Espero ez zuenean

Zilarrezko Euskadi Saria jaso du Itxaso Martinek

Itxaso Martinen ‘Ni, Vera’ (Elkar) eta Lluis Llachen ‘Memorias de unos ojos pintados’ (Seix Barral) eleberriak saritu dituzte aurten Donostiako Liburu eta Disko Azokan. Aurreko urteetan, Liburu Egunean ale gehien saltzen zituzten egileek eskuratzen zuten saria. Aurten, ordea, liburu-dendek hautatu dituzte. “Ez dira gehien saldu diren liburuak. Baina saritu nahi genituen bi liburu dira. Asko gustatu zaizkigu eta kalitatezkoak dira. Aspaldi hasi ginen bi liburu hauek irakurtzeko gomendatzen”. Andoni Arantzegi Gipuzkoako liburu-denden elkarteko arduradunak hedabideei eginiko adierazpenak dira hauek.

Euskarazko nahiz gaztelaniazko kategorietan beste aipamen batzuk ere egin dituzte. Euskaraz, Jon Alonsoren ‘Zintzoen saldoan’ (Txalaparta) eta gaztelaniaz, Eduardo Bertiren ‘El pais imaginado’. Sari hauen aitzakian, Itxaso Martinekin izan gara solasean (argazkia, Noticias de Gipuzkoa). Ez zuela saria espero eta pozarren agertu zaigu. Liburu berri bat idazteari ekin diola ere iragarri digu.

 

Zilarrezko Euskadi Saria jaso berri duzu, ‘Ni, Vera’ (Elkar) nobelarekin. Zer suposatu du zuretzat?

Oso pozik nago. Inondik inora espero ez duzun sorpresa bat jasotzen duzunean bezala sentitzen naiz. Pertsonalki esanahi handia izan du.

Sariaz gain, irakurle talde askotan irakurri da eta oihartzun handia izan du hedabideetan. Espero zenuen horrelako itzalik izango zuenik zure lehen nobelak?

Egia esan, lehen lurreratzea da literaturaren munduan eta ez nuke jakingo oihartzunaren balorazioa egiten. Baina gertatu zaidanarekin oso pozik nago, irakurle taldeetan oso gustura aritu naiz, izugarri ikasi dut.

Ari al zara liburu berriren batean lanean?

Bai, badut zer edo zer eskuartean. Baina orain tesia egiten ari naiz eta zaila egiten zait biak uztartzea. Eta orain, tesiak du lehentasuna, beraz, presarik gabe ari naiz idazten.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.