Oier Santosi elkarrizketa

Bere lehen nobela plazaratu du Ereinekin: Ez zuten erantzun

Sei lagun. Unibertsitateko lehen urtean. Euren arteko harremanak aldatuz joango dira, ordea, ekintza misteriotsu baten ondorioz. Gertakizun honek beste hainbat ekarriko ditu,  zein baino zein harrigarriagoak. Ela, Danel, Jaitz, Garazi, Nikole eta Hodeiren bizitza betirako nola aldatzen den kontatzen digu Oier Santosen lehen nobelak. “Istorioak modu korapilatsuan baina ulergarrian kontatuak daudenean, pilo bat atsegin ditut eta horregatik hala idaztea otu zitzaidan”, adierazi digu Oier Santosek, Hitzen Uberan izan dugun solasaldian.

Aurretik ez duzu bestelako literatur lanik argitara eman. Hauxe da zure lehen nobela. Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Nik ere ez dakit nondik datorkidan idazteko grina hori. Betidanik gustuko izan dut nire ideiak ordenean jartzeko, idazten ibiltzea eta agian hori izan daiteke hasiera. Gainera, nire arrebak bere garaian zer edo zer idatzi zuen eta nire buruari –zergatik ez? – esan nion.

Irakurtzen duen horren isla da idazlea. Hala diote. Ados al zaude definizio honekin?

Irakurtzen duena baino, irakurtzen duen guztitik atsegin zaiona, esango nuke nik baina ziurrenik hala da. Niri ere horixe gertatu zait, irakurtzeko grina gazteetatik ez dudala aitortu behar dut. Hala ere, gustura irakurtzen nuen, libururen bat irekitzen nuen aldiro. Liburu bati, heldu eta askatu ezinean ibili nintzen lehen aldia La princesa de hielorekin izan zen, Camila Lackbergen lehena. Zoragarria. Liburu nahasiak eta misteriodunak dira gehien atsegin ditudanak.

Protagonistak unibertsitate garaiko ikasleak dira. Zure ikasle bizitza ere misterioz beterikoa izan al zen? Irakasle zara orain. Ikuspegi hori ere, irakaslearena, baliogarri izan al zaizu?

Nire ikasle bizitza oso arrunta izan zen. Ez zuen inolako antzarik liburuko protagonistekin. Nire ikasle garaiko bizipenek beste modu bateko eleberria idazteko emango luke aukera baina ez misterio kutsuko honekin. Umorea eta zoriontasunari buruz hitz egingo luke zalantzarik gabe garai hartako nire bizitzak. Bestalde, irakasle izateak ez dut uste eraginik izan duenik istorio honetan, izan ere, hau idatzi nuenean apenas neraman irakasle lanetan urte bete.

Ela, Danel, Jaitz, Garazi, Nikole eta Hodei dira protagonistak. Nobelako tramak markatuko die betiko, jada ez direla elkartu aurretik izan zirenak izango, ezta? 

Nik uste unibertsitate garaia oso aberasgarria dela, bertatik igarotako guztiei modu batean edo bestean bizitza markatu digu. Adin oso berezia izateaz gain, etxetik kanpora bizitzeak gure izaeran aldaketa nabarmena eragiten du (bizitzan behin egin beharreko zerbait dela iruditzen zait era berean). Neurri batean, seikote honi antzerako zer edo zer gertatu zaio. Ekintza misteriotsu batek, are gehiago eraldatu die bizitza. Aldaketa hauen aurrean, euren beldur, ezjakintasun, gaztetasun, eta abarrak jokoan jartzen dira.

 


“Istorioari eman nahi nion lehentasuna”

Unibertsitate giroan kokatu duzu nobela. Gazte literaturaren baitan kokatu beharko genuke Ez zuten erantzun nobela? Hala ez duzu horrelako etiketarik kontuan izan, nobela idazterakoan?

Egia esan behar badut, idatzi nuenean ez nuen ezertxo ere kontuan hartu, denbora pasatzeko besterik ez nuen egin, jolas gisa. Gustura nengoela aintzat hartuta, idazten jarraitu nuen eta halaxe atera zen. Beraz, helburu edo jomugak, irakurleen adina zein estiloak ez nituen inolaz ere kontuan hartu. Behin emaitza ikusita, gazteentzako interesgarriagoa izan daitekeela uste dut, baina printzipioz ez dago inori zuzendua.

