Karmele Igartuak oparitutako denbora

Karmele Igartua Bengoari omenaldia egin zioten larunbatean Bergaran, Idazle Eskolaren ekimenez. UNEDeko Areto Nagusia jendez lepo bete zen poesiaren bidezko agurra emateko: kolorez jantzitako aulki hutsetan eseri eta bere poemen hatsean bildurik eman zioten ahotsa izan gabe baden denborari.






Eta orain, ba,
ez nau hiltzeak arduratzen,
biziak bai, eta bizirik bizitzeak.


Ez dut hil nahi bizi naizen artean,


eta gero, ba, gerokoak.
Karmele Igartua, Denbora enaren hegaletan.

Gogoan iltzaturik dugu askok Karmele Igartuaren azken agerpen publikoa. Ekainaren 6an izan zen, Larrabetzuko Literaturian. Tere Irastortzak lagunduta heldu zen hitzordura, ahulduta, kostata, autoan bidai txarra izan zuelarik. Haren bisaia ikusi eta larritu egin ginen askok, gaixotasunaren garroa suma baitzitekeen. Hala ere oholtzara igo zen Karmele, eta barru-barrutik irakurri zituen bere poemak. Honela jaso zuen orduan Literaturiaren kronikak:
‘Karmele Igartuak be, bakarrik, bere ahotsaren laguntzarekin ekin dio testuak irakurtzeari. Idazle eskolan ondutako emakumea. Poesia liburua plazaratu berri, aulkian jezarrita, gozo irakurri dizkigu bereak. Adi adi jarraitu dute bertaratutakoek. Gehienek ez dute ezagutzen, eta txundituta jarraitu dituzte haren berbak. Txaloek ongi etorria eman diote, literaturaren plaza libre honetara.’
Izan ere hala baitzen, gutxiegik ezagutzen zuten oraindik bere ahotsa. Edo gutxiengo handi batek hobe esanda, larunbatean Bergaran egindako ekitaldian izan zen parte hartze zabala eta sentitua ikusita. Larrabetzun nolanahi ere, askok egin zuten galde Karmeleren obragatik, eta harrigarria bezain eredugarria iritzi zioten hainbatek bere literatur biografiari. Izan ere, noiz hasten da pertsona bat idazle izaten? Askorentzat berandu hasiko zen Karmele, idazten baino argitaratzen, topikoak apurtzea eskertu beharko diogu horretan ere. Karmele Igartuaren lehen liburua 2008an kaleratu zen, berrogeita bederatzi urte zituenean: Hitzak orbainetan zuen titulua, Felipe Arrese saria irabazi ostean Euskaltzaindia-BBKren eskutik argitaratua. 2009an etorri zen bigarrena, Denbora enaren hegaletan, Pamiela argitaletxearen eskutik.
Denbora gutxian lortu zuen Karmele Igartuak bere ahots propioa aurkitzea. Ez ziren liburuetakoak haren idatzien lekuko bakarrak, nolanahi ere: bere ibilbidea ulertzeko gakoa da Idazle Eskolan egindako lana eta bidea, www.idazten.com webgunean topa litezke bere idatzien laginak hainbat generotan, eta baita Hatsa elkartearen azken urteotako bildumatan ere. 2011ko udaberrian ikusiko du argia, Pamielaren eskutik, azken unera arte idazten jardun zen poema liburu berria: Itsaso kontra bat. Karmele Igartuaren denbora ez da oraindik amaitu.

Enaren ahotsa Bergaran
Ez ohikoa izan zen larunbatean Idazle Eskolaren ekimenez egin zen omenaldia. Ez ohikoa, emanaldian parte hartu zutenek ahalegin handia egin zutelako airean senti zitekeen hunkidurari eusteko, poetaren beraren ahotsa bere testuen bidez ekartzeko.
Karmeleren beste habia izandako Kurtzebarriko lankideen kantuarekin abiatu eta, ondoren, jendez lepo beteta zegoen aretoko lagun bakoitzak bere bidaia propioa egin ahal izan zuen: Karmeleren testu zatien proiekzioa tartekatu zuten haren bizi osoko argazkiekin, azken urteotan parte hartutako ekitaldi eta errezitaldien irudi zein bideoekin. Proiekzioak bermatzen duen ilunpearen babesean asko izan ziren isuritako malkoak.
Argiak piztu zirenean eszenatokiko aulki hutsek hartu zuten lekukoa. Bakoitzak koloredun zapi bat zeukan gainean, eta koloreko zapia atrilak ere. Sinbologiaz kargaturiko elementuez jantzi zuten Idazle Eskolakoek errezitaldi-gunea. Eta banaka, binaka, taldeka hasi zen ahotsen zerrenda luzea mikrofono aurretik pasatzen. Karmelek berak idatzitako poemak izan ziren irakurritako gehienak, baina izan zen hari eskainitako testurik ere. Naturaren elementuak ardatz hartuta egin zuten bidea, poema sortatik sortara.
Errezitaldiaren parterik handienean hitzen hegaldiak hartu zuen bertakoen denbora, eta sentsazioa bitxia bezain gertukoa izan zen: Karmeleren ahotsa bertan izan zela esatea gehiegi litzateke agian, baina besteen ahotsetik ahotsera, poesiaren hizkeran murgildurik, pertsona bakar baten mundu ikuskeraren eta sentipenen haria suma zitekeen. Poetaren ahotsa hainbat ahotsetan zatiturik, hari bakarrean. Irakurritako testu ugarien artean zegoen honakoa:

