Literatura belarriekin irakurtzeko bideak

Pista jarraitu diegu Interneten topa daitezkeen literatur audioei

Literatura belarriekin irakurri daiteke. Interneten audioak, ahotsak, testuak entzungarri ditugunetik erraztu egin zaigu belarrietara doan bidea, errazago jarraitu diezaiekegu arrastoa literatur edukiak plazaratzen dituzten irratsaio eta proiektuei. Jarraian dituzue adibide batzuk.

.

Azken bolada luzeetan sarri entzun eta esan izan dugu, kezkagarria dela oro har kulturgintzan, kasu literaturgintzan, edukiak sakonean lantzeko eta zabaltzeko zirrikituen galera. Ikus entzunekoa ezinbestekoa den garaiotan, eskas ageri zaigu euskarazko telebistarik handienean kultur edukien presentzia. Paperezko kultur ataletan gero eta murritzagoak dira -krisi ekonomikoari egotzia batetik, paperaren krisiari bestetik- kultur orrien kopuruak, are gehiago espezializatuak direnak, han-hemenka ahaleginak mantentzen diren arren.

Irratiaren kasuan euskara Herri Irratia zen horretatik desagertzearekin batera galdu genuen Testuketan saioa. Hala ere, asko dira irratian duintasun handiz lan egiten ari den jendea, eta pena merezi du haien ahalegina behin eta berriz gogora ekartzeak. Internetek egun aukera ematen duelako eduki horiek behin eta berriz berreskuratzeko, saio eta gune horietan gure gustuko testuak lehen ahotik ezagutzeko aukera dugula oroituz. Era berean, Internetera zuzenean bideratutako audio-proiektu eta guneak ere ez dira gutxi. Hauxe duzue literaturari loturiko audioak entzuteko gida posible bat:

Irratsaioak

Celosamente gordea, sormenaren bidean

Celosamente Gordea irratsaioa egiten dute Gaizka Amondarainek eta Manex Agirrek Hala Bedi irratian, 2008tik. Poemak, ipuinak, saiakera zatiak… gai baten inguruan bilduta, edo sortuta. Modu zainduan irakurtzen dituzte testuak, tarteka idazleren baten laguntzaz. Musika ere ez da nolanahikoa, saiotik saiora anitza bezain ez ohikoa izaten baitira biltzen dituzten kantak eta doinuak, edo are, testua eta musikaren artean egiten dituzten uztarketak. Irratia abiapuntu ere izan dute inoiz egileek oholtzarako bidean, Zeru gaineko Berlin errezitaldia egin zutenean kasu.

Ikasturte honetako azken saioen artean egon dira Hedoi Etxarterekin egindakoa, Nazim Hikmeti buruzkoa, Danele Sarriugarte bidaide izandakoa, “Lana” ardatz hartuta egindakoa. Hemen berriz, guztiak.

Obabako Testiguak, ahotsen elkargune

Literatur zaleen dinamika batetik sortu zen saioaren ideia, Añorgako irakurle taldean hain zuzen ere. Irakurketen dinamikaren harira, Info 7 irratira jo zuten Martin Riella eta Peter Ostolaza saioaren gidariek, eta bertan abiatu zuten Obabako Testiguak izeneko literatur saioa. Bi astean behin egin dute aurten, ostegunez.

Kaleratu berri diren liburuen inguruko elkarrizketak izan ohi dira, tarteka, saioaren ardatza; saio tematikoak ere egin izan dituzte; batzuetan zein besteetan kolaborazioei zabaldu diete atea, saioko ahotsen partaidetza zabalduz: liburu komentarioak, kantuetako testuak, sormen kolaborazioak…

Idazleen habietara, edo aktualitate-guneetara bertara gerturatu izan dira gidariak grabagailuarekin, Mikel Tabernari egindako elkarrizketa edo Literaturiaren kronika horren lekuko. Landu dituzten azken gaien artean da, adibidez, 80eko eta 90eko hamarkadetako hainbat euskarazko literatur aldizkariei buruzko saioa.

Irakurrieran, nobedadeen berri sakona

Bizkaiatik bizkaieraz munduko euskaldun guztiontzat”, dio irratsaioaren hasierako leloak. Bizkaieraz egiten dute beraz, baina literatur zale ororen belarrietara iristeko bokazioz. Ez dira ugariak idazle bati ia ordubeteko tartea uzten dioten komunikabideak, hauxe duzue haietako bat

Gotzon Barandiaranek eta Edorta Jimenezek abiatu zuten duela bost urte Bizkaia Irratian, Euskal Idazleen Elkartearen ekimenez. Ohikoan, plazaratu berri diren liburuei buruzko elkarrizketa sakonak egiten dituzte egileekin, liburuarekin bat egin dezaketen musikak tartekatuta.

