Bernardo Atxaga: “Nire beste nobela batzuk baino trinkoagoa da hau”

Nevadako egunak (Pamiela) liburua aurkeztu du gaur Donostian

Kronika da hasieran, eta bukaeran nobela (…), liburuaren atmosfera autobiografikoa da… Nevadako egunak (Pamiela) liburuaren kontrazalean irakurriko dituzue hitzok. Hori guztia nola etorri den azaltzen saiatu da gaur Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eskaini duen prentsaurrekoan. 150 zatiz osatzen da Bernardo Atxagaren liburu berria. Modu kronologikoan emanak. Pieza horietan badira behin eta berriro errepikatzen diren elementuak. “Horrek nik uste, trinkotasun handia ematen dio”, azaldu du Asteasuko idazleak hedabideen aurrean egin duen aurkezpen ekitaldian. “Liburu hau nire beste nobela batzuk baino trinkoagoa dela esango nuke”.

“Zaila da beti liburuez hitz egitea. Liburuaren helburua kunplitzen da irakurleak irakurtzen duenean. Eta horren gainerako guztiak bigarren mailakoak dira. Beraz, irakurketaren aldean, aurkezpena ere bigarren mailakoa da”. Horrela hasi du prentsaurrekoa Bernardo Atxagak.

 “Etiopia poema liburua idatzi nuenean, hasiera hasieratik banekien poema liburua izango zela. Eta helburu hori nuenez, apunteak hartzen nituen poemak idazteko. Eta horrela antolatu nuen liburua, poema liburu bezala. Eta Obabakoak, Gizona bere bakardadean, Soinujolearen semea, Zazpi etxe Frantzian… idatzi nituenean ere, hasieratik banekien nobelak izango zirela. Zer esan nahi dut honekin? Generoa idazlearentzat dela literaturaren alde soziala. Generoa ez dugu guk asmatzen, ez da ezer pertsonala. Generoa hor dago, zuk hartu edo utzi egiten duzu. Nobela poliziakoak idaztea erabakitzen baduzu, horrek bere legeak bere arauak bere moduak ditu. Eta zuk, zure modura, horri heltzen diozu eta horren bariazio bat egiten duzu. Generoa hor kanpoan dagoen zerbait da, irakurlea eta idazlearen arteko itun bat da, eta horregatik diot generoarena dela zerbait soziala”.

Era honetan argitu nahi izan du liburuaren kontrazalak dakarrena. Kronika da hasieran, eta bukaeran nobela (…), liburuaren atmosfera autobiografikoa da…


150 piezaz osatzen da liburua

Nevadako egunak (Pamiela) egitasmoari ekin zioenean, “nire nahietako bat zen ez genero jakin batetik abiatzea, ezta haren bila joatea ere. Baizik eta beste modu batean antolatzea idazkiak eta testuak. Eta horretan ari nintzela, pentsatu nuen agian liburu hau egin behar nuela Ferdinand Cheval postariak bere palazioarekin egin zuen bezala”, azaldu du Bernardo Atxagak.

XIX. mende amaierako XX. mende hasierako postaria izan zen Ferdinand Cheval. Egun batean estropozu egin zuen harri batekin. Harri berezia zela iruditu zitzaion eta erabaki zuen harri hura izango zela bere palazioaren lehen harria. Handik aurrera, 30 urtez, harriak aukeratzen jarraitu zuen eta eraikuntza bat egiten hasi zen.

“Hark harriak bezala, agian nik ere apunteak, oharrak, egunkari artikuluen pusketak… Horiek denak pilatuz joango nintzela pentsatu nuen, eta harri piloekin egiten den bezala nik ere egingo nuela pieza munto handi bat eta gero hasiko nintzela pieza multzo hura antolatzen”, hala aitortu du gaur Donostiako Koldo Mitxelenan eskaini duen prentsaurrekoan. “250 pieza ziren guztira, baina azkenean 150 dira liburuan jaso ditudanak”.


Modu kronologikoan jasoa

Nevadak berak eragina izan du Atxagaren nobelan. “Bistakoa da edonor leku arrotz batera joaten denean, paisaia du aurrean, jende bat du aurrean, ezezaguna da, ez da bere eguneroko bizitza… Hor halako piztuera bat dago. Egon behar duzu erne, adi, leku arrotz batean zaude eta gehiago entzuten duzu eta gehiago begiratzen duzu. Hori kontzientziarekin egiten duzu baina aldi berean arroztasun horrek zugan ernetzen ditu subkontzientean dauden kontu asko: pertsonak, ideiak, sentimenduak…”.

Pieza horiek denak harri pila baino eraikuntza izan daitezen, “bi ardatz erabili ditut orrialdeek izan dezaten batasun bat”, argitu nahi izan du Asteasuko idazleak. “Lehena, kronologikoa. Abuztuan joan eta ekainean etorri behar genuen. Hor zegoen denbora bat, egutegi bat, eta horrek narrazioaren alde jokatzen zuen. Hori sekulako abantaila iruditu zitzaidan, nola edo hala batuko ziren testu guztiak”.


Trinkotasun handiko liburua

Beste ardatzak, pieza ezberdinetan agertzen diren motiboekin du lotura. “Etengabe azaltzen diren elementuak”, Atxagak zehaztu nahi izan duenez. “Bata da desertua. Desertua hor dago beti, txaston bat bezala, ‘hau desertua da, hau desertua da’ gogora ekarriz”. Alegia, liburuan badirela behin eta berriro agertzen dira elementuak. “Zaldiak, esate baterako. Zaldi basatiak hasiera hasieran daude, baina gero pieza ezberdinetan agertuko dira berriro. Horrek nik uste, trinkotasun handia ematen dio. Liburu hau nire beste nobela batzuk baino trinkoagoa dela esango nuke”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.