-Idatzi beharra daukagu.-


Diostazu askotan, begietara begira;
idatzi, esateko garena,
esanda uzteko dakiguna,
gure berbak, gure gurak gureentzat,
gureei geroan guztia ulertzeko bidea
errazte aldera.


-Idatzi beharra daukagu.-


Diotsut batzuetan, eskutik hartuta,
esku-ahur hauetan bizi dugunaren edertasuna
sentiaraz dezaten gureen esku-ahurrek
gurekin batera,
arima eskaini ahal izateko,
jasotakoa, eman eta eman egiteko.


-Idatzi beharra daukagu.-


Ez garenerako.
Karmele Igartua, Denbora enaren hegaletan.


Amaiera aldera Tere Irastortzak -Idazle Eskolako zuzendariak- eta Jose Angel Irigarayk -Pamielako kideak- hartu zuten hitza hurrenez hurren.
Irastortzak Karmele Igartuak idatzitako hitzak harilkatu zituen ‘denbora hartzen eta denbora ematen asmatu zuen Karmelek, denbora dohaintza da, salerosten ez den bizigaia, eta dohaintza hori behar-beharrezkoa dugu biziko bagara, amodio oro eskaintza batekin hasten delako eta ukazio batekin amaitzen. Idazle Eskolak Karmelek dohaintzan eskainitako denborari ihartzen ez uzteko beharra eta gogoa sentitzen du’.
Irigarayk berriz poeta puska eta pertsona puska aipatu zuen hitz egiten hasi orduko ‘berak poema batean esaten du zaila dela idaztea, bizitza xurgatzen, ebasten duela horrek, argia kentzen duela. Horretan geldituz gero egia da, baina literatura zuhaitza ere baden heinean sustraituta dagoelarik gora ere badoa, oso gora argi bila, eta adarren bitartez lau haizetarat zabaltzen da. Eta hara non hitz horiek toki eta lurralde berrietara hedatzen dituen, ikuskatzen ditu ostertz berriak. Nik uste dut hori dela benetan literaturaren metaforarik ederrenetarikoa’. Pamielaren izenean hitza hartuta, Itsaso kontra bat liburua izango dena aipatu nahi izan zuen Irigarayk ‘poemategi postumoa izanen da, urte honetan idatzitakoa azken mementua arte, nik uste dut euskal poesiagintzan ez dagoela horrelako libururik, muga horretan egonda idatzitakoa. Muga beti ere berak kokatzen zuen bezala: itsasoa eta lurra, denbora eta unea, badoana eta gelditzen dena, iragankortasuna eta gelditu beharra, denbora finkatu beharra. Poesia bizitzaren laburpena dela dio berak, eta ez da teorian, abstraktu mailan edo distantziatik esandako zerbait, askotan literaturan egiten dugun bezala. Bera benetan zegoen izan ez izan muga horretan, eta nik horregatik diot heriotzatik harago mintzo dela, batzuetan bizitzaz eta besteetan bizitzatik mintzatzen baita heriotzaz. Modu horretan egiten duen garapena ez dago euskal poesiagintzan, sekulako herentzia utzi du’.
Eta kronikaz gain, omenaldia ere izan nahi duten lerro hauek ixteko, Karmeleren beste poema bat ekarri dugu lerrootara:
Poesia da laburpena. Bizitzarena.
Pentsamendu oso bat zehatza, zehaztua.
Hitz bakoitzak aukeratu behar du,
Koma bakoitzak hausnartua.


Eta, hitz egiten duten isiluneak.


-zer eta nola-
poesia da laburpena: izana esanetan
eta batzuetan
orbainak hitzetan.
Karmele Igartua. Hitzak orbainetan.

Omenaldiaren berri eman zuten Idazle Eskolako kideek eta Garak.
Testuketanen Karmele Igartuari egindako elkarrizketa entzun daiteke hemen.

This entry was posted in ga-Erreportajeak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>