Nagore Tolosari elkarrizketa

Zorion handiegia (Alice Munro) liburuaren itzulpenean hartu du parte

 

Meettok argitaletxeak Zorion handiegia (Alice Munro) liburua aurkeztu berri du. 10 ipuinez osatzen den bilduma da. Itziar Otegi, Aiora Jaka, Naroa Zubillaga eta Nagore Tolosa aritu dira itzultzaile lanetan. Itzulpen denei batasuna ematearren, Amaia Apaulazak egin ditu ipuin denen zuzenketak. Zein da, ordea, Alice Munro? Eta zer nolako kontuak jasoak ditu Zorion handiegia ipuin-liburuan? Kezka horiek argitu arren, Nagore Tolosa itzultzailearengana jo dugu. “Etxe-giroan gertatzen dira istorio asko”, azaldu digu Nagorek. “Amak, aitak, semeak, alabak, izebak, osabak, lehungusuak, lehengusinak agertu ohi dira; adin eta lanbide guztietako pertsonaiak. Diferenteak bai, baina gehienok normal-normalak izanda, hain-hain bereziak izaten hainbeste –erridikuluak suertatzeraino– saiatzen garen gizarte honetan, arruntasunetik abiatzea eta horren aldarri txiki bat egitea txalotzekoa iruditzen zait”.




Ibilbide luzeko idazlea da Alice Munro. Idazle kanadiar honen berri noiz izan zenuen? Zein ipuin edo libururekin deskubritu zenuen?

Ordena hau izan zen: Anne Enright, Margaret Atwood, Alice Munro. Lehenengo Enrighti heldu nion, haren The Gatheringen kritika bat irakurri ondoren –gero Man Booker saria eman zioten lan horrengatik–. Horren harira, Enrighti egindako elkarrizketaren edo haren lanari buruzko artikuluren baten ondoan Margaret Atwood aipatzen zela ikusi. Atwoodekin hasi eta hari egiten zioten beste elkarrizketaren batean, Alice Munro izenarekin topo egin. Gero Enright, Atwood, Munro, hirurak nahasian. Enright Irlandako Joyce berria omen zen, Munro Txekhov kanadiarra, Atwoodek Edgar Allen Poeren eragina zuela. Liburuak saltzeko esaten diren gauza horiek. Euskal idazleen ahotik ere etengabe entzuten nuen, Txekhov gora, Carver behera, Cheever ez dakit zer. Horrela ezagutu nuen Munro, eta horrela hasi nintzen ipuinaren generoa kontzienteki irakurtzen.

“Munroren lan gehienetan, gertatu ez da ezer handirik gertatzen, baina triste samar geratzen gara. Hamar ipuin hauetan, bai, gauza potoloak gertatzen dira, eta zorion handiegia sentitzen dugu”. Besteekin alderatuz, zerk egiten du liburu hau diferente eta erakargarri?

Zorion handiegiako ipuinetako batean, “Fikzioa”n, senarrak emaztea utzi ondoren, narratzaileak hauxe dio: “Akabo bizitza. Kalamidade arrunt eta ohiko bat”. Oraingoan, Munrok kontatu nahi diguna ez da zehazki horri buruzko ezer, istorioaren atze-ohiala da gutxi gorabehera. Ipuin-liburu honetan, hilketak daude, gaixotasun terminalak dituztenak, hilurren daudenak, elbarriak, abusu bat, buruko gaixotasunak dituztenak. Alde horretatik, pixka bat “gore”ago etorri zaigu Munro. Marketingaren kontuarekin jarraitzearren, Flannery O’Connor ekartzen du gogora, nahiz eta etxalde inguruak laku izoztu baten ertzean eta elurrez estaliak agertu, lehorrak eta hautsez beteak beharrean.


Arruntasunetik abiatzen den idazlea

Liburuaren aurkezpenean, Eider Rodriguezek hartu zuen parte. Bere esanetan, “ahots berezienetakoa da Alice Munrorena”. Bat zatoz bere baieztapenarekin? Munroren zein ezaugarri azpimarratuko zenituzke?