“Liburua irakurtzen duenak ikusiko du euskara ez dela oso zaindua edo oso berezia”, esan zenuen liburuaren aurkezpenean. Nola baino, zer kontatzen den horri lehentasuna eman nahi izan diozulako akaso? 

Zalantzarik gabe. Egiari zor hori bai hartu nuela kontuan. Ez nituen esaldi eta euskara oso konplexuak erabili nahi. Irakurtzen ari naizenean, idazkera zuzenarekin gehiago gozatzen dut. Era zuzen eta xume bati lehentasuna eman nahi nion beraz. Euskara erraza eta arina dela uste dut, eta hori bai zela aldez aurretik hartutako erabakia. Zuk esan bezala, istorioari eman nahi nion lehentasuna.


Misterioa mantentzea helburu

Nobela ez dago modu kronologikoan garatua. Aurrera eta atzera egiten da denboran. Misterioa dosi txikitan eman nahian, akaso? 

Izan daiteke. Misterioa irakurlearengan mantentzeko modu polita iruditzen zait denbora nahastearena. Istorioak modu korapilatsuan baina ulergarrian kontatuan daudenean, pilo bat atsegin ditut eta horregatik, hala idaztea otu zitzaidan. Aberasgarria iruditzen zait.

Christopher Nolan zuzendariaren Memento pelikula idealizatuta duzula diozu. Eta eragina izan zuela nobela honen idazketan. Bereziki, idatzia egituratzeko garaian, ezta? 

Hala da. Memento filma ikusi nuenean, zoragarria iruditu zitzaidan. Christopher Nolan maisua da halako lanetan. Istorio bat, denboran saltoka kontatzea interesgarria dela uste dut, istorioari beste puntu bat ematen dio. Gainera, xehetasunek berebiziko garrantzia hartzen dute. Istorioak borobildu egiten ditu modu batean.


“Ongi pasatzen dut idazten”

Dagoeneko denbora bat egin du kalean. Nola hartu dute zure ingurukoek?

Ingurukoek harrituta galdetzen didate, nola otu zaidan halako zer edo zer egitea. Eta irakurri dutenen artean, orokorrean gustuko dutela esan didate, beste gauza bat da, benetan hala pentsatzea, baina orokorrean gustura irakurri dute. Unibertsitateko lagunen artean, irakurri dutenek, inori baino gehiago gustatu zaie, izan ere, euren orduko bizitzari erreferentzia asko egiten zaie.Irakurtzen duzun horrek, gertutik ukitzen dizunean, enpatia sentimendu atsegin bat sortzen da, eta nik uste horregatik gertatu zaiela. Orokorrean harrera ona izan du.

Ez zarela idazle sentitzen baina idaztea gustuko duzula esan zenuen prentsaurrekoan. Lehen nobela kalean ikustea pozgarria izango da zuretzat. Idazten jarraitzeko indarra emango dizu, ezta?

Hala da, inolako zalantzarik gabe, Erein argitaletxeak aukera hau ematea ilusio ikaragarri egin dit. Ez zuten erantzun igorri nienean, bigarren istorio bat idatzia nuen. Ez zuten erantzun argitaratu egingo zutela jakin nuenean hirugarren bat idaztera animatu nintzen. Oso gustura aritu naiz orain arte, eta denbora aurkitzen dudanean, jarraituko dudala uste dut, batez ere, ongi pasatzen dudalako.

Beste nobelarik idazten hasi al zara? Zerbait aurreratzerik bai?

Esan bezala, hiru idatzi ditut. Lehenengo hau, esan dezaket istorio bitxi bat dela, era bitxian kontatua, unibertsitate munduan oinarritua. Bigarrena, nire jakin-nahietako bat ekologia denez, horren inguruko istorio batez aritu naiz. Komando terrorista ekologista baten gorabeherak, beti ere, denborarekin jokatuz. Eta azkena, kirolaren ingurukoa da. Alde batetik, errugbia bezalako kirol bati buruz hitz egiten dut. Honekin batera Zelanda Berriko kulturarekin buru-belarri sartu naiz, eta guzti horrekin, atsegina iruditzen zaidan istorioa atera zait. Guztietan, gozatu egin dut idazten aritu naizen bitartean.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.