantailaren atzean gelditzearekin: albistea non, hara joango da, argazkiak egingo ditu, bideoak grabatuko, bertatik bertara bilduko ditu testigantzak eta, ondoren, ordenagailuaren aurrean kokatuko da berriro, informazio puska horiek Interneten zintzilikatu eta zabaltzeko, besteekin bat egiteko. Modu horretan bakarrik egin ahal zaio kalte diktadoreen eta indar zapaltzaileen botereari, demokraziak bere hegoekin egin dezan hegan’.

Albiste honen uberan:

Lina Ben Mhenni-ren bloga

Cenlit/Denonartean

Egilea 2012an Bilbon izan da, ‘Gutun zuria’ren egitarauaren barruan. Jarraian ikus dezakezue bideoa:

This entry was posted in Albisteak and tagged . Bookmark the permalink.

Comments are closed.