Kaiera bete poesia

Munduko Poesia Kaierak bildumaren lehen hiru liburuak eman dira argitara

XX. mende hasierako poeta aleman garrantzitsuenetako bat da Georg Trakl. Kataluniako errealitate poetikoaren ikuspuntu emakumezkoa eskaintzen du Maria Merce Marçalek. Eta negritudearen ikur da Aime Cesaire Martinikako idazlea. Hiru autore horiekin abiatu da Munduko Poesia Kaierak bilduma. Egun seinalatuan, Poesiaren Egunean eman zituzten lehen hiru kaieren xehetasunak. Aurreko ostiralean, martxoak 21, Donostiako Udal liburutegiko sotoan.

Kalean dira Munduko Poesia Kaierak bildumako lehen hiru zenbakiak: Georg Trakl, Maria Merce Marçal eta Aime Cesaire. Anton Garikanok, Itxaro Bordak eta Iñigo Aranbarrik osatu eta itzuli dituzte antologia hauek, hurrenez hurren. Susa argitaletxearen egitasmo honen bitartez, “euskarari ekarriko zaizkio munduko poeten lanak, kaieretan bilduta”. Hautaketa irizpideaz mintzo da ondoko bideoan Beñat Sarasola, bildumaren zuzendaria.


Georg Trakl, arima erratuen poeta

“Georg Traklen poesiaren elementu nabarmenetako bat da izadiaren zabala nola ekartzen duen lerroetara, nola murgiltzen dituen letra artean naturako kolore, landare, bazter gisa guztietakoak”. Anton Garikanok itzuli duen liburuan esaten denez, “ugari dira istant labur baten irudikapen poetiko zehatz, aberats, baina era berean soila, zarata handirik gabea. Aitzitik, irakurleak halako desosegu sentipena jasoko du maiz. Ez da hondamendi alimalekorik deskribatzen, baina sumatzen da sumatu pieza guztiak ez daudela beren lekuetan. Haustura moduko bat ageri da, ni poetikoa eta haren inguruaren arteko haustura modukoa”.

Anton Garikano itzultzailearen esanetan, gizakiak umezurtzak balira bezala irudikatzen ditu Georg Traklek.


“Aktibismo politikoak isla poetikoa du” Maria Merce Marçalen obran

Maria Merce Marçal poeta katalanaren antologia apailatu du Itxaro Bordak. Liburuaren hitzaurrean aipatzen denez, Maria Merce Marçalen “aktibismo politikoak isla poetikoa du, nolabait, bere lanean. Nortasun feminista, lesbiana, abertzale eta marxista baten artikulatze berezi bat ikusten ahal da bere lanean. Identitate aski konplexu eta kontraesankorra, baiki, Kataluniako historiari eta, oro har, Europako historiari erreparatuz gero, ez baitira berez eta errazki uztartzen lau identitate horiek”.

Beñat Sarasola Munduko Poesia Kaierak bildumako zuzendariaren esanetan, Maria Merce Marçalen poemak oso espazio intimoan kokatzen dira.


Aime Cesaire, “negritudearen ikur

Martinikako Aime Cesaire poetaren antologia da argitara eman den hirugarren kaiera. Iñigo Aranbarrik ekarri ditu euskarara “negritudearen ikur” den poetaren poemak. Sorterriratze baten kaierak izenekoa barne. Martinikako beltzen egoera lazgarria salatzen du poema horretan. “Kritiko bezain autokritikoa da, zurien gailentasuna salatzeaz bat madarikatzen du beltzen bezatzea, nola beltzek onartzen duten finean beren egoeraren petrala”, Beñat Sarasolak liburuaren aitzin-solasean dioen legez.

Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan egin zen prentsaurrekoan, Iñigo Aranbarrik honela aurkeztu zuen Aime Cesaire.

 

Lehen liburuak dagoeneko eskuragarri daude. Harpidetza eginez gero, etxean jasoko dituzu hiru liburu hauek eta baita udazken partean plazaratuko dituzten beste hiru poetenak.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.