Kate Chopin eta Grace Paley deskubritzeko aukera aparta

Euskarari ekarriak web orrian jaso dituzte idazle amerikar hauen ipuin bana

Ana Isabel Moralesek eta Jasone Larrinagak egin dituzten itzulpen lanei esker, Kate Chopin eta Grace Paley idazle estatubatuarren ipuin bana irakur ditzakegu armiarma.com web atarian. Chopin-en Desireen umetxoa eta Paley-ren Agur eta zorte on, hain zuzen (argazkian hurrenez hurren ageri dira). Lehendabiziko aldia da idazle horien lanak euskarara itzuliak izan direna eta bi kontakizunak ‘Euskarari ekarriak’ izeneko atalean topatuko dituzue.

Desireeren umetxoa kontakizuna Kate Chopinen ipuin ezagunenetako bat da, 1893an argitaratua, “eta orain Ana Isabel Moralesek itzulirik eskaini diguna”, Literatur Emailuetan azpimarratu duten bezalaxe. Irakurri edota entzun. Xerezaderen Artxiboan entzuteko moduan jaso dutelako ipuin hau. Kate Chopin, sortze izenez Katherine O’Flaherty, XIX. mendeko idazle handietako bat izan zen Amerikako Estatu Batuetan. At Fault (1890) eta The Awakening (1899) nobelak plazaratu zituen. Euskarara ekarri berri den ipuina irakurtzeko, hauxe da esteka zuzena: Desireen umetxoa.

1959. urtean Grace Paleyk idatzitako ipuina da Agur eta zorte on, eta New Yorkeko Arte Errusiarreko Antzokian txartel-saltzaile lanetan ari den emakume baten istorioa kontatzen du. “Grace Paley (1922-2007) ipuingile eta poeta amerikarrak honela definitu zuen bere burua: bakezale borrokalaria eta anarkista kooperatiboa”, Literatur Emailuetan aditzera eman dutenez. “Vietnamgo gerraren kontrako protestetan maiz atxilotu zuten, eta 1978an kartzelatu egin zuten Etxe Zuriaren aurrean arma nuklearren aurkako pankarta bat zabaltzeagatik. Jasone Larrinagaren itzulpenari esker euskaraz irakur dezakezu lehendabiziko aldiz”. Hauxe esteka: Agur eta zorte on.

Hau ere entzuteko moduan paratu dute Xerezaderen Artxiboan: esteka zuzena.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.