Azaroaren 22an amaituko da II. Booktrailer Lehiaketan parte hartzeko epea

Euskal Herriko Booktrailer Lehiaketan parte hartzeko izen-emate epea bukatzeko egun gutxi falta dira. “Bideo izugarri politak jasotzen ari gara, oso-oso landuak batzuk, gainera”, Gaumin argitaletxetik aditzera eman digutenez. Horretaz aparte, bi nobedade ere aurreratu dizkigute: Hiru istripu eta bi amodio eta Amets ameslari izenekoak.

Iaz harrera ederra izan zuen Booktrailer Lehiaketak. Eta horregatik eman diote jarraipena aurten. Bigarren edizio honetara aurkezteko epea azaroaren 22an amaituko da. PDF honetan dituzue lehiaketako OINARRIAK.


Gauminen nobedadeak

Durangoko Azokaren atarian gaude. Gaumin argitaletxeak ere bi liburu argitaratuko ditu laster. Izenburuak eta liburuen sinopsiak aurreratu dizkigute.

Hiru istripu eta bi amodio (14-15 urte): Anuskak eta Galderrek bete-betean bizi dituzte nerabezaroko gatazkak: betiko lagunen lehen ika-mikak,  izaera eta gorputz aldaketak, krisiaren gorriak eragindako desorekak…  Zertarako  gaude prest aitaren izena salbatzearren? Posible ote bi pertsona aldi berean maitatzea? Eta zure sexu berekoa baldin bada bat? Maitasuna, hezkuntza, umorea, homosexualitatea…

Amets ameslari (behin-behineko titulua) (10-11 urte): Ametsek zerbait arraroa sumatzen du etxean, eta gurasoak banatzear daudela uste du. Baina hori baino larriagoa da kontua, amak minbizia du. Nola egin aurre horri? Nola bizi du haur batek horrelako egoera bat?

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.