Udazkenean antzerkiaz blai

Antzerki hitzorduez beterik joan zaigu asteburua. Kultur arloaren egoera sekula ez da samurra izan, are gutxiago krisi garaiotan, horregatik agian deigarria egiten da azkenaldian iragarri den euskarazko estreinaldi oldea. Aste gutxiren buruan bost antzezlan berrik hasi edo hasiko dute bidea. Estreinaldi horiek ekarri ditugu albiste honetara. (Argazkian ‘Su txikian’, Berria).

Azaroaren hastapeneko zubi honetan ugariak izan dira teatroari loturiko hitzorduak: Keinu leihoak izeneko antzerki jardunaldiak antolatu ditu Mairu antzerki taldeak Lesakan, Harri Xurik euskal antzerki egunak Luhuso eta inguruetan, Antzerkizale eguna antolatu du EHAZE elkarteak Usurbilen egun osoko egitarauarekin. Eta zubi honetan ere, bi euskal idazleren testuak taulara eraman dituzten lan berriak ikusteko aukera izan dugu: Publikoari gorroto antzezlana ostegunean eman zen estreinako aldiz, eta bira luze eta intentsu bati hasiera eman dio; Soinujolearen semea lanak berriz Bilbon eman zituen lehen pausuak, eta Donostian ikusteko aukera izan berri dugu.

Ez ohikoagatik pozgarria da tamainako mugimenduarekin jabetzeak, eta ez da epe laburrera amaituko den zerbait. Azaroan bertan etortzekoak dira beste hiru estreinaldi ere: Su txikian, Hitzak eta Ta uain ze. Estreinaldi hauei errepasoa eman diegu lerro hauetan:

-Soinujolearen semea.

Bernardo Atxaga idazlearen nobela ezaguna du oinarri antzezlan honek. Antzerkirako berariaz idatzia ez den testua izan arren, deigarria da euskal egile baten lana aukeratu izana. Ttanttaka konpainiak ekoiztu du lana, Patxo Telleriak egin du testuaren oholtzarako egokitzapena. Aktoreen artean daude honako hauek: Mattin Apaolaza, Aitor Beltran, Joseba Apaolaza, Mikel Telleria, Iñaki Rikarte, Patxo Telleria, Mikel Losada, Amancay Gaztañaga, Asier Hernandez, David Pinilla, Vito Rogado, Anke Moll, Mireia Gabilondo, Iñaki Salvador.

Lotura interesgarriak:

Berria

Myriam Garziaren iruzkina Argian.

Iruzkina Zuzeun.

-Publikoari gorroto.

Kasu honetan Xabier Mendiguren Elizegik 1987an lehenik eta 1993an ostera (Ankerki bildumaren barruan) argitaratutako testua da oholtzara eraman dena. Berri pozgarria zalantzarik gabe, gutxitan gertatzen baita euskal idazle batek idatzitako antzezlan bat talde batek hartu eta oholtzara eramatea.

Ander Lipusek Artedrama plataformaren babesarekin sortu berri duen Huts teatroa taldeak eraman du oholtzara. Manex Fusch-ek zuzendu du lana, ‘Aulki hutsa’ lanean emandako rolak aldatuz: orduko hartan Fuschek antzeztu zuen eta Lipusek berak zuzendu, Joseba Sarrionandiaren hitzak izan zituzten oinarri. Lipusekin batera oholtzan dira Iñaki Ziarrusta eta Miren Tirapu ere.

Lotura interesgarriak:

Berria.

Elkarrizketak Hitzen Uberanen.

Antzezlanaren webgunea.

-Hitzak.

Hika teatroa antzerki taldeak genero bortizkeria eta tratu txarrak izango ditu hizpide bere lan berrian. Ane Pikaza, Klara Badiola, Ainhoa Aierbe eta Jabi Barandiaran izango dira aktore nagusiak. Antzezlaneko zuzendari den Agurtzane Intxaurragak berak idatzi du testua,. Arantxa Iturberen kolaborazioarekin. Azaroaren 23an estreinatuko dute Donostian.

Lotura interesgarriak:

Taldearen webgubnea.

-Su txikian.

Gaurkotasun handiko gaia aukeratu du Glu-glu ekoiztetxeak lan hau taularatzeko orduan: Loiolako elkarrizketak. Imanol Murua Uria kazetariaren Loiolako hegiak (Elkar, 2010) izan dute lanera tresna nagusi, Jesus Egigurenen ETA. Las claves de la paz (Aguilar, 2011) liburuarekin batera. Aktore nagusien artean dira Martxelo Rubio (‘Josu Jon Imaz’), Joxemari Carrere (‘Jesus Egiguren’), Ugaitz Alegria (‘Iñigo Urkullu’), Mañu Elizondo (‘Rodolfo Ares’), Libe Aranburu (‘Olatz Dañobeitia’) eta Gabriel Ocina ‘Arnaldo Otegi’. Galder Perezek hartu du lanaren zuzendaritza, eskarmentu handiko teatro idazle, aktore eta zuzendaria berau.

Aste honetan Azpeitian izango da estreinaldia, 6an udaletxeko ganbaran eta 9an Soreasu antzokian.

Lotura interesgarriak:

Berria: ‘Loiola piztu zuten sugarrak’.

-’Ta uain ze?’.

Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi aktoreek sortu berri duten Ttak antzerki taldeak plazaratuko du lana. Aktore biek luzez taularatu dute elkarrekin ‘Eta Karmele?’ antzezlana, Euskal Herrian azken urteetan gehien antzeztu den lanetako bat. ‘Eta Karmele?’ testua Samara Veltek idatzi zuen (laster argitaratuko du Edo! Argitaletxeak), eta oraingo honetan beraiek inprobisazioetatik abiatuta osatu dituzte antzezlaneko hitzak eta ekintzak. Miren Alcala izan dute lagun zuzendaritzan.

Estreinaldia azaroaren 18an izango da, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean.

Horiez gain, iragarriak daude euskaraz taularatuko diren proiektu gehiago ere, haien artean telebistatik eratorritako Goenkale. Adi egon beraz kultur agendei, euskaraz bada eta euskaraz zer gozatu.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.