Maiatz 55, eta Eric Dicharryren emanaldia

Kalean da Maiatz aldizkariaren 55. alea. Ohiko moduan kolaborazio ugari, itzulpenak, iraganetik berreskuratutako altxorrak. Aldizkarian parte hartu duen Eric Dicharry idazleak errezitaldi-performancea eskainiko du gaur Errenteria/Oreretan.

.

Lerro hauek topatzen ahal dira Maiatz aldizkariaren 55. alearen aitzin solasean:

“Aldizkari hau garai gogorrekin dugu, berriro, izan dadien ekonomia desbideratu batek hondamenera ekartzen ari duen egoera horrekin edo euskal politikaren giroarekin, Aurore Martinen extradizioa, maltzurkeri hutsez eta behar seriosik gabe egina, begien bistan dugu.

Liburu saldo pollita argitaratu dugu Maiatz-en inguruan eta aldizkari hontan idazle andana lanean ari izan da. Euskararen estatutua, inkesta sozio-linguistikoa eta beste hor ditugu, maingu garela erakutsiz, omen, baina sorkuntza literarioaren indar batzu hor direla, lurretik udaberrian bizia sortzen duen molde berekoak, ikusten da”.

Poesia da zutabe nagusietako bat ale honetan, idazle hauen testuekin: Ekhiñe Egiguren, Ainara Maia Urroz, Ttotte Etxebeste, Joseba Aurkenerena, Juankar Lopez Mugartza eta Eric Dicharry. Narrazioaren arlokoak dira Jules Casenave, Eki Irastortza, Luixa Giltzu, Amaia Iturbide, Jakes Lafitte, Lucien Etxezaharreta eta Itxaro Bordaren ekarpenak. Itzulpenen bidetik heldu zaizkigu Tina Escaja eta Catherine Ferreroren lanak. Haiekin batera, Sirian senpertar ezezagun batek 1940an idatzi bertsoak plazaratu dituzte, Kepa Etchandy argazkilariak paper zahar plegatu batean topatuak.

Harpide berriak lortzeko deia egin dute azkenaldian Maiatz-eko kideek “55 zenbaki hau hamar eurotan jarri dugu: bazen zazpi urte sal neurria ez ginuela aldatua. Errexki ulertuko da gorakada neurtu hori. Harpidetzaren erreberritzea edo hartzea aldizkari baten biziarazteko bide nagusia dela errepikatzen dugu berritz. Irakurle bakoitzak harpide berri baten egitea: ez dea xede ederra 2013rako?”. Interesa duenak Maiatz-era idaztea besterik ez du: maiatz@hotmail.fr

Eric Dicharryren errezitaldia eta performancea gaur

Eric Dicharry-k Hormatik hormaraino liburua plazaratu zuen Maiatz-en eskutik udaberrian. Bertan esperimentazioa, zuzenean irakurtzeko aproposak izan daitezkeen testuak, bisualetik asko duten poemak eta edukietan inplikazio soziala eta politikoa egungo adierazpen beharretara eramateko saiakerak bildu zituen.

Liburua kaleratu ostean testu berriak paratu ditu Maiatz aldizkariaren azken 55. ale honetan, eta horiexek dira gaur bertan Errenteria/Oreretako Mikelazulo kultur elkartean irakurriko dituenak. Horren ostean performancea abiatuko du publikoaren laguntza bilatuz, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala izango duelarik jomuga. Ekitaldi hau Mikelazulok antolatu du, Literatura Eskolarekin elkarlanean.

Ekitaldia 19:30ean hasiko da.

Albiste honen uberan:

Elkarrizketa Eric Dicharry-ri Uberanen

Elkarrizketa Berrian

Maiatz-en azken nobedadeak

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.