Literatura kurduaz

Astelehenean Urtzi Urrutikoetxeak Helim Yusiv eta Berivan Dosky idazle kurduei egindako elkarrizketa argitaratu genuen. Gaiak merezi duekoan, gehiago sakondu dugu Hitzen Uberanen. Orsola Casagranderi, kultura kurduan aditua den kazetari italiarrari galdegin diogu Kurdistango literaruraz, eta Urtzi Urrutikoetxeak eta Manuel Martorellek euskarara ekarritako Mem-u-Zin epopeia kurdu handiaren hitzaurrea ere ekarri dizuegu.






Urtzi Urrutikoetxeaz gain, Karlos Zurutuzak eta Manuel Martorellek ere hartu dute parte Kurdistani buruzko 46. Hegats-a osatzen, eta erreportajearekin hasteko hitz hauek lapurtu dikiogu Zurutuzari, bere bidai kronikatik:
“Kurdu herria eta Kaukasoren arteko loturak ehunka urte zituen jada. Erdiaroko kronikek kurdu leinu poteretsuak jasotzen zituzten; Najichevango eskualdean (Azerbaijan) kurdu herrixkak aipatzen dira X. mendean, eta poema nahiz kanta ugarik jaso dute, besteak beste, sheik Sanan kurdua eta armeniar moja baten arteko erromantze eskandalosoa, edo zenbateraino miresten zuen Mirza Mahmudek bere georgiar emaztea”. (Karlos Zurutuza, 46. Hegats)
Orsola Casagranderekin hizketan
Ez gara literatura berri batez ari, beraz, baina bai berritzen ari den literatura batez, mugak mugak, zirrikitu guztietatik sortzen, hazten, garatzen. Orsola Casagrandek bere begirada eskaini digu: “azken bost urteotan garapen interesgarria gertatu da literatura kurduan” dio, “Dilawer Zeraq, Arjen Ari, Sener Ozmen eta beste hainbat idazle azpimarratuko nituzke”.
Kurdistan lau zatitan banatuta dago, eta zatiketa hori literaturan ere islatzen dela baieztatzen du Casagrandek: “Iraken, iraganean ere kurduz aritzen zirenez, oso literatura aberatsa dago. Turkiako Kurdistanen, aldiz, hizkuntza debekatua izan da kurdua urte luzez baina, hala ere, nahiko literatura anitza aurki daiteke, batez ere, 50. eta 60. hamarkadetatik aurrera”
Badira turkieraz idazten duten idazle kurdu ezagunak, Yasar kemal, adibidez, baina idazle gehienek ez dute haren obra literatura kurduaren barnean kokatzen. Mehmed Uzunekin hasi zen kurdueraz idatziriko literatura mundu osoan ezagun egiten. Zoritxarrez, 2007an hil zen 54 urte besterik ez zituela. Uzunek Roni mina Evine, Tari mina Mirine (Maitasuna bezain argia, heriotza bezain iluna) nobela idatzi zuen, kurduek Turkian bizi duten egoeraren salaketa alegorikoa. 1988an argitaratu zen eleberria, eta gerrillari kurdu gazte baten eta bere jatorriaren, bere erroen bila ari den Turkiako armadako general baten arteko maitasun sutsua kontatzen du. “Garesti atera zitzaion”, dio Casagrandek, “Estatuko segurtasun auzitegiak salatu zuen 2001ean, terrorismoari laguntzea eta independentziarako iraultza bultzatzea leporatuta.
Prozesatua izan zen denboran kurderaz hitz egiteko eta idazteko eskubidea aldarrikatu zuen behin eta berriz Mehmed Uzunek eta, erantzun gisa, bere liburuak debekatu dituzte Turkian.
Orsola Casagranderen hitzetan, “literatura kurdua 1920. urteaz geroztik hitz egiten zen lurralde osoan despotismoz eta errukirik gabe debekatua izan den hizkuntza bateko literatura da”.
Denbora asko igaro da kurderazko lehenbiziko obratzat hartzen dena, Mem u Zin (E. Xanî, 19651-1707) argitaratu zenetik eta, gaur egun, erabat anitza da kurderaz idazten duten idazleen egora. Batzuk azpimarratze aldera Helim Yusiv Siriako kurdua aipa dezakegu, diasporan bizi dena; edo Dilawer Zeraq Turkiako kurdua, Diyarbakirren bizi dena eta 90. hamarkadan desagerturiko kurduen inguruko trilogia idazten ari dena; edo Jan Dost Siriaren menpeko Kurdistangoa hau ere, Sê Gav û Sê Darek nobelaren idazlea (nobelan, lider kurdu garrantzitsu baten, Seik Said-en bizitza da gai nagusia). Badira beste autore batzuk, Mahmud Baksi, esaterako, Europan bizi direnak. Baksi-k Kurdistandik alde egin behar izan duen intelektual baten zailtasunak kontatzen ditu bere Helin eleberrian.
Turkiaren barneko Kurdistango lurretan 1990 arte ezin zen kurderaz idatziriko libururik aurkitu, debekatuta baitzegoen, baina urte gutxitan ikaragarrizko gorakada izangu kurderaz idatziriko literaturak, ezkutuan gorderiko idazleak argitara atera izan balira bezala: Remezan Alan, Omer Dilsoz, yaqob Tilermenî, I. Seydo Aydogan, Mîran Janbar, Sener Özmen… Badira urte batzuk Diyarbakir-go udalak antolatuta literatur jaialdia egiten dela, baina aurten, lehen aldiz kultura, arte eta literatura kurduari buruzko jardunaldiak egingo dura abenduaren 11an eta 12an. “Kultura nazional demokratikoaren garapenerako, batasun naziola” izenburua dute jardunaldiek. “Lehen aldia izango da intelektual, idazle eta artista kurduak elkartuko direna egungo egoeraz eztabaidatu eta kultura kurduaren etorkizunaz gogoeta egiteko” dio hunkituta Casagrandek.
Gatazka politikoa literaturan
“Gatazka politikoa erabat presente dago literatura kurduan”, esan digu Orsola Casagrandek, “lehen modu alegorikoan eta orain gero eta modu agerikoagoan. Esan dizuet Dilawer Zeraq desagertuei buruzko trilogia prestatzen ari dela, eta desagertuena oso gai delikatua da, eta are delikatuagoa orain, gorpuzkiak bilatzen hasi baitira”.
Aipatzekoa da ipuin eta nobela asko zinemara ere egokitzen dituztela. Murathan Murgan-enak, adibidez. Murgan Istanbulen jaio zen arren Mardingoa (Kurdistangoa) da jatorriz, eta bere eleberriak herrialdearen egoera politikoaz eta sozialaz ari dira. Elif Shafak idazle turkiarrak esaten duen bezala “Turkian nobelak deklarazio publikoak dira”, eta asko dira literaturaren bidez hitza eta ahotsa eskuratu duten autoreak, Europan eta AEBtan, batez ere.
Gaur egun, intelektualek eta idazleek zuzenean parte hartzen dute balizko bake-prozesu baten eraikuntzan. 1999tik Imraliko uhartean preso dagoen Abdullah Ocalan lider kurduak bakearen aldeko bide-orria idatziko duela agindu du, bai Kurdistanerako eta baita diasporarako ere, eta intelektualak, artistak eta idazleak elkartu eta buru-belarri ari dira elkarrizketa posible izango den marko politikoa eraikitzeko lanean.

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>