Nik ez dut autoritaterik horrelako baieztapenik egiteko. Nik esango nuke Munrok ez digula souvenirrik bidaltzen. Milimetroz-milimetro ezagutzen duen inguru bati buruz ari zaigu –Munroren narratiban ia esperimentuzkoak diren The View from Castle Rock ipuin-bilduma eta “Zorion handiegia” ipuina kenduta–. Munduari bira emana da, baina ez du backpacker erakustaldirik egiten. Ontario hego-ekialdean kokatzen ditu istorio gehienak, hango herrixketan. Inoiz hiriburura eramaten ditu pertsonaiak, Torontora; beharbada Vancouverrera, Kanadako beste muturrera, asko jota. Bestalde, etxe-giroan gertatzen dira istorio asko. Amak, aitak, semeak, alabak, izebak, osabak, lehungusuak, lehengusinak agertu ohi dira; adin eta lanbide guztietako pertsonaiak. Haren inguru mikroenean, hau da, Huron laku ertzeko herri txiki batetik Torontora doan pertsonaia baten baitan, belaunaldien artean, familiakideen artean, gizonen eta emakumeen artean, ikasketak dituztenen eta ez dituztenen artean eta abar sortzen diren tentsioak ulertu eta azaltzen ditu. Diferenteak bai, baina gehienok normal-normalak izanda, hain-hain bereziak izaten hainbeste –erridikuluak suertatzeraino– saiatzen garen gizarte honetan, arruntasunetik abiatzea eta horren aldarri txiki bat egitea txalotzekoa iruditzen zait.

Batzuk Zorion handiegia (Meettok) liburuari esker deskubrituko dute Alice Munro. Beste libururen bat aholkatzeko eskatuko bagenizu, zein ipuin edo liburu aukeratuko zenuke?

Zorion handiegia da argitaratu duen azken lana. Hamahiru lan argitaratu ditu guztira, ipuin-liburuak denak (Lives of Girls and Women kenduta. Elkarren artean lotura duten ipuinez osatuta dago, baina nobela gisa aurkeztu zuen). Esan bezala, The View from Castle Rock ipuin-liburuak eta “Zorion handiegia” ipuinak Kanadaz kanpoko herrialdeetan kokatzen ditu eta kutsu historikoa dute, baina gainerakoak Munro peto-petoak direla esango nuke. The Progress of Love edo Runaway ipuin-liburuak dira agian ezagunenak.


Zuzentzailearen ekarpenaz

Amaia Apalauzak egin ditu zuzenketa lanak. Itzultzaile ezberdinek partehartu dutenez, Zorion handiegia liburuari osotasun bat emateko garaian are garrantzitsuagoa izango zen bere lana, ezta?

Taldean itzultzea oso ohikoa da. Bai ipuin-liburuak, bai poemak eta saiakerak ere. Une ezberdinean itzuli eta gero batzen direlako edo, bestela, lana banatu delako. Honakoan hala egin dugu, lana banatu. Ipuin hauek autonomia dute. Banaka argitaratu zituen Munrok New Yorker eta Harper’s Magazine aldizkarietan eta Zorion handiegian bildu. Horregatik ez genuen erreparo handirik izan lana banatzeko orduan. Elkarrizketak komatxo artean ala gidoia erabilita eman, itzultzailearen oharrak jarri edo ez jarri, halako txikikerietan jarri behar izan genuen ados. Ondoren, bakoitzak bere lana egin zuen. Jakina, testuak egile berarenak izanda ere, itzultzaile bakoitzak bere kutsua duela ikusiko da seguru asko. Ezinezkoa da hori estaltzea. Amaia Apalauzak zuzenketak egin zizkigun. Irakurle kualifikatua eta zorrotza da Apalauza; hitzen arteko soberako espazio bat identifikatzen dizu edo, berdin-berdin, sintaxi bihurriko esaldiren bat konpontzen edo proposamenen bat egiten. Beharrezkoa da testuarekiko itzultzaileak berak baino distantzia handixeagoa duen norbaitek lana zuzentzea, dena ondo lotuta gera dadin.

Meettok argitaletxeari esker, lehen aldiz irakurri ahal izango dugu Alice Munro euskaraz. Hala nola, euskarazko liburuak gazteleraz ematen ere ahalegina egiten ari da Meettok. Literatur zalearen ikuspegitik ez ezik, itzultzailearen ikuspegitik ere horrelako argitaletxeen lana eskertzekoa izango da, ezta?

Meettoken ahalegina nabarmentzekoa da. Igela ere aipatuko nuke; urteetan eta urteetan dihardu titulu interesgarri askoak argitaratzen. Itzulitako lanek jasotzen duten arretari begira, badirudi halako loraldi batean gaudela. Baina Ekarriak kontsultatzea besterik ez dago ikusteko autore asko eta askoren lanak dagoeneko badaudela itzulita, asko iniziatiba pertsonalen fruitu direnak gainera.

Beste itzulpen batzuk ere eman dituzu argitara. Zer nolako proiektuak dituzu eskuartean, ezer aurreratzerik bai?

Itzulpen enpresa batentzat egiten dut lana, administrazio testuak itzultzen eta oso gustura nago.

 

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.