Denboraldi honen amaieran elkarrizketatu dituzte, besteak beste, Itxaso Araque, Iñigo Roque eta Peru Magdalena. Hemen Araquerena:

 

[audio2:http://www.bizkaiairratia.com/igotako_audioak/2661_Itxaso_Araque_Irakurrieran_saioan.MP3]

Arratsaldekoa, minutu bakoitzaren arnasa

Ez dira oso luzeak Arratsaldekoan Arantxa Iturbe kazetari eta idazleak gidaturik idazleei egin ohi zaizkien elkarrizketak; Iturbek badu hala ere, minutuak mamiz luzatzeko gaitasuna, eta estimatuak dira oso idazleen artean Arratsaldekoatik heldutako gonbidapenak. Liburuko pasarteak aukeratu eta irakurri ere egiten dituzte saioan zehar saioko kideek. Azken elkarrizketen artean dira Jon Arretxe, Lurdes Oñederra eta Karlos Linazasorori egindakoak. Hemen Arretxerena:

Lizardiren Baratza, poesia hizpide

Jose Luis Padronek gidatu du 2011tik Euskadi Irratian Lizardiren Baratza ordubete inguruko saioa, poesia oinarri eta hizpide. Euskal Herrian egindako errezitaldien grabaketak (Lieraktum edo Poesia Orduak bezalako jardunaldietako errezitaldietako zatiak emititu izan dira), munduko literaturako poetei buruzko saioak, argitaratu berri diren poesia liburuen inguruko elkarrizketak, gonbidatuak, idazleen liburu gomendioak… Denboraldi honetako azken saioak William Shakespeare, Mario Benedetti eta Georges Moustakiri buruzkoak izan dira. Hona hemen “Urumea ibaia” izeneko saioa, Literaktumen antolatutako ekitaldiaren harira:

Xerezaderen artxiboa, literatur podcast-a

Ana I. Moralesek eta Jasone Larrinagak gidatzen dute Xerezaderen artxiboa izeneko literatur podcast-a, “ipuinak, kontakizun laburrak eta luzeak, bai eta fikziozkoak ez diren testuak ere”. Bilbo Hiria irratian egiten duten saioaren harira sortu zuten proiektua, sarritan egileek berauek itzulita. Lan bikotza egiten dute berez egileek, testuak euskaratuz (Euskarari ekarriak gunean topa litezke haietako asko) eta audio moduan eskuragarri jarriz. Egilea kokatzeko, haren testuan murgiltzen hasteko, sarrera moduko testuekin abiatzen dituzte saioak (ostera haien blogean irakurri daitezkeenak partzialki). Beste ahots batzuen kolaborazioa ere eduki izan dute.

Ana I. Moralesek Charlotte Perkins-Gillman-en Hormako paper horia argitaratu du Argitaletxea Edo!-ren eskutik, lehenago Xerezaderen Artxiborako prestatu zuelarik. Oholtzatik, zuzenean ere irakurri izan du narrazio osoa.

Azken ekarpenen artean dira Grace Paley-ren Agur eta zorte on ipuina, Ovidioren Filomela eta Prokne (Itzulpena: Juan Mari Mendizabal) eta W. W. Jacobsen Tximino atzaparra (Edu Lartzangurenen ahotsean entzungo duzu, Izarne Cardabaren laguntzarekin).

Internet, ezinbesteko aliatua

Badira Internet-i zuzenean loturiko proiektu eta audio-ekimenak ere, haien artean dira honako hauek:

Etxegiroan, istorio anitzen plaza

Etxegiroan izeneko webgunean ipuin laburrak, narrazio zatiak eta poemak jarri izan dituzte entzungai, batzuetan webguneko arduradunek grabatutakoak, beste batzuetan egileek berauek. Proiektuaren berri eman genizuen 2010eko abenduan Uberanen bertan, erreportaje baten bitartez. Euskarazko egileen testuak ugariak dira: Ixiar Rozas, Uxue Alberdi…

Susa, idazleen ahotsa

Entzungai aspalditik bazeuden ere, Literatur Emailuen bitartez ekarri digute gogora Susako kideek Gabriel Arestiren ahotsa aurkitu daitekeela Entzuteko atalean. Arestiren kasuan hamabi dira egilearen ahotik entzun daitezkeen poemak, eta badira beste idazle askoren ahotsak ere: Xabier Aldai, Iñigo Aranbarri, Pako Aristi, Jon Benito, Leire Bilbao, Bitoriano Gandiaga, Jose Luis Otamendi eta Miren Agur Meaberenak, adibide batzuk aipatzearren. Koldo Izagirrek ere, XX. Mendeko Poesia Kaieren harira grabatu zituen bere ahotsez Gabriel Aresti, Manex Endozaintzi-Etxart, Xabier Lizardi, Nemesio Etxaniz, Salbatore Mitxelena, Orixe eta Jokin Zaitegirenak.

Kantagintzaren ahotik

Kantagintzari loturik heldu zaizkigu, ezagutu ditugu, ahoratu ditugu idazle ugariren poemak. Han-hemenka topa ditzakegu haiei buruzko erreferentziak, haien artean Badok guneak eskaintzen du 2000. urtea bitarte argitaratu diskoetan topa litezkeen idazleen zerrenda. Hitzen Uberanen ere, sarritan eskaini dizkizuegu Poema musikatuak, musika eta poesiaren arteko harreman horren lekuko.

Audioliburuak

Iritsi izan zaizkigu liburuak argitaratu ahala osorik entzuteko aukerak ere. Elur antzara (Hamaikabooks, 2012) kaleratzerakoan adibidez, Uxue Alberdiren ahotsean entzun ahal izan genuen osorik. Henry David Thoreau-ren Desobedientzia zibila Edu Lartzangurenek itzuli eta Potxo edizioak-ek argitaratu zuen 2010ean, audioliburua paratuz aldi berean entzungarri.

Literatura belarriekin entzuteko, zabaltzeko eta barneratzeko gonbitea duzue artikulu hauxe. Badira adibide gehiago, seguru.

Ezagutzen duzue besterik?

 

 

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.