Irakurle bezala oreka galarazi zidan

Ádám Bodor-en Artzapezpikuaren bisitak harrapatu gintuen, eta guk itzultzailea harrapatu dugu: Unai Elorriaga. Liluratuta utzi zuen idazle hungariarraren elenberriaren inguruan jardun gara, eta bere eleberrien eraikuntza prozesuaz eta orain egiten ari den lanaz ere galdetu diogu.




Noiz izan zenuen Artzapezpikuaren bisitaren berri?
Ez dut zehatz gogoratzen, baina badira urte batzuk, beharbada Londres kartoizkoa da idazten hasi baino lehentxeago edo hasiberri neukanean, hau da, duela sei-zazpi urte.
Ezagutzen zenuen Ádám Bodor?
Ez nuen ezagutzen, ez, baina iruditzen zait lantzean behin egin behar direla halako dastatze-lanak, gu baino ekialderago bizi izan diren batzuek proposatzen digutenari adi egon behar dugula. Gehienetan kale egiten da, edo hotz, edo asko jota epel, uzten zaituzte irakurketa horiek, baina asmatzen denean ez dauka preziorik.
Idazlearen biografia ezagutzeak eleberria hobeto ulertzen lagundu dizu?
Dudarik gabe. Esango nuke behar-beharrezkoa dela jakitea non eta noiz bizi izan den egilea, zein izan den politikaren aurreko jarrera, esate baterako, eta abar. Irakurle moduan baliteke liburua gozatzea halakoak ezagutu gabe, baina itzultzaile batek, ahal duen neurrian eta daukan denborari erreparatuta, ahalegina egin behar du. Gehiago ere esan daiteke: idazle horrek idatzi dituen obra guztiak (edo ahal direnak bederen) irakurri behar ditu.
15 bat aldiz irakurri omen duzu liburua. Zeren bila?
Sentsazio arraroa uzten du liburuak. Ikaragarri astintzen zaitu, baina ez dakizu zergatik, ez dakizu nondik tiratu duen, zeintzuk diren hariak. Idazle moduan asko interesatzen zitzaidan Bodorren egiteko moduak ezagutzea.
Zerk kitzikatu zuen zure baitako irakurlea? Eta zerk zure baitako idazlea?
Irakurle bezala oreka galarazi zidan. Idazle modura narratzaile eta egituragile abileziak txunditu ninduen.
Ariketa literarioa izan omen da zuretzat liburuaren itzulpena. Zer aurkitu duzu Ádám Bodorren idazkeraren tripetan?
Hamabost aldiz irakurri nuela esan dut, baina esango nuke gehiago ere badirela, eta irakurketa bakoitzean gauza berriak topatzen nizkion. Guztiak ezin izango genituzke hemen azaldu, xehetasunak baitira, sarri askotan inpresio bat lortzeko egileak hartzen duen tonua, hau da, kearen inguruko kea.
Liburua itzultzeko Károly Morvayren laguntza izan duzu. Nor da Károly Morvay eta zertan lagundu dizu?
Károly Morvay hizkuntzalari hungariarra da, poloniar eta hispaniar Filologian lizentziatua eta poloniar Filologian doktorea. Horrezaz gainera, gaztelaniaz eta katalanez ederto egiten du eta euskararen inguruko lan asko egin ditu (hungariera-euskara hiztegia ontzen omen dabil orain). Irakurle zorrotza da eta hitzez hitz alderatu ditu hiru bertsioak (euskarazkoa, gaztelaniazkoa eta hungarierazkoa). Gainera, gizon umoretsua ere bada, tartean-tartean txisteak ere bidaltzen zizkidan testuari egindako oharren artean. Inbidia ematen duen ikerlari horietako bat.
Balizko kontzentrazio-esparru baten deskribapena egiten digu Bodorrek Artzapezpikuaren bisitan. Londres kartoizkoa da eleberrian balizko diktadura bat sortu zenuen zuk.
Antzekotasun horrek erakarri zintuen. Seguruenik, interesatzen zaizkigun gai gehienak gure burmuin barruan daude aspalditik, baina ez diegu batzuetan tarterik ematen leher daitezen. Betidanik eduki dut nik diktadura gogoan, bizimodua, hizkuntza, kultura eta beste hainbat gauza eraldatu digulako, hau da, gure izaera laurdendu duelako. Horregatik idatzi nuen Londres kartoizkoa da eta horregatik sartu zitzaidan, besteak beste, Artzapezpikuaren bisita horren sakon.
Liburuaren egitura, arkitektura harrigarria da. Eraikitzeko ezinezkoa dirudi, irakurtzeko, berriz, erraza.
Ez nuke hobeto esango. Egitura zoragarria dela esan izan dudanean, beldur naiz jendeak ez ote duen pentsatuko: “Buf, egitura esperimentala, absurdua, surrealista… Ezinezkoa izango da ganoraz eta disfrutatuz irakurtzea.” Baina zuk ederto esan duzu, eta hori da Bodorren merituetako bat: idazteko oso konplexua, baina irakurtzeko perfektua, eskutik eramaten zaituena, galtzeko arriskurik ematen ez duena eta, harrigarria badirudi ere, naturala.
Zikina bezain ederra da Artzapezpikuaren bisitan kontatzen zaigun mundua. Zoroa bezain benetakoa.
Horretan ere artista da Ádám Bodor: gauzak zikinegi, ilunegi jartzen direnean, beti sortzen du distira puntu bat ihes egiteko. Eta alderantziz ere bai: gauzak sentsualegi kontatzen dituenean edo umoreari tartea emanez, ez dio irakurleari horretan murgiltzen uzten, berehala sartuko du zabor-meta bat.
Nolakoa da, zure kasuan, eleberri baten eraikuntza? Denbora luzea ematen duzu dokumentatzen eta buruan ideiak argitzen. Nondik hasten zara? Nola jarduten duzu?
Orduak beharko genituzke pauso bakoitzari tarte bat emateko, hain prozesu luzea da. Gainera, liburu bakoitza desberdina da, eta liburua idazten hasi aurretik egin behar da hausnarketa liburu horrek behar duen eraikuntza mota ikusteko. Batzuek dokumentazio asko behar izango dute, baina beste batzuetan oroitzapenek agintzen dute eta dokumentazioak ez dauka zentzurik. Ondoren nobelaren elementuak landu behar dira: egitura hasteko, baina pertsonaiak, tonua, narratzailea eta abar gero. Kontatu nahi dena, nola kontatu nahi den, ze baliabide erabiliko den eta datu zein elementu guztiak prest eduki arte, ez da komeni idazten hastea. Gero ere ez da lana amaitu: buruan dagoena gorpuztu behar baita, hain garbiak ez diruditen hitzekin eraiki, zuzendu, gainbegiratu, ezabatu…
Zertan ari zara orain lanean?
Indarkeriaren inguruko hausnarketa betean nabil; nahastu ditut Ruanda eta Euskal Herria, Errumania eta Armenia, euskal baladak eta tortura-txostenak eta abar… Hori guztia Algortan eta ni baino urte bi nagusiagoa den emakume baten begietatik… Ikusiko dugu zer ematen duen koktel deseroso horrek